Frantzia

Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna ez dute berretsi

Hizkuntza gutxituek Frantzian bizi duten egoera kaxkarra agerian geratu da, enegarrenez, urriko azken astean. Batetik, urriaren 24an 5.000 lagun inguru bildu ziren Baionan Deiadar manifestazioan, Euskara hizkuntza ofiziala! Euskal Herri elkargoa! lelopean. Euskal Konfederazioak eta Batera plataformak antolatutako ekitaldi horretan, bi aldarri nagusi egin zituzten: Ipar Euskal Herriak berariazko egitura instituzionala behar duela eta euskarari legezko aitortza eman behat zaiola. Hots, euskarak bizirik jarraituko badu, hizkuntza politika egokia behar du. Egun berean antzeko aldarriak izan ziren, halaber, Frantziako beste zenbait lurraldetan: Bretainian, Okzitanian, Alsazian eta Korsikan. Alta, eskakizun horien aldeko mobilizazioak egin eta hiru egunera, Frantziako Senatuak bertan behera utzi zuen Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren berrespena. Euroituna berresteko lege proposamena izan zuten eztabaidagai Senatuko kideek, horretarako Konstituzioa aldatu behar dutelako. Eskuineko alderdi politikoen ordezkariek, ordea, euren gehiengoa baliatu zuten eztabaida bertan behera uzteko. Horrenbestez, Frantziak ez du Euroituna berretsiko. Hori bai, hizkuntza gutxituak babesteko jarrera erakutsi dute alderdi guztiek. Hala, “eskualdeetako hizkuntzen erabilera” bultzatzeko lege proposamena egiteko asmoa azaldu dute eskuindarrek. Ondorio zehatzik gabeko hitz politak besterik ez ote den izango etorkizunean jakingo da. Bien bitartean, euskarak eta beste hainbat hizkuntza gutxituk baldintza aski petraletan jarraitu beharko dute.