Zinema

hotel'The Shining' filmeko hotela beldurrezko museo izateko bidean da

Stephen Kingen izen bereko eleberrian oinarrituta Stanley Kubrickek The Shining (1980) filma egin zuenetik, leku ezin bereziagoa bihurtu zen Estes Park herriko (Colorado, AEB) Stanley hotela zinemazale askorentzat. Berezia eta ospetsua, bertan errodatu baitzuten beldurrezko film entzutetsua, egun oraindik ere inoizko beldurrezko film onenen artean paratzen dutena. Izan ere, hotela bera (fikzioan Overlook zuen izena) filmaren ezinbesteko elementua da, protagonisten parekoa kasik. Nork ez ditu gogoan hoteleko korridore luzeak eta haietan protagonistetako bati agertzen zitzaizkion ahizpa biki beldurgarriak? Filmaren arrakastaren itzalpean bizi izan da hotela egundaino. Besteak beste, beldurrezko zinema jaialdia egiten dute bertan urtero, eta bisitari ugari jasotzen dituzte filmean agertzen diren instalazioak ikusteko. Orain, aldiz, Stanley Film Center delakoa sortu nahi dute hotelaren jabeek. Hau da, beldurrezko museoa, auditorio bat, erakusketa ibiltariak, grabazioak egiteko azpiegiturak eta ekoizpenerako eremu bat bilduko dituen gunea. Hori guztia martxan jartzeko, dirutza beharko dute: 21 milioi euro inguru. Oraingoz, finantzaketa lortzen dabiltza hotelaren jabeak, eta zenbait aktore ezagunen babesa lortu dute. Jabeen hitzetan, “urteotan hotela babestu izan duten  zaleei euren maitasuna itzul­tzeko aukera izango da egitasmoa”. Dena dela, maitasun eta zinemazaletasun kontuak baino, sos kontuak suma daitezke egitasmoaren atzean. Izan ere, urte osoan bisitari jario etengabea lotzeko bidea izan daiteke proiektua. Dirdira bai, baina ez filmarena, diruarena baizik...