Musikaren munduan banpiro pila bat dago

lenoirJ. B. Lenoir blueslariaren omenez ipinitako ezizenaren atzean Joseba Baleztena (Bera, 1984) musikari ipurterrearen alter egoa dago. Gitarra eta beste zenbait tresna lagun, goitizen horrekin ekin zion 2012an bakarkako ibiliari. Bakarka, Felix Buff bateria jotzailearekin batera eta hirukote moduan ere jardun izan da. Azken hilotan, taldean ari da Joseba B. Lenoir Gang izenarekin. 2013an kaleratu zuen azken diskoa, Tenpesta (Gaztelupeko Hotsak), baina hasia da disko berria prestatzen. Hainbat taldetako partaide ere izan da, eta bada: Sexty Sexers, Sumision City Blues, Willis Drummond, Rafa Berrio musikariarekin...

Bakarlari, bikotean, hirukotean eta taldean. Beti mutazioan?
Bai. Bakarka hasi nintzenetik, taldea izaten nuen gogoan. Ni ez naiz kantautorea. Musikaria naiz, gitarrista, eta kantak egitea gustatzen zait. Bakarrik nintzelako hasi nintzen gauzak bakarka egiten. Baina badago mutatze kontu horretatik pixka bat. Nire proiektu batekin hasten naizenean, aunitz disfrutatu eta hasieratik dena ematen dut, baina eboluzioa egotea gustatzen zait. Gustuko dut proiektu bakoitza bizirik dagoela sentitzea. Hortaz, momentu batetik aurrera aldaketa behar dut.

Bakarlari ibili izan zara, baina beti taldea buruan?

Bai. Ni ez naiz kantautorea, kanta-egilea. Nire ustez, kantugilea izateko, izan behar duzu hagitz ona gitarrarekin, hagitz ona ahotsarekin, kristoren letrak izan behar dituzu... Horretaz gain, gustuko dut oholtzan musikarien artean gertatzen diren elkartruke horiek sentitzea eta ikustea kanta bat nola handitzen den izugarri ondokoarekin jotzen. Zerbaitetan ona izatekotan, horretan naiz: taula gainean lagunekin jotzen. Momentu horiek gustatzen zaizkit.


Zure lan asko instrumentalak izan dira. Abestean karranka egiteko beldurra?
Bai. Hasieran ez nuen abesten batez ere beldurra nuelakoz, eta egun beldur hori nahiko gainditua dut. Egia erran, agertoki batera atera eta abesteak ez dit batere erreparorik ematen. Gero, grabazioak entzuten ditudanean, nire ahotsa ez zait batere gustatzen. Behintzat, lortu dut disfrutatzea. Bestetik, paper zuriari beldurra diot. Bai musikan, bai hitzetan mamia eskaintzen duen musika, zerbait sentiarazten dizuna, gusta­tzen zait. Hitzekin oraindik borrokan jarrai­tzen dut, ez naiz batere eroso sentitzen.
Sekulako taldea osatu duzu. Gustura?
Hagitz gustura. Gainera, nahiko modu inprobisatuan, espontaneoan, gertatu zen. Musikak elkartu gintuen lehendabizi; gerora, elkar ezagutu eta lagunak egin gara. Niretzat luxu itzela izan da. Zera erakutsi dit: nire proiektuak aitzinera eramateko orduan, proiektuaren ingurukoak lagunak izatea nahi dudala. Musikariak, teknikariak... lagun arteko zerbait izan dadila beti. Hori argi dut. Azken finean, musika eta abestiak egiten ditugu, eta hori ez da fabrika batean pieza bat egitea bezalakoa. Bakoitzak jarri behar du bere arimaren zati bat, eta ez baldin badago energia berezia denon artean, ez da gertatzen.

Musikatik bizitzeko hautua egin zenuen. Apustu zaila?

Bai, baina gaur egun, gauzak dauden moduan, zer ez da apustu zaila? Iturgintza enpresa sortuz gero ere, gaitza da. Halere, musikaren munduak badu desabantaila handi bat, kulturalki musikari eta musikariei ez dizkiegulako ematen duten balioa eta garrantzia. Arrunt eztabaida luzea da hau. Betiko kontua: jai herrikoiak-eta egiten direnean kontratatzen dira banatzaileak, soinu teknikariak, agertokiak muntatzen dituztenak... Denak kontratatzen dira, eta beti saiatzen gara musikariei erraten “ez daukagu diru aunitz, ea etortzen zareten dagoenaren truke” eta halakoak. Bai gizartearen aldetik, bai administrazioarenetik, badago aldatu beharreko zerbait. Euskal Herrian, edo Espainiako estatuan, esaterako, ez dago sostengurik musikarientzat, ez dakizu nondik nora jo gauzak ongi egiteko. Adibidez, erretiroa ziurtatu ahal izateko. Hagitz konplikatua da. Frantzian, adibidez, estatuak baditu musikarientzako laguntzak, eta kulturalki nabaritzen da desberdintasun hori. Musikatik kanpo nahiko arazo dugu, eta musikaren munduan ere banpiro pila bat dago. Dirutza mugitzen da, baina denak dabiltza dagoenaren bila eta... Bulegoetako jendea ahalik eta diru gehien irabazi nahian ibiltzen da, eta gero gu saiatzen gara geratzen diren pizarrak biltzen.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Sumision City Blues Gasteizko nire taldearekin entseatzeak. Horrek ez du inoiz huts egiten.
Eta tristatu? Jendea gezurretan edo antzezten ikusteak.
Zerk haserrarazten zaitu? Gauzak gaizki egiteak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Gauzak hagitz gaizki egiteak.
Kontzertuak plazan ala areto ilunetan? Ilunetan, ahalik eta ilunenetan.
Bizio bat: Kafea, txokolatea eta garagardoa.
Musikari bat: Chuck Prophet.
Talde bat: Thin Lizzy.
Kontzertu bat: Neil Young Lisboan.


Eñaut Mitxelena