DaraBilbo ekimena amaitzear da

DaraBilbo ekimena amaitzear da

Ikasturteko lehen hiruhilekoan garaturiko DaraBilbo ekimena hil honetan amaituko da bertso-gosari bat eta hiru bertso-askarirekin, hilaren 11 eta 13 artean. Urria eta abendua bitartean, ekimenean parte hartu duten bilbotarrek aukera ugari izan dute euskara erabiltzeko. Izan ere, AEK-ko dinamizatzaileen gidaritzapean, Bilboko euskaltegi sareak eta Udalak hainbat eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte: trikota, dantza, grabatu eta dastaketa tailerrak, museoetarako bisita gidatuak, Bilbo oinez eta bizikletaz ezagutzeko txangoak... Lagun andanak hartu du parte guztietan, eta laster iritsiko da balorazio orokorragoa egiteko unea. Dena den, euskaltegi sarea dagoeneko prest agertu da esperientzia errepikatzeko eta “arrakasta ikusita, Udalak ere ekimena bultzatzen” jarraituko duelakoan dago.
Bestalde, pasa den hilean jarri zen martxan Lemoako berbalagun egitasmoa, Arratiako AEK eta Lemoako Udalaren eskutik. Dagoeneko ari dira taldeak sortzen, eta abenduaren 3an, Euskararen egunaren harira herrian egingo diren ekimenen baitan, aurkezpena egingo dute Gaztetxean 19:30etik aurrera.