Lasterketa baino gehiago

Urtero-urtero, azaroko lehen igandean, Behobiatik Donostiarako errepidea zeharo itxuraldatzen da. Goiz batez, autoen zirkulazio itogarriak leku egiten die milaka korrikalariren arnasestu eta izerdi tantei, ahalegin eta ilusioei. Behobia-Donostia lasterketak iraun bitartean, korrikalariak dira errepidean nagusi, eta haiekin batera bide bazterretik lasterkariei ezin zenbatuzko animoak ematen dizkieten ikusleak. Horiek ere, milaka. Izan ere, 1979an lasterketaren aro berria hasi zenetik (berez, Behobia-Donostia 1919an egin zen lehenengoz, baina 1979ra arte ez zuen erabateko jarraitutasunik izan), ezinbesteko hitzordu bilakatu da. Eta ez soilik korrikazaleentzat. Kirol ekintzatik harago, herritarren artean sendo sustraituriko fenomeno sozial bilakatu da aspaldion Fortuna Kirol Elkarteak antolaturiko lasterketa. Datuak lekuko: 1979an, mila parte hartzaile eskas izan zituen; aurten, aldiz, 34.000 parte hartzailetan du muga. Ondorioz, Europan egiten diren mota horretako lasterketen artean jendetsuenetarikoa da. Hain juxtu, parte hartzaileek eta ikusleek egiten dute berezi Behobia-Donostia, milaka emozio eta bizipenen batura jendetsu eta, ezin bestela izan, izerditsua. 51. Behobia-Donostia gainean dela (azaroaren 8an egingo da), hain lasterketa berezia nola bizi duten kontatu digute hiru lagunek. Eñaut Mitxelena.

korrikalaria

“Parte hartzaileak herritar arruntak izateak bihurtu du hain berezia Behobia-Donostia”

Behobia-Donostia herri-lasterketako beteranoa da Juan Carlos Diez Peralta (Irun, 1952). Ez nolanahikoa: 1979tik urtero hartu du parte, hutsik egin gabe. Diezez gain, Ander Diez donostiarrak soilik hartu du parte azken 36 ediziotan. Aurten ere irundarra lasterketan izango da.

Korrika egitea ezinbesteko du Diezek. “Bizi-beharra da niretzat, bizi-filosofia”. Betidanik egin izan du kirola: gaztetan, futbolean aritu zen, eta bizikletaz zein mendian ere txikitatik ibili izan da. Behobia-Donostiaren aro modernoari hasiera eman zion 1979ko edizioaren aurretik hasi zen lasterka: “Herri-ekitaldien booma hasi zenean hasi nintzen korrika egiten. Besterik gabe. Hori bai, beti moldatu izan naiz ongi”. Lehenik, Donostiako maratoian hartu zuen parte eta “porru eginda amaitu nuen: belaunean lesioa eta... Baina tira, maratoia burutzeak superheroien kontua zirudien. Hortxe sartu zitzaidan lasterka egiteko pozoia, eta orain arte”. Ordutik, lasterketa ugaritan parte hartu izan du: bertoko eta nazioarteko maratoiak, herri-lasterketak... Orain ere egunero egiten du korrika, etxetik goiz-goizean irtenda.
1979ko ekitalditik egundaino, ez dio sekula kale egin hitzorduari. “Ez da fideltasun kontua, zerbaiten ondorioa baizik: zortea, lesiorik eduki ez izana... Beno, gustuko dut, gainera. Nire ezaugarrietara primeran egokitzen da. Arazorik gabe egiten nuen, lasai, gorputza estutu gabe”. Horren adibide dira urteotan eginiko markak: lau aldiz ibili izan da 1:15en bueltan (1:15:00 du denborarik onena), eta “20 urtetan baino gehiagotan egin izan dut  1:20 azpitik”. Azken urteotan, aldiz, “disfrutatzera, komatxo artean, irteten naiz. Duela hamar urte lesioa izan nuen bizkarrean eta, harrezkero,ez nabil bete-betean. Azkenaldian, lasterketan inoiz parte hartu ez duten lagunekin atera ohi naiz”.
Dagoeneko ahaztua du marka ona lortzeko helburua. “Gizartea lehiakorra da, eta geu ere lehiakorrak gara. Baina kirolari dagokionez, ez nago ados horrekin. Nire ustez, Behobia-Donostian parte hartzeak disfrutatzeko kontua izan behar du. Baina hori egungo ikuspuntutik diot. Bere garaian, neuk ere marka onak egitea nuen helburu”. Hala, irizpide argia du: “Edozein motatako lasterketetan, iristea irabaztea da. Argi eta garbi”.
Markak lortzearren sufritzea baino, lasterketaz gozatzea eta ongi helmugaratzea du lehentasun Diezek. Hortaz, zer nolako aholkuak emango lizkioke hasiberri bati? “Norbanakoaren araberakoa da, fisikoki oso ongi dauden hasiberriak izan daitezkeelako. Baina Behobia-Donostiarako gauza bera esaten dut beti: ez daitezela inoiz irten entrenamenduetan baliaturiko erritmoa baino azkarrago. Lasai hartu, igaro Gaintxurizketako gaina eta, ondoren, indarra izanez gero, eman”.
Eskarmentuaren talaiatik mintzo da Diez. Izan ere, lasterketak izandako aldaketak bertatik bertara bizi izan ditu. Ikusleen gorakada nabarmendu du. “Egun, sinestezina da Behobia-Donostia. Leku guztietan topatzen duzu jendetza. Lehen edizioetan, adibidez, jendea izaten zen, baina toki zehatzetan. Iaz, ibilbide aldaketa tarteko, Errenteria igaro genuen, eta jendez gainezka zegoen. Pasai Antxo ere... ibilbide osoa! Gozamena da. Ibilbide aldaketa arrakastatsua izan da”.
Hain juxtu, jendearen parte hartzeari egozten dio Diezek lasterketaren arrakasta: “Herrikoia izateak bihurtu du hain berezia, parte hartzaileak herritar arruntak izateak. Laguna, bizilaguna, senidea... Horrek jende asko erakartzen du. Maratoi erdiko munduko txapelduna ekar dezakete, baina jendea urlia eta sandia ikustera gerturatuko da. Hori da Behobia-Donostiaren arrakasta: bere populartasuna, herri-izaera”.
Ikusleena ez ezik, parte hartzaileen gorakada ere azpimarratu du. “Bere garaian, nork pentsatuko zuen 20.000 lasterkarik baino gehiagok hartuko zutela parte? 4.000 lagun irteten ginenean, jada ezinezkoa zirudien-eta! Ordurako, ez ginen Behobiako irteeran kabi­tzen. Orain, 20.000 lagun baino gehiago irteten gara, eta oso ongi”. Argi dauka zein izan den horren arrazoi nagusia: “Denborak neurtzeko soinean eramaten dugun txipa. Erabateko iraultza izan da”. Txipa ezarri aurretik, lasterkari bakoitzaren denbora eskuz hartzen zen, eta ilarak sortzen ziren helmugan. “Horregatik diot txipa sekulako aurrerapena izan dela. Orain ez dago inolako arazorik ez helmugan, ezta ibilbidean ere”. Antolatzaileen lana aitortu du, horrenbestez: “Behobia-Donostia bere burua berrasmatzen ari da etengabe. Antolaketa oso ona da, gero eta hobea”.
Azaroaren 8an Behobiako irteeran izango da Diez. Baina, noiz arte? “Ez dago mugarik. Bizitza halakoxea da: une hau da, ez dago biharamunik”. Parte hartu ezingo balu ere, ez du aparteko kezkarik: “Ez litzateke ezer gertatuko. Ikustera joango nintzateke. Nostalgia edukiko nuke? Ziurrenik. Aurten parte hartuko dut, eta datorren urtean? Ikusiko dugu”.

fortunakoa

“Gozatzeko astirik ez dut izaten, baina poza eragiten dit jendea disfrutatzen eta hunkituta ikusteak”

Donostiako Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen du Behobia-Donostia, eta Fortunako kide Iñigo Etxeberria (Donostia, 1974) da lasterketaren koordinatzailea. 2002tik du ardura hori.

Lasterketaren “ikuspegi orokorra” edukita, guztia koordinatzeaz arduratzen da Etxeberria, bai gai garrantzitsuenak, baita xehetasun +++ñimiñoena1 ere. “Lasterketa puzzle baten modukoa da; badirudi urtero berdina izaten dela eta ez dela lan askorik izango, baina azkenean puzzlearen zati guztiak lotu behar dira: harremanak, bilerak, lantalde guztiak koordinatu, dortsalak prestatu, anoa postuak antolatu...”. Etxeberriarekin batera, urte osoan beste bi lagun aritzen dira lanean. “Fortunako langileek ere ardurak hartzen dituzte, eta boluntarioak ere hor dira, baina ez diote urte osoan jarraipenik egiten”. Antolatzaileentzat azken asteak izaten dira nekezenak eta “erabakigarrienak”. Jakina, urteetan pilaturiko eskarmentua dute alde.
Lasterketa antolatzean, “garrantzitsuena garraioa antolatzea da”. Irteerara milaka lagun garraiatu behar izaten dira, eta funtsezkoa da xehetasun guztiak lotuta izatea. Horrez gain, “zaindu beharrekoak lasterketaren baitako guneak dira: irteera, ibilbidea eta helmuga”. Horretarako, ezinbestekoa da lasterkarien fluxua ongi zaintzea, iraunkorra izan dadin, gora-behera handirik gabea. “Lan handia egin dugu horretan” dio, duela zenbait urtetik ingeniari baten laguntza izan dutela gaineratuta: “Behobiaren hazkuntza landu zuen. Garai hartan, 12.000-13.000 parte hartzaile izaten genituen, eta 20.000 parte hartzaile edukitzeko zer egin behar zen aztertu zuen”. Finean, “kontzeptu arrazionalak, objektiboak, erabilita” lortu dute azken urteotako hazkundeari ekin eta bermez erantzutea. “Lortu zen gako hori: irteera modu mailakatuan egiten bada, ibilbidean zehar ere fluxu hori kontrolatu egiten da, eta, batez ere, helmugan”. Hala lortu dute pilaketarik ez gertatzea, eta zerbitzuak arazo handirik gabe ematea.
Behobia-Donostiaren arrakastaren zergatiak aztertuta, hainbat arrazoi aipatu ditu Etxeberriak. “Lehenik, ibilbide polita eduki­tzea. Zeharkaldia beti izaten da ibilbide zirkularra baino politagoa. Ondoren, nolabaiteko erronka izatea: ez da maratoia, baina desafioa da”. Jakina, ezin ikusleak aipatu gabe utzi: “Hemengo ezaugarri bat da. Jendea errepide bazterrera ateratzen da eta sekulako giroa ematen dio lasterketari. Gainera, lehenengoa eta azkenekoa berdin-berdin animatzen ditu. Horrek, azkenean, korrikalaria protagonista bihurtzen du, eta eskertzen da. Jendearekin harreman polita sortzen da, eta oso giro baikorra izaten da”. Azken batean, “sozialki beste festa egun bat” da.
Horri lotuta, Fortuna elkartearen “ukitua” aipatu du. “Oinarrizko kirola zabaltzea da Fortunaren helburua. Ez ditugu txapeldunak sortu nahi, baizik eta kirolaren oinarriak zabaldu, eta kirola egin nahi duen jendea hartu, inor baztertu gabe”. Horrenbestez, “beti izan diogu begirunea parte hartzaileari, eta saiatu gara ahalik eta zerbitzu onena ematen, dirua eliteko kirolariekin gastatu gabe”. Horregatik, “kritikak jaso izan ditugu atletismoko puristen aldetik. Ez dugula atletismoa bultzatzen eta… Ez, goi mailakoa ez. Baina urteek arrazoia eman digute”.
Bestelako kritikarik ere jaso izan dute, izen-ematea garestia dela eta. “Batzuek ez dute gustuko klub batek diru hori lortzea, baina lortzen den diru guztia kirolerako da, ez dugu irabazi asmorik”. Etxeberriaren aburuz, “jendeak ez du balioesten zer esfortzu eskatzen duen horrelako gauzak antolatzeak. Europan inork ez ditu halakoak zalantzan ipintzen, prezioak askoz garestiagoak izan arren”.
Behobia-Donostiaren kasuan, Fortunaren jardunari eusteko dirua irabazten dutela esan du Etxeberriak, “bestela ez ginateke sartuko honetan. Egiturari eusteko balio dio klubari, hamaika kirol sail edukitzeko eta hazten jarraitzeko. Gure filosofia inola ere baztertu gabe”. Lasterketa egunean laguntzen duten elkarteei (iaz, 1.600 boluntario inguru izan ziren) ere dirua banatzen zaie.
Boluntarioen antzera, azaroaren 8a lanean igaroko du Etxeberriak. Lasterketa egunean Fortunaren egoitzan egon ohi da, bertan paratzen dutelako koordinazio bulegoa. “Goizeko seietatik arratsaldeko laurak arte egoten gara, edozein ezustekori erantzuteko”. Horrenbestez, “korrikalariak telebistaz ikusten ditut. Goza­tzeko astirik ez dut izaten, baina poza eragiten dit jendea disfrutatzen eta hunkituta ikusteak”. Hain juxtu, “horixe da nahi duguna: jendeak parte hartzea, baina gozatzeko helburu horrekin, ongi pasatzeko”. Antolatzaile lanetan hasi aurretik, Etxeberriak pare bat aldiz hartu zuen parte lasterketan, “eta orain, ahalko banu, berdin egingo nuke. Baina ezin dut. Barneratuta daukat: antolatzaileak antolatzen ibili behar du!”.

hernanikoa

“Giroagatik eta antolakuntzagatik du gustuko jendeak lasterketa”

Esku bizikletaz edo gurpil aulki egokituaz aritzen da Ion Galarraga (Bidania-Goiatz, 1985), eta aurten laugarrenez irtengo da Behobia-Donostian, “txikitatik” parte hartu nahi izan duen lasterketan. Parte hartzeaz harago, ordea, baditu helburu zehatzagoak.

“Kirol bat probatzen dudanean, ahalik eta ondoen egin nahi izaten dut, ez soilik parte hartzeagatik. Halakoa naiz”. Lehiakorra da Galarraga, eta begiz jota du Behobia-Donostia. Iaz, 45:29ko marka egin zuen, eta 5.a izan zen helmugan. “Lesio bat eduki nuenez, ezin izan nuen asko entrenatu. Egindako prestakuntza kontuan hartuta, oso denbora ona egin nuen, oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin”. Urteon, ongi entrenatuta, “normalena litzateke marka hobetzea”. Postua buruan du, halaber: “Urteren batean podiumera igotzea da nire ametsa”. Aurten saiatuko da, baina zaila izango dela aitortu du: “Frantsesak oso ongi ibiltzen dira, eta aurten Jöel Jeannot etorriko da, munduko txapelduna izandakoa, hain zuzen. Ziurrenik hark irabaziko du”. Galarragaren esanetan, bertokoekin alderatuta, atzerritarrek maila handia dute. Dena dela,  “arrotzek ez dute ibilbidea ezagutzen eta, hemengoa izanik, horri etekina ateratzen saiatu behar dut”.
Iaz zertxobait aldatu zuten ibilbidea eta, Galarragaren ustez, mesede egin zion. Ongi ei datorkio: “Pisu gutxi daukat, eta maldan gora ongi moldatzen naiz. Aldapan behera eta ordekan ez, hor beti izorratzen naute”. Baina gustuko du bidea eta saiatuko da lasterketan estrategia egokiez baliatzen.
 Lasterketak betidanik erakarri du Galarraga. Gaztetan, korrika jarduten zuen, “nahiko ongi”. Hamasei urterekin istripua izan eta gurpil aulkian dabil ordutik. Atletismoarekiko zaletasunari eutsi zion, gurpil aulkiarekin lehenik. “Aulkian izaten dugun jarreragatik lesio bat izan nuenez, esku bizikleta proba­tzea erabaki nuen. Bizikletok neurrira egiten dituzte; hasieran, nire neurrira egokitzen ez zen bat probatu nuen. Nik uste dut horregatik ez zi­tzaidala gustatu lehen aldi hartan. Gero, arriskatzea erabaki eta neurrira egindako bizikleta bat erosi nuen”. Arriskatu aditza erabili du, bizikletok ez baitira merkeak: “Arruntenak 3.000 eurotik gora balio du”.
Bizikleta erosi zuenetik lasterketa askotan hartzen du parte. Behobia-Donostia denboraldi amaieran jokatzen den arren, ongi prestatu ohi du. Astean sei egunetan irten ohi da entrenatzera Tolosaldeko errepideetan. “Badakit arriskutsua dela, baina agian bidegorria arriskutsuagoa da, jende asko ibiltzen delako”.  Eguraldia lagun ez duenean, edota goizago iluntzen hasten denean, etxean aritzen da, arrabolean.
Galarragaren aburuz, lasterketa berezia da Behobia-Donostia. “Ibilbidean sufritu egiten da, baina helmugara iritsitakoan berehala ahazten dira sufrimenduak”. Izan ere, ikusleen babesa oso handia da. “Ibilbidearen erdialdetik aurrera, alegia, Gaintxurizketako gainetik aurrera, jende asko egoten da. Korrika irteten direnekin alderatuta, jende gutxiago egon ohi da guri begira. Orduagatik da, lehenago irteten garelako. Baina normala da, bestela ezingo genuke-eta atera”. Lehenago irtenagatik ere, ederki sumatzen dute jendearen berotasuna. “Horrexegatik gustatzen zaio jendeari: giroagatik eta antolakuntzagatik”. Kemen elkartea, Galarragaren elkarte eta kluba, arduratu ohi da elbarrituen kategoriaz, “eta oso-oso ongi antolatzen dute. Erraztasun guztiak ematen dizkigute: irteerara autobusez eramaten gaituzte, helmugara gurpildun aulkiak eramaten dizkigute... Inon ez zait egokitu halako antolakuntza ona”.
Euren kirol modalitatea ezagutarazteko abagune egokitzat du lasterketa Galarragak. “Guretzat ona da hemen inguruko jendea animatzea. Zenbat eta jende gehiago ibili, orduan eta hobeto. Nahiz eta ez lehiatu, osasunerako ona delako”. Hala, esku bizikleta probatzeko deia egin du: “Probatu nahi duenak, jo dezala Kemenera. Baditugu probatzeko zenbait esku bizikleta, eta informazioa ere eskainiko zaie”.
Azken urteotako joerarekin, bederen, pozik da. Duela lau urtetik hona, “Behobia-Donostian gure kategorian gero eta jende gehiagok parte hartzen duela sumatu dut. Gainera, esku bizikleta atletismoko aulkiak baino eramangarriagoa denez, jendea modalitatea aldatzen ari da”. Halere, urrun dira atzerriko probetako parte hartze kopuruak. Esaterako, datorren urtean Berlingo maratoian parte hartu nahi du, eta hango kasua aipatu du: “Hemen, 20 edo 25 lagun ateratzen gara; han, berriz, 150 inguru. Ongi dago halakoak ezagutzea eta halako jende pilarekin lehiatzea”. Oraingoz, baina, azaroaren 8ko hitzordua du jomuga: “Zaila izango da podiumera igotzea; ez dakit igoko naizen, baina saiatu, behintzat, saiatuko naiz”.