Euskalerria Irratiari emititzeko lizentzia eman diote. Nola hartu duzu albistea?

ikamika

Urte luzez lanean eta borrokan aritu ostean, eta hamaika bidegabekeria jasan ondoren, emititzeko lizentzia jaso zuen Euskalerria Irratiak iragan abuztuan. Hots, irratia emititzen hasi zenetik, 1987ko azarotik, 27 urtera. Bidean geratu dira Nafarroako Gobernuaren zangotrabak eta etengabeko oztopo horiei aurre egin beharra. Urteotan, modu alegalean aritu izan da Euskalerria Irratia, eta entzule, kolaboratzaile eta babesleen laguntzari esker eutsi dio eguneroko jardunari, Iruñerriko euskal hiztunek irratia euskaraz entzun dezaten. Hedabideek euskararen normalizazioan duten garrantzia kontuan hartuta, tresna garrantzitsua da irratia Iruñerriko euskal hiztunen komunitatearentzat, euskaraz bizi ahal izateko oinarrizko habeetako bat. Nola hartu duzu albistea? Iruñeko Iruñezar euskaltegiko B2 mailako ikasleak

1. Julio

Oso pozik, urte askoan injustizia handia egin da. Beste irrati batzuekin alderatuta, interes ilunekin jokatu dute Euskalerria Irratiarekin. Oraindik osatu gabe zegoen Unibertsitateko irratiari, kasu, askoz erraztasun gehiago ematen zizkioten. Egunero entzuten dut kotxean.  

2. Ruben

Burutik pasa zaidan lehendabiziko gauza zera izan da: “Bazen garaia!”. Edozein gizartetan, komunikabideak fun­tsezkoak dira hizkuntzei bizirik eusteko. Hortaz, albiste inportantea izan da. Gutxitan adi­tzen dut, baina noizbehinka bai, gustura gainera!

3. Ainara

Oso ongi. Hemen, euskaldunak estres linguistikoa sufritzen du, eta guretzat irrati hau babes-txokoa da, euskara normaltasun handiz eta arazorik gabe jasotzeko. Duela urtebete hasi nintzen entzuten, irakasleak hala gomendatuta, eta gero eta gehiago ulertzen dut.

4. Dabid

Oso berri ona da. Hedabideak ezinbestekoak dira euskara normalizatzeko. Guretzat, gainera, oso praktikoa da Euskalerria Irratia euskara ikasteko, kotxean gauden bitartean edo beste gauza bat egiten ari garenean. Ba­tzuetan entzuten dut.

5. Tania

Albiste ona izan da, dudarik gabe. Azken batean, ez dugu ahaztu behar komunikabide bat dela, eta nik ezin nuen ulertu nola zentsuratu nahi zuten irrati oso bat. Dena den, nik ez dut entzuten.

6. Iñaki

Berri pozgarria izan da. Euskaldunok uneoro izan behar dugu euskaraz egiteko aukera, eta Euskalerria Irratiak oso ekarpen interesgarria egiten du. Ez dut entzuten, euskarazko beste irrati batzuk entzuteko ohitura dudalako. Gainera, ez naiz Iruñean bertan bizi.    

7. Rakel

Albiste ona izan da, batez ere ikasleontzat, ikasteko eta euskara praktikatzeko aukera paregabea delako. Gainerako euskaldunentzat ere bai, euskara aditzea eta horretan ohi­tzea garrantzitsua baita. Oraindik ez dut entzuten, baina laster emanen dut pauso hori.