Ahopeko Kontzertuak, musika ahopean

ahopeko

Erosiko zenuke kontzertu baterako sarrera nork joko duen jakin gabe? Eta sarrerak 7€ baino balio ez badu? Eta jakinaren gainean bazaude oso jende gutxi joango dela eta kontzertuaren ostean musikariekin egoteko aukera izango duzula? M. Egimendi. Argazkiak: Ibai Armentia.

 

Ezaugarri horiek ditu Ahopeko Kontzertuak egitasmoak: gehienez ere 30 lagun kontzertuan, Bilboko leku lasai batean, 7 euroren truke. Hori bai, ikusleak kontzertuaren hasieran jakingo du, ez lehenago, nork joko duen. Sekretua eta ustekabea musikara eramanda.
Ekimenaren sortzaileak Jon Urrutia (Pierrot musikaria) eta Alberto De la Hoz kultur sustatzailea dira. Ahopeko Kontzertuak sortu zuten ikusten zutelako askotan jendea ez dela musika entzutera joaten kontzertuetara, “baizik eta ekitaldi sozial batera-edo, lagunekin garagardo batzuk hartzera”. Formatu honekin nahi dute jendeak musika entzutea, musikari eta musikariei balioa ematea.
Martxoan abiatu zuten proiektua. Hilean bi kontzertu antolatu eta sare sozialen bidez iragarrita, laster hartu zuten abiada. Etenaldia egin zuten udan, baina bigarren denboraldiko lehen kontzerturako (Joseba Irazoki, urriaren hasieran Bobysuh diseinu grafiko eta publizitate agentziaren egoitzako terrazan) sarrerak ordubetean agortu ziren. Jendea zain, musika gose, zuten seinale.
Musikariak eta lokalak lotzen
Hasieran, egitasmoa ezezaguna zenean, bilatu egiten zituzten musikariak. Orain, proiektua ezaguna bihurtu ahala, musikariek euren burua eskaintzen dute. “Proposamen egokia” bada, gustukoa badute eta euren formatuarekin bat egin badezake, aurrera. Edozein musika estilo onartzen dute, “nahiko irekiak” baitira. Halere, kontzertuen ezaugarriengatik, “zailagoa da, adibidez, heavy metal banda bat sar­tzea, baina izan ditugu formatua pixka bat aldatu duten talde biziagoak ere, bertsio akustikoak eskaintzen”. Orain arte, beraz, denetariko taldeak izan dituzte, baita euskaldunak ere: Joseba B. Lenoir, Napoka Iria eta Joseba Irazoki, kasu. Eta bide beretik jarraitzeko asmoa dute.
Lokalekin ere antzeko zerbait gertatu zaie. Hasiera batean, eurek bilatzen zituzten, baina orain, sare sozialetan egindako deialdien ondorioz, proposamenak jaso ere egiten dituzte: “Ekimena ez genuen asmo horrekin sortu, baina denda txiki batzuentzat lagungarria ere bada proiektu honetan parte hartzea, komertzioa ezagutzera emateko. Harreman horretan ez dago diru trukerik, denok lortzen baitugu onuraren bat: dendak lekua uzten du eta guk sare sozialetan zabaltzen dugu”. Norbanakoen etxeetan ere egin izan dituzte kontzertuak, baita ortu batean ere. Lekuak, soinu aldetik, ez du aparteko baldintzarik behar, gehienetan kon­tzertu akustikoak edo ia akustikoak izaten direlako: “Jendea lasai etortzen da, musika entzun, garagardo bat edo beste hartu, diskoa erosi... nahiko familiartekoa izaten da”. Kontzertua amaituta, musikaria solasean geratzen da entzuleekin.
Guztia bukatzen denean, afaria egiten dute anfitrioiekin eta musikariekin: “Dirutan ezin dugu erabat konpentsatu guztiek egiten duten ahalegina, baina denek eskertzen dute tratu ona”.  Malabarismoak egin behar izaten dituzte diru kontuetarako (sarreretatik eta garagardoen partidatik ateratakoarekin ordaintzen zaie musikariei), baina orain arte lortu dute orekari eustea. “Geu ere musikariak gara eta, paradoxa badirudi ere, geuri ematen ez digutena ematen saiatzen gara. Agian ez dirutan, justuak izan nahi dugun arren, baina bai tratu onean, gustura egoteko moduko zerbait antolatzen”.
Ahopeko deialdia
Edonor izan daiteke anfitrioi edo entzule, ahopekokontzertuak.wordpress.com webgunean agertzen denez. Nahikoa da izena ematea. Kontzertu bat antolatzen dutenean, mezua bidaltzen diete posta elektronikoz zerrendan dituzten lagunei eguna, ordua eta gutxi gorabeherako lekuaren berri emateko. Hurrengo egunean, Facebooken argitaratzen dute. Kontzertura joan nahi duenak sarrera ordaintzen du (7 € ), nork joko duen jakin gabe; hor dago misterioa. Kupo mugatua egonik, azkarrenek lortzen dute sarrera: “Behin kontzertua iragarrita, sarrera erosteko epea ireki eta 30 saldutakoan ixten da”.  Sarrera lortu duenak bezperan ezagutzen du leku zehatza, antolatzaileen e-postaren bidez, eta kontzertua hastera doan unean jakiten du noren emanaldira joan den. Horretan da­tza xarma: “Baliteke norbaiti ez gustatzea kon­tzertua eskainiko duen musikaria, baina orain arte nahiko esperientzia positiboak izan ditugu, jendea oso musikazalea baita. Musika en­tzutera etortzen da, eta arriskatzea ere gusta­tzen zaio”. Publikoa, oro har, gustura geldi­tzen omen da, eta hori sare sozialetan islatzen da: “Ahoz ahokoaren ondorioz, gero eta jarraitzaile gehiago ditugu, ia hirurehun. Beldur pixka bat ere ematen du batzuetan”. Hastapenetan, ez zuten espero horrenbeste handitzea, baina muga horrekin jarraitu nahi dute.
Jarraitzaileen zerrendan “denetarik” ei dute, baina batez ere 25 eta 45 urte bitarteko musikazaleak, emakume gehiago gizonezkoak baino. Dagoeneko jendea elkar ezagutzen ere hasia da, batzuk hainbat kontzertutan elkartu izan direlako. Hortaz, musika gustura entzuteko aukeraz gain, lagunak egiteko era ere bihurtu da Ahopeko Kontzertuak.