Euskaraz jarduteko motibazioen bila

praktikatu

AEKren Praktikatu zerbitzuak antolatu du Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi jardunaldiaren II. edizioa. Bilbon izango da hil honen 13an, euskara ikasi, praktikatu eta mintzatzeko motibazioan eragiten duten faktoreak eta motibazio positiboa lantzeko estrategiak aztertzeko asmoz. Gehiago jakiteko,  www.praktikatu.eus. M. Egimendi.

Euskararen normalizazioa lortzeko motibazioan eragitea beharrezkoa dela esan ohi da. Ikasteko motibazioaz ari garela pentsa daiteke askotan, argi baitago hiztun berriak irabaztea dela erabileraren erronkarik garrantzitsuena. Halaxe da, baina ez da bakarra, motibazioa ikasketa prozesu osoan, eta bizitza osoan, landu beharreko faktorea baita.
Jardunaldian parte hartuko dute, batez ere, dinamizatzaileek, euskara teknikariek, euskara elkarteetako kideek, euskaltegietako irakasleek... Eguneroko lanean jorratu behar duten diskurtsoan lagungarriak izango dituzten estrategiei erreparatuko diete, hiru hizlari bikainen laguntzaz: Lorea Agirre, Karmelo Ayesta eta Lutxo Egia. Jardunaldira iritsi aurretik, baina, AIZU!k galdera pare bana egin dio hizlarietako bakoitzari, haien berbaldiaren nondik norakoak zuen eskura jartzeko. Informazio gehiago: Jardunaldiaren blogean

loreaLorea Agirre Dorronsoro
Jakin aldizkariaren zuzendaria da egun. Informazio Zientzietan lizentziatua, Antropologian doktore-gai da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hizkuntza, kultura eta komunitatearen arteko loturak dira bere ikergai nagusia. Argia, Euskaldunon Egunkaria eta Berria-n aritu izan da kazetari. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean irakasle izan zen. 19. Korrikan lekuko barruan joan zen mezu arrakastatsuaren (Bagara nor) egilea ere bada.

1) “Ez gara menpeko perpausa” idatzi zenuen 19. Korrikaren mezuan. Menpeko perpaus garelako sentimendua sarri nabaritu duzu euskaldunon artean?
Euskara bigarren mailako hizkuntza dela eguneroko bizipena dugu euskaldunok, baita eremu euskaldunenetan eta euskaldunon artean ere. Pixka bat arakatu eta erraz azaleratzen da, geure baitatik ere bai, hizkuntza eta kultura hegemoniko eta boteredunek euskararen gainean eraikitako gezurra sinesten dugula. Horregatik behar dugu ahaldundu, botereaz jabetu, plaza hartu.

2) Ekiteko bultzada, euskarak baino, euskaldunok behar dugu?
Bai, euskaldunok, jakina; hizkuntza hiztunik gabe ez da. Baina, aldi berean, hizkuntza hiztunak dira. Alegia, euskara gu gara. Euskara joango da, aurrera egingo du eta bizitzeko beharrezko eremu berriak bereganatuko ditu guk eramaten badugu, bestela ez da joango. Hizkuntzak aurrera egin ahala, guk ere aurrera egingo dugu hiztun pertsona eta herri gisa.

ayestaKarmelo Ayesta Sagarduy
Ingeniaria izatez, automobilgintzan egin du lan Euskal Herrian zein atzerrian. Gaur egun, enpresa aholkularia da. Asmoz Fundazioaren Hiznet eta Linguanet hizkuntza plangintzako graduondoko ikasketak egin ondoren, HUHEZIren Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan (EKT 3) hartu zuen parte. Azken ikastaro hori abiapuntu idatzi zuen Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia (Utriusque Vasconiae, 2014) saiakera liburua.

1) Euskara bultzatzeko hiru balio proposatzen dituzu liburuan: integritatea, asertibitatea eta erantzukizuna. Azaldu zer diren.
Esaten duguna praktikatzean eta betetzean datza integritatea. Euskaldunon kasuan, integritatea eta euskara lotuta daude. Euskaldunak garela esan, baina euskara erabili ezean, esandakoa eta eginikoa ez dira bat etorriko. Euskaraz egiten badugu, ostera, integritatea erakutsiko dugu, eta besteek errazago imitatuko dute gure hizkuntz portaera.
Asertiboak gara geure asmoak, nahiak, balioak eta premiak balioetsi eta bizitzako ekin­tzetan adierazten ditugunean, hots, euskaraz bizi nahi dugunok euskara erabiltzen dugunean. Asertibitatearen aurkakoa da, euskaraz bizi nahi arren, erdara erabiltzea. Euskararen erabilera indartzeko, asertibitatea eta autoestimua tonaka behar ditugu euskaldunok.
Zerbait aldatu nahi dugunean, geuk hartu behar dugu erantzukizuna. Euskararen erabilera zabaldu nahi badugu, barneratu egin behar dugu geuk hautatzen dugula euskaraz edo gaztelaniaz egin. Geurea da hautua; geurea erantzukizuna. Orduan eta soilik orduan areagotuko da euskararen erabilera.

2) Euskararen gaineko aurreiritziei buruz ere hausnartu duzu: aipatu iraungita8 dauden edo gezurra diren pare bat.

1.- “Gaztelaniak batu egiten du eta euskarak, ostera, banatu”. Hizkuntza biek, beste hizkuntza guztiek bezalaxe, batu eta banatu egiten dute: batu euren hiztun taldea eta talde hori besteetatik banatu.

2.- “Euskaraz egiten ez dutenen aurrean, erdaraz egin behar dugu beti, ongi heziak eta adeitsuak izango bagara”. Norberaren hizkuntza utzi eta beti bestearena erabiltzea ez da, gehienetan, adeitasun seinale, menderatua egotearena baino. Enpatiaz hartu behar da erdal hiztuna, baina euskal hiztunak ere enpatia hori bera merezi du. Gainera, jokabide horrekin ukatu egiten diogu erdal hiztunari euskal hiztunen komunitatean sartzea; atea zabaldu beharrean, euskara ikasteko eta euskararen munduan sartzeko, muturrean ixten diogu.

lutxoLutxo Egia del Rio
Soziologian eta Zientzia Politikoetan lizentziatua, idazlea eta gidoilaria da, baita Ahotsenea sortzaileen gunearen koordinatzailea eta Euskal PEN klubeko batzordekidea ere. AEK-ko irakaslea izan zen, eta Euskal Txokoa euskara taldean parte hartzen du. 2015eko ekainean, Transitoak performancea egin zuen, hilabete emanda Bilbon euskara hutsean (eta, behar izanez gero, ingelesez) bizitzen. 

1)  Performacearen amaieran: “Jarrerak behar luke izan euskara ematekoa, eta gero, beharrezkoa denean, lagundu erdarekin, baina beti euskara emanez”. Alegia, lehenengo hitza beti euskaraz?
Euskaraz izaten da normalean gure lehen hitza. Erdalduna ohituta dago, eta erdaraz espero izaten du bigarrena. Horraino, guztia gertatzen da normalitatearen baitan. Gakoa dago bigarren hori ere euskaraz ematean harreman mota jakin batzuetan. Hori da interesantea. Solaskideak ez badu ezer ulertzen, erdaraz lagun diezaiokegu, baina beti ere euskaratik abiaturik.

2) Jarrera horrek, aurpegi txarrak baino, ustekabe atsegin gehiago ekartzen du?
Euskaraz baino ez egiteak harritu egiten du kasu guztietan. Araua urratzen du. Performancean, baina, harrera hobeak topatu nituen txarrak baino. Hori gerta daiteke batez ere ikustarazten badugu (hitzez adierazi gabe) gure jarrera ez dela uko batetik sortzen, alegia, erdaldunek bezain natural dihardugula (nahi dugula).