Garraitz irlako ondare historikoa berreskuratze bidean

 

 

 

garraitz

Lekeitioko (Bizkaia) arrantzaleen joan etorrien testigu isila izan da ehunka urtetan Garraitz. Arrainez betetako ontzien porturako bidea ikuskatzen egon da urteak joan eta urteak etorri, Lekeitioko badiako zaintzaile. Hainbat zereginetarako apropos-aproposa zela konturatuta, irlari probetxua atera izan zaio historiako hainbat unetan. Gutxien-gutxienik duela bost mendetatik, gizakiak esku-hartzea izan du Garraitzen eta, besteak beste, gotorleku militarra, frantziskotarren komentua edota izurriteetan gaixoak babesteko eraikina egon dira bertan. Txomin L. Aramaio.

Denbora askoan, baina, inor ez da arduratu irlako ondare historikoaz eta, pixkanaka-pixkanaka, sasi artean ezkutatuz eta herritarren memoriatik ezabatuz joan da. Hori ez gertatzeko, Lekeitioko Atabaka elkarteak Garraitz 25 egitasmoa ipini zuen martxan uda hasieran. Asmoa da irlaren ondare historikoa eta paisajistikoa berreskuratzea eta zabaltzea, alegia, garbitzea, aztertzea, egonkortzea eta jakitera ematea. Egitasmoaren izena, aipatu bezala, Garraitz 25 da, 2025ean Lekeitiok 700 urte beteko dituelako, eta ordurako  egonkortuta eta ondo antolatuta utzi nahi dute irla.
Ondare historikoaren babesa xede jaio zen duela hiru urte Atabaka elkartea. “Arduratuta nenbilen ondare historikoaren inguruan erakundeek duten jarrerarekin. Duela urte gutxi, esate baterako, Lekeitioko Santa Katalina itsasargia eta inguruak egokitzen ibili zirenean, bertan zegoen XVIII. mendeko gotorlekua apurtu zuten ezelako ardura gabe. Haserretuta nenbilen batetik bestera kexaka, eta, nire antzera, beste herritar ba­tzuek ere kezka bera zeukaten” gogoratu du Atabaka elkarteko idazkari Guillermo Ruiz de Erentxunek. “Horrelakorik berriro ez gertatzeko, eta gure ondare historikoa babesteko ideiarekin, elkartea sortzea erabaki genuen zaletasun bertsua genuen hainbat lagunek”.
Aztarnak eta irla bera garbitzeko eta ikusgai ipintzeko, hiru auzolan antolatu zituzten udan, eta azaroan laugarrena egitekotan dira. Orain artekoetan, 90 lagunen bueltan batu izan dira. “Adin eta kolore guztietako herritarrak hurbildu dira eta horrekin poz-pozik gaude. Eguneroko desadostasunak alde batera utzi eta elkarrekin egin dugu lan”. Lehenengo auzolanean, 26 lagun elkartu ziren; bigarrenean, 30; eta hirugarrenean, 35. “Ondare historikoa babesteko beste modu bat ipini dugu praktikan. Gure taldeak herritarrak mugiarazi eta aditu baten laguntzarekin ekin diogu zereginari”.
Izan ere, Aranzadiko Alfredo Moraza etno­grafo-arkeologoak zuzendu ditu lan guztiak. Aztarnok bistaratu eta gero, egonkortu egin behar dira. Informazio guztia bildu, idatzi eta ikertu. Tartean profesionalak egotea ezinbestekoa da Ruiz de Erentxunen iritziz. "Ondare historikoa babesteko beste era batera egin behar da lan, eta horretan gabiltza. Ezin da soilik erakundeen esku utzi gure ondarearen babesa. Ez dira-eta ailega­tzen,  edo ez dute ailegatu nahi. Gurearen moduko elkarteek hartu behar dute timoia halako kasuetan, eta boluntarioen laguntzarekin ondarearen babesa herrikoi bihurtu”. Aranzadik berak ere antzerako eredua erabiltzen du bere proiektu batzuetan: Amaiurko gazteluarenean, kasu. “Profesionalek ez daukate nahikoa baliabide lan guztia bakar-bakarrik egiteko, eta Atabako bezalako elkarteen parte hartzea garrantzitsua da. Zer esanik ez auzolanetara lanera etortzen den jende guztiarena”. Lanok posible egiteko, elkartea erabiltzen dute erakundeetara joan eta babes ekonomikoa lortzeko. “Eredu esportagarria da beste edozein herritako ondarearen babeserako”.
Auzolanetan eginiko ahalegin eta esfortzuek fruituak eman dituzte: XVI. mendeko ermita edo baseliza ematen duen eraikin baten hormak eta XVII. mendeko frantziskotarren komentuaren aztarnak arazo barik ikusten dira orain. Eraikin militarrei dagokienez, “orain ikus daitezkeen aztarnak II. Karlistadakoak dira, baina historiako hainbat momentutan izan du erabilera militarra irlak: Espainiaren eta Kubaren arteko gerran, bi Karlistadetan, ingelesen eta frantsesen artekoan... XVI. mendetik aurrera, hainbat gotorleku ezarri izan dira bertan. 1813. urtean, esate baterako, Wellingtonen tropa ingelesak sartu ziren frantsesak botatzeko, eta kanoiak uretara jaurti zituzten”.
Garraitz irlaren tontorrean dabiltza orain beharrean Atabakoak, eremua garbi­tzen ari dira. Aurrerago, arkeologoak ekarri eta kanpamendua muntatu nahi dute. Izan ere, orain artean metro eta erdiko harresia, bolborategia eta osteak lo egiten zuen lekua bistaratu dituzte.
Irlaren muturrean, halaber, bateria militarra eta kanoi-zuloak aurkitu dituzte; egoera nahiko onean, gainera, harlanduak ondo mantenduta.
Ondare historikoa egonkortzeaz gain, irlako paisaiari ere lagundu nahi dio Atabaka elkarteak. Jatorriz, Mediterraneoko landareen leku da Garraitz, artadia eta artadi azpikoa, baina orain dela 100 urte pasatxo landatutako itsas pinuak ere badaude. “Ehun urte baino gehiago daukate, baina azkenaldian makal dabiltza. Ziklo natural baten amaieran egon daitezke”. Kontuan hartu behar da leku berezian daudela: lur gutxiko eremua, itsasoaren zuzeneko eragina... Euskal Herrira ekarritako lehenengo pinuak dira, eta horrek balio etnografiko handia dauka. “Irlako berezko landareari lagundu nahi diogu, baita bizirik dauden pinuei ere”. Proiektu bat edo beste badute buruan.
Atabakako kideek borondatez egiten dute lan, eta bakoitzak bere aisialdi tartea baliatzen du Garraitz 25 egitasmoak aurrera jarrai dezan. Oraingoz, Lekeitioko Udaletik eta Bizkaiko Foru Aldunditik lortu izan dute diru-laguntza, baina hasiak dira bestelako erakundeetara ere jotzen.
Orain arteko lanak ingurua garbitzera bideratu dituzte batik bat; hemendik aurrerakoak, aztarnak egonkortzeko egingo dituzte. Lan asko dago egiteko, eta esku zabalik hartuko dituzte hurrengo auzolanetara hurbiltzen diren lagun guzti-guztiak.