TTIP: Merkataritzatik harago

TTIP

Europako Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak negoziatzen ari diren merkataritza-akordio handiak merkatu bateratu erraldoia sortu nahi du Atlantikoaren bi aldeetan, baina kritikoak kezkatuta agertu dira enpleguan, osasun-babesean edo ingurumenean izan ditzakeen ondorio kaltegarriei dagokienez. Ivan Santamaria. Argazkiak: Argazkipress.

Bi urte baino gehiago daramatzate Europako eta AEBetako ordezkariek hitzarmena negoziatzen. Azken bilera erronda pasa den urriaren amaieran izan zen. Isilpekoak dira elkarrizketak zein edukiaren gehiengoa, eta horrek zalantzak sortu ditu itunaren benetako helburuei buruz.
Zer da TTIP?
Ingelesezko Transatlantic Trade and Investment Partnership akordioaren siglak dira. Euskaraz, Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa. Europako Batasuna eta AEB ari dira ituna negozia­tzen.
Zein da akordioaren helburua?
Munduko bi bloke ekonomiko aberatsenen arteko merkataritza gehiago liberalizatzeko saioa da. Azken finean, azken helmuga litzateke Atlantikoaren bi aldeetan 800 milioi biztanle dituen merkatu bateratua sortzea. Gaur egun ere harreman sendoa dute bi aldeek (500.000 milioi euro trukatzen dituzte urtean), baina urrats bat gehiago eman nahi dute orain.
Zer negoziatzen ari da?
Normalean, produktu eta zerbitzuei sarbidea trabatzen dioten mugak ezabatzea izan da itun komertzialen egiteko nagusia. Esaterako, aduanetako tarifak edo bidesariak ezabatzea edo mugatzea. Oraingo honetan ere halakoak negoziatu dira, nahiz eta dagoeneko oso txikiak izan. TTIP eta antzeko akordioen berritasun nagusia da tarifak ez ezik, araudiak ere bateratu eta gutxieneko batzuk adostu nahi direla. Globalizazioaren aroko arau komertzial eta ekonomikoak idatzi nahi dituzte, azken finean.
Nor ari da negoziatzen?
Formalki, bi blokeek funtzionarioak izendatu dituzte ituna negozia dezaten. AEBen kasuan, gobernuak aukeratu du taldea; Europako Batasunarena bestelakoa da. Batasuna osatzen duten 28 herrialdeek Europako Batzordeari eman diote hitzarmena negoziatzeko ardura, hau da, erakunde horrek negoziatzen du guztien izenean. Hori bai, ituna onartzeko 28 herrialdeen oniritzia behar da, eta Europako Parlamentuak ere alde bozkatu behar du. Eztabaidagai da oraindik herrialde bakoitzeko parlamentuan bozkatuko den ala ez.
Negoziatu bai, baina zertarako?
Bi blokeen argudio nagusia da akordioak lagundu egingo duela ekonomiari beste bultzada bat ematen eta enplegua sortzen. Europako Batzordeak behin eta berriro erabili ohi duen emaitza CEPR Centre For Economic Policy Research erakunde pribatuaren txosten batetik aterata dago. Akordio “handinahi” batek barne produktu gordina % 0,5 eta % 1 bitartean handituko luke urtero: 120.000 milioi euro EBren kasuan, eta 95.000 milioi AEBentzat. Bidesariak besterik ez kenduta, Business Europe patronalak dio 900.000 lanpostu sortuko direla.
Kritikoek zalantzan jartzen dituzte kopuru horiek. Onenean ere, Glyn Moody blogari teknologikoak ohartarazi du etekin hori urte bakoitzean baino hamar urteko epean lortuko litzatekeela. Kontuak eginda, ondorioztatu du EBko herritar bakoitzak hilero katilu bat kafe gehiago baino ez lukeela irabaziko. Kopuru horiek lortzea ere ia ezinezkotzat jo dute, ­AEBek, Kanadak eta Mexikok sinatu zuten NAFTA akordioaren emaitza urriak oinarri.
Nolakoa da negoziazio prozesua?
2013. urteko otsailean iragarri zen akordioa lor­tzeko saiakera, eta uztailean hasi ziren elkarrizketa teknikoak. Hasierako asmoa zen akordioa bi urtean gauzatzea. Epemuga igaro da, baina prozesua erdizka dago. Aurreko hilean egin zuten 11. negoziazio erronda Floridan (AEB). Ituna onartzeko eta izapidetzeko abagune politikoa agortzen ari zaie, aurtengo udazkenean hauteskundeak baitituzte AEBetan.
Publikoak al dira elkarrizketak?
Ateak itxita egiten dira elkarrizketak, eta erronda bakoitzaren ondoren prentsaurrekoa eskaintzen dute negoziatzaileek. Asko kritikatu izan zaie negoziazioak isilpekoak izatea. Berez, EBk negoziatzaileei emandako mandatua bera da sekretua. Bruselak bere burua defendatu du eta hasi da agiriak argitaratzen hainbat negoziazio gairi buruz, horien gaineko iritzi eta proposamenen berri emateko. Inoizko negoziazio “irekiena” dela dio Cecilia Malmstrom Merkataritza Komisarioak. Haatik, esku artean benetan darabiltzaten paperak irakurri ahal izateko, Europako parlamentariei eurei muga zorrotzak ezarri dizkiete: gela blindatu batean irakurri behar dituzte, ezin dute oharrik idatzi, ezta irakurritakoa zabaldu ere.
Zein dira negoziazioen edukiak?
Hiru atal handitan banatu dituzte. Lehenbizikoak tarifak eta merkaturako sarbideak jaso­tzen ditu. Bigarrenak indarrean daudenak aztertzen ditu, sektoreen arabera. Azkenik, hirugarrenak gehiago esportatzeko, inporta­tzeko eta inbertitzeko jokalekurako oinarriak ezarri nahi ditu. Atal guztiak aintzat hartuta, ia sektore guztiei eragiten die:  kimika, kosmetikoak, ingeniaritza, medikun­tza, botikak, ibilgailuak, jantziak, energia... jabetza intelektuala edo kontratu publikoak daude horien artean.
Zerbait geratu da negoziaziotik kanpo?
Bada, bai. Mahai gainean guztia eztabaida­tzeko borondatea zuten hasieran, baina Frantziak planto egin zuen eta, salbuespen kulturalaren izenean, ikus-entzunezkoen sektore osoa negoziazioetatik kanpo geratzea lortu zuen. Oso esanguratsua da, AEBentzat bereziki erakargarria zelako sektore hori.
Herri txiki batean bizi naiz. Akordioak ez dit eragingo, ezta?
Uste okerra da hori. Marko orokor bat ezarriko luke akordioak, goitik beherakoa. Alegia, herrialde bakoitzeko gobernutik hasi eta azken udalerri eta kontzejua ere lotuko lituzke. Ezingo lukete akordioari kontrajarritako inolako erabakirik hartu.
Nork interpretatuko du akordioa urratu den?
Ziur asko, gai honek eragin du zalapartarik handiena Europan. Inbertitzaileen eta herri administrazioen arteko gatazkak erabaki­tzeko, auzitegi pribatuak sortzea aurreikusten du itunak. Dagoeneko funtzionamenduan daude halakoak, eta multinazionalek erabili izan dituzte gobernuek hartutako erabakien aurka jotzeko, ingurumenaren edo osasunaren alorretan, esaterako. Europako Parlamentuak ere eredu horren aurka egin du, eta Europako Batzordeak auzitegi iraunkor eta sasipublikoa proposatu du. ­AEBetan ez zaie proposamena gustatu.
Zer leporatzen diote kritikoek akordioari?
Merkataritzaren izenean, enpresa multinazionalei negozioa errazteko eta interes ekonomikoak enplegu, osasun edo ingurumenaren babesaren gainetik jartzeko bitartekoa dela. Era berean, ohartarazi dute frackinga edo transgenikoen erabilera orokortzeko edo Interneteko zentsura atzeko atetik ezartzeko arriskua dagoela. Bruselak ziurtatu du babes mailak ez direla murriztuko eta Europak ez duela aldatuko gaur egun lehenesten duen “arreta printzipioa”. Printzipio horren arabera, teknologia edo produktu bat kaltegarria dela susmatuz gero, nahikoa litzateke debekatzeko, artean froga zehatzik lortu ez badira ere. Mobilizazioak gero eta jende gehiagorengana iritsi dira, eta dagoeneko 3,2 milioi sinadura bildu dituzte akordioaren aurkakoek.