"Azken urtean ziklo-krosa gora joan da, baina dirurik gabe ezin da miraririk egin"

aitor

Aitor Hernandez, ziklo-kroslaria

Aitor Hernandez Team taldearekin, Euskal Herriko eta Espainiako ziklo-kros denboraldian nagusi izaten ari da Hernandez (Ermua, 1982), lehiatu dituen ia lasterketa guztiak irabazi baititu, esaterako, Federazio Kopako sailkapen nagusia. Iaz ere emaitza bikainak lortu zituen; Espainiako Ziklo-kros Txapelketan, kasu. Munduko Txapelketa salbu, lehen aldiz hartu du parte aurten nazioarteko probetan, eta, oraingoz, ongi aritu da. Sei urtez errepideko txirrindulari profesional ibili ostean, 2010etik ziklo-krosean ari da berriro ere.

 

Denboraldi hasiera hain ona espero al zenuen?
Beno, denboraldia horrela hasten saiatu naiz, eta ondo atera dira gauzak.
Martxa honetan, iazko emaitzak hobetuko dituzu. Ez da erraza izango...
Bai, bide bera jarraitzea gustatuko litzaidake; ea hurrengo lasterketetan ondo ateratzen diren gauzak. Federazio Kopako sailkapen nagusia jada irabazi dut, ea poliki-poliki tituluak eskuratuz goazen.
Nazioartean lehenengoz aritu zara lehian, Munduko Kopan eta Superprestigioan. Gustura emaitzekin?
Bai. Ondo sailkatu nintzen. Superprestigioko lehen lasterketan, esaterako, 14. postuan. Berriz Belgikara joateko gogoz nago dagoeneko.
Hainbesteko aldea al dago?
Munduko onenak lehiatzen dira beti eta maila handia dago. Dirua ere Belgikan gehiago dago. Hemen futbola bezalakoa da ziklo-krosa han. Horrela daude gauzak.
Lokatzetan pedalei eragitea ala babesleak aurkitzea. Zer da zailagoa?
Aurten pozik nago, bi babesle ditut eta horri esker txirrindularitzatik bizi naiz urte osoan. Baina zaila da babesleak topatzea.
Urtero denboraldia amaitu eta jarraitzeko laguntza nahikorik izango duzun ez jakitea, ez al da tristea?
Bai, baina jende guztia dago horrela: langileak eta... Krisiarekin, horrela daude gauzak, eta aurre egin behar.
Txirrindularitzaren anaia pobrea al da ziklo-krosa?
Bai, hori esaten dute. Ni orain ondo nago eta momentuz ez naiz kexatzen.
Euskal Herrian tradizioa bai, baina nolakoa da errealitatea?
Azken urtean ziklo-krosak gora egin du, baina dirurik gabe ezin da miraririk egin.
Euria eta lokatza ala eguzkia eta lur lehorra?
Niri zirkuitu gogorrak gustatzen zaizkit, lokaztuak, zirkuitu astunak.
Ziklo-krosean zer da garrantzitsuagoa: bizikleta ona ala garbigailu egokia?
Nire ustez, hanka onak! Bizikleta hobea edo okerragoa izan daiteke, baina pedalei berdin-berdin eman behar zaie.
Non pasatzen dituzu ordu gehiago: etxean ala autokarabanan?
Neguan, autokarabanan ordu piloa. Udan ere, mendiko bizikleta lasterketak izaten direnez beti nabil leku desberdinetan.
Semea lokatzez zikin etortzen bazaizu, ez diozu errietarik egingo...
Ez, ez, ez. Poztu egingo naiz.


Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna
? Nire familiak.
Eta zerk tristatu? Gauza txarrak pentsatzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Umearekin jolasteak.
Eta negarra? Ezagunek arazoak edukitzeak.
Zerk haserrarazten zaitu? Jende faltsuak.
Bizio bat: Egunero bizikletan ibiltzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Txirrindulari profesionala, betidanik.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Politikaria.
Txirrindulari bat: Ziklo krosean, Sven Nys; errepidean, Valverde.
Lasterketa bat: Euskal Herriko Itzulia.
Garaipen bat: Iazko Espainiako Ziklo-kros Txapelketa.

 

Eñaut Mitxelena