“Zinema dagoeneko ez dago modan”

altuna

Asier Altuna (Bergara, 1969) zinema zuzendari eta gidoigileak 2005ean grabatu zuen bere lehenengo film luzea (Aupa Etxebeste!), Telmo Esnalekin batera. Bere filmografian aipatzekoak dira, halaber, hainbat eta hainbat film labur, ETBko Brinkola telesaila, Bertsolari dokumentala eta Urte berri on, amona! filmaren gidoia. Pasa den irailean aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian Amama film luzea. M. Agimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zuzendari edota gidoigile Amona putz! film laburrean, Urte berri on, amona! film luzean... Orain, berriz, Amama. Zerbait daukazu amonekin?
Kar-kar! Izenburu hori aukeratu nuen beti gustatu izan zaizkidalako hitz bakarreko tituluak: Topeka, Bertsolari, Artalde… oso zuzenak dira. Amama hitz palindromoa da eta transmisioaren ideia, amaren ama, hi­tzean bertan dago. Hasieratik nuen titulu hori buruan, baina zuhaitzak gidoian indarra hartzen hasi zirenean, haiekin zerikusia izango zuen beste izenburu bat aukeratzea ere pentsatu nuen. Halere, transmisioaren ideia hain indartsua denez filmean, amamarekin jarraitzea erabaki nuen, hitzak berak sendotasuna daukalako eta transmisioaren ideia oso zuzen erakusten duelako.
Espero zenuen filmak izan duen harrera ona?
Grabatzen hasi aurretik, gidoiak harrera ona zuela ikusi nuen, filmean parte hartuko zuten teknikari eta aktoreei eman nienean. Hiruzpalau lagunek esaten dutenean, gidoia irakurrita bakarrik, barruraino iritsi zaiela edota negar egin dutela, istorioa oso gertuko sentitu dutelako edo identifikatuta sentitu direlako pertsonaiekin… Pentsatu nuen aktoreekin asmatzen banuen, lekuak ondo aukeratzen banituen eta errodajea ondo egiten banuen, ikusleengana iritsiko zela. Aktoreek oso ondo funtzionatu zuten; baserria bilatzen bi hilabete eman ondoren, oso leku berezia aurkitu genuen; arte sailekoek dekorazio lan izugarri ona egin zuten; gure argazki zuzendaria Euskal Herriko onenetakoa da egun… osagai guztiak ziren bikainak. Errodajea ondo joan zen, material ona zegoen, muntaian ezin genuen kale egin. Beraz, bai, espero genuen harrera ona. Konfiantza osoa nuen filma jendearengana iritsiko zela, eta halaxe gertatu da.
Baserritarra izaki, nostalgia sentitzen duzu galtzen ari den bizimodu horregatik?
Ez, prozesu normala da. Izateko era hori kontatu eta omenaldi txikia egin nahi nuen, baina ez da nostalgia. Jendartea asko aldatu da eta orain ez du zentzurik familia tradizionalak hurrengoen patua erabakitzeak. Familiak berak, instituzio gisa, beste modu batean funtziona dezakeela uste dut… Ez dut nostalgiarik sentitzen, baina bai begirunea. Beti gustatu izan zait baserritarrekin hitz egitea, aurpegi horiei begiratzea, eskuak ukitzea, argazkiak ateratzea… mundu oso bat dago hor, oso ederra, baina aurrera jo behar dugu. Noizean behin atzera begiratuz, baina aurrera.
Ulertuko al du filma baserri giro hori ezagutzen ez duen ikusleak?
Bai, istorio familiarra delako. Familiak daude baserrietan, kalean, herrietan eta hirietan. Nire ustez, denek ezagutzen dute horrelako aita bat; askok, gainera, gertutik. Lehengoan, lagun andaluziar bat etorri zi­tzaidan “Jo, tío, el protagonista es mi padre, cordobés” esanez. Kroaziar batek mezua bidali zidan: “Ez nekien nire aita ezagutzen zenuenik”. Azken batean, familia tradizional batez ari gara eta familia tradizionalak leku guztietan daude. Istorio hau lasai asko koka genezakeen hiri bateko negozio familiar batean, gozotegi batean, adibidez, eta berdina izango zen.
Intuiziotik abiatzen zara, gustukoa duzu esperimentatzea... Arriskuzalea zara?
Film laburrekin eskarmentu handia eskuratu dut; horri esker, nire proposamenak beti izan dira nahiko bereziak, baina fun­tzionatu dute. Ondorioz, ez daukat arriskuak hartzeko beldurrik. Agian, Bertsolari dokumentala egiteak ere lagunduko zidan amildegitik jausteko izurik ez edukitzen. Intuizioak esaten badit zerbait ondo aterako dela, horri heldu eta aurrera egiten dut. Amama-rekin arriskuak hartu ditut: aktoreak aukeratzerakoan, istorioagatik, Amaia pertsonaia artista moduan jartzeagatik, ez dut erreparorik izan irudi bereziak lantzeko eta hainbat formatutan grabatzeko… Dena ondo irten zait eta hori zorte handia da. Halere, zortea baino gehiago da lana: filma izugarri zaindu dugu, maitasunez, pertsonaiak asko landu ditugu entseguetan, lantaldea oso garrantzitsua izan da… Nik intuizioa daukat, baina ingurukoek iritzia ematen dute, eta askotan ez dira errazak izaten konbentzitzen. Lana oso faktore garrantzitsua izan da: lana, lana eta lana, oso ondo pen­tsatua.
Zinemagintzarako diru laguntzak direla-eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren jarrera aldaketa eskatu izan duzu. Zertan aldatu behar du?
Sekulako ondarea ari gara egiten, zineak dena dauka ona: jendea lanean ipintzen du, jasotzen dugun diru guztia lantaldean banatzen dugu, hainbat enpresatan eragiten dugu -jatetxeetan, kasu- eta, zerga bidez, Ogasun Sailera itzul­tzen da guztia. Gainera, istorioak kontatzen ari gara, eta gure pelikulak filmotekan geratuko dira hemendik 50 urtera ikusteko. Orain, oso momentu gozoa bizi du euskal zinemak. Hamar urte daramatzagu film luzeak euskaraz egiten, arrakasta izugarriarekin, eta ez bakarrik orain Loreak edo Amama filmekin gertatzen ari denagatik. Hor daude Aupa, Etxebeste!, Urte berri on, amona!, Arriya bera... Oso onak dira, bai geuretzat, bai gure herria munduan erakusteko, gure zinema kanpora joaten delako. Beraz, inbertsioa handitu egin liteke, Eusko Jaurlaritzak ez duelako hainbeste banatzen. Badakit zaila dela, beti gabiltzala diru faltan, baina diru hori itzuli egiten da, oso modu arrakasta­tsuan. ETBk egin du apustua eta Jaurlaritzak banatzen du dirua, baina ez nahikoa, proiektu asko geratzen direlako egin gabe. Horrek pena handia ematen dit.
Film batek kritika onak izan arren, ikusle kopuruak kezka izaten jarraitzen du. Zer egin jendea aretoetara erakartzeko?
Zinema dagoeneko ez dago modan. Gero eta ohitura gutxiago dago zinema ikustera aretora joateko, baina film bat pantaila handian ikustea, aretoko soinuarekin, gozamena da, gauza handia. Alde horretatik, nik uste dut garrantzitsua dela pelikula hau zineman ikustea, bidaia oso indartsua delako. Ez da gauza bera etxeko pantaila batean edo telebistan ikustea, bidaia berezia eskaintzen baitu Amama-k. Gustatzen zaion jendeari, behintzat, esango nioke komentatzeko merezi duela zinemara joatea.
Ikusten diozu Loreak filmari Oscar sarietara iristeko aukerarik?
Beti, aukerak dauzka bonboan sartuta dagoelako. Oso zaila da, pelikula pilo bat dagoelako, eta oso onak, baina hortxe dago. Oso une berezia da: bat-batean, Akademiak eman du urratsa, ez euskaraz delako bakarrik, baizik eta oso zine berezia delako, begirada bereziz egindakoa. Aukeratu zituzten hiru film finalistak oso bereziak dira, oso zainduak. Nik eskertzen dut hori, neuri gustatzen zaidan zinema delako. Hori balioestea aldatzen ari den zerbaiten isla da, eta hori inportantea da.
Loreak-ek ez dio itxiko Oscarretarako bidea Amama-ri? Akademiak ez du bigarren urtez jarraian euskarazko film bat aukeratuko…
Hori ez da garrantzitsua. Loreak-en ibilbideak benetako mesedea egiten dio Amama-ri, beti doalako aurretik; eta Loreak-i buruz hitz egiten bada, Amama-z ere hitz egiten da. Oso pozgarria da ikustea guk euskaraz egindako zinemak, hizkuntzagatik baino, zine ona delako daukala harrera ona, bai hemen, bai kanpoan. Hori da garrantzi­tsuena. Jakina, guretzat sekulako poza eta lanean jarraitzeko arrazoi ederra.
Garaño eta Goenagaren ustez, Loreak-en hautagaitza saria da, halaber, “euskal zinemagintzarentzat eta, bereziki, euskarazko zinemagintzarentzat”. Euskarazko zinemagintza prestigioa lortzen ari da nazioartean?
Entzuten ari da, eta lehen irudikatzen ez genituen lekuetan sartzen. Anekdotikoa da euskarazko bi film jarraian sartu izana Donostiako Zinemaldian, hamar urte baitaramatzagu zinema ona egiten. Beharbada, urtero ez da egongo hain urruti iritsiko den filmik, baina aukera beti egongo da, proposamen txukunak ditugun jende piloa gaudelako hor, lotsagabe ari gara maite dugun zinema egiten. Balioetsiko nuke, batez ere, beti izaten dela begirada zehatz bat, bere istorioa harrotasunez kontatzen ari den zuzendariarena; kontatzeko era bat dago, istorio nahiko berezi eta pertsonalak, parametro komertzialetatik aldenduta.
Zuzendaritza lanaz gain, zer eskaini behar du euskal zinemagintzak erakargarria izateko? Euskaraz izan behar du derrigor? Euskal Herrian kokatutako istorioak kontatu behar ditu?
Ez dauka zertan, garrantzitsuena filmak egitea da. Egitea eta egitea. Proposamenak hamaika daude, baina beharrezkoa da jendeak konfiantzaz heltzea istorioari. Barrutik ateratzen badira eta pasioz egindako istorioak badira, berdin da zein hizkuntzatan egiten diren eta zer kontatzen duten. Zinemak pertsonengandik ateratako zerbait izan behar du eta, pelikulak ateratzen badira, beti egongo da lan interesgarriren bat edo beste.
Euskararen normalizazioan zenbaterainoko garrantzia du euskaraz egindako zinemak?
Zerbait falta zaigu euskal zinemagin­tzak benetako eragina eduki dezan. Askotan, sekulako ahalegina egiten dugu filmak sortzeko eta erdibidean geratzen dira, ez dugulako beharko genukeen bultzada lanaren hedapenerako. Zinema egitea hain garestia denez, euskaraz egitea luxua da, gizarteak oso kontziente izan beharko luke horretaz. Zabalkundea bermatu beharko litzateke, eta ahalegina handitu, ikusleengana iristeko, ez bakarrik aretoetara, baita eskoletara eta beste leku batzuetara ere. Benetako garrantzia eta balioa eman behar zaizkio, erakundeen nahiz hedabideen aldetik. Hori, maiz, ez da hala gertatzen.
Batzuek esaten dute euskarazko filmak Zinemaldira iristen direla euskarazko kuota betetzeko...
Tontakeria da, konplexuak. Pelikula bat Zinemaldian badago, lan garrantzitsua bihurtu delako da. Komisioak ez dio horrenbeste begira­tzen hizkuntzari edo kuotei. Guk konfiantza handia sumatzen dugu Zinemaldiaren aldetik, eta askotan txera  handia ere bai. Beti lagundu digute gure lanak aurrera ateratzen, nik sekulako babesa nabaritzen dut Zinemaldiaren aldetik. Horrek indarra ematen du filmak egiteko orduan konfiantza edukitzeko.
Zure hurrengo filma ezberdina izatea nahi omen duzu. Zer darabilzu buruan?
Beti izaten ditut hiruzpalau gauza idatzita. Badut ideia bat, istorio nahiko polita eta asko motibatzen nauena, baina tira, bitartean komedia bat idazten ari naiz Telmo Esnalekin batera, enkargu bat. Kontua da ez dudala pelikula bera egingo, erronka berriak gustatzen zaizkidalako. Alde batera utziko dut nekazaritza giroa eta beste giro batera joango naiz. Neurri batean, bizitza sanoa eramateko!

KOLKOTIK

Bi hitzetan, nolakoa da Asier Altuna? Paso!
Baserritik, zer duzu atseginen? Natura, eta egurra txikitzea.
Baserrian, gorroto duzun lan bat? Denak gusta­tzen zaizkit, baina luzatzen direnean, azkenean aspertu egiten naiz.
Erreferentziazko zuzendari bat? Julio Medem.
Euskal film bat? Vacas.
Bizio bat? Ogia oliotan igurztea.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Tomatea.
Sukaldari ona zara? Bai.
Zer prestatzen duzu ondo? Dena; arraina, adibidez.
Gustuko duzun jaki bat? Arroza.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Ilarak daudela zinema aretoetan Amama ikusteko.
Filmak, bikoiztuta ala azpidatziekin? Azpidatziekin.
Euskara ikasteko bi arrazoi? Ikastea beti da ona, eta hizkuntzak ikastea ederra.
Zerk ematen dizu beldurra? Lorik ez egiteak.
Eta amorrua? Gizakiak.
Zerk eragiten dizu barre? Batez ere, beste bat barrez ikusteak.
Oporretarako lekurik onena? Mediterraneoa, zerbait esatearren.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Artista.
Eta orain zer ez duzu izan nahi? Funtzionarioa, hori da okerrena!