'Etxekoak' aurkeztu berri du Huts teatroak

etxekoak

“Euskal Herriko etxe batean gertatzen diren ekin­tza guztiak” taularatuko ditu Huts teatroa taldeak Etxekoak antzezlanean. Mamadourekin maiteminduriko Maddi neska gaztea, Goio eta Imanol Maddiren osabak eta Maddiren amama dira protagonistak. Haien gorabeheren bidez, etxe­koa/kanpokoa dikotomiari atxikita, egun hain presente den immigrazioaren gaia lantzen du obrak, beste zenbait gairekin batera. Jon Gerediagak idatzi du lana eta Ander Lipusek zuzendu, hainbat urteren ostean bien arteko elkarlanari berriro ere helduta. Aktore lanean ere ibiliko da Lipus, Kristina Etxaluz, Javier Barandiaran eta Maika Etxekoparrekin batera. Azaroaren 1ean estreinatu zuten lana Luhuson, eta 2016ko ekainera bitartean 30etik gora emanaldi eskainiko dituzte Euskal Herrian zehar. Hurrengo hitzorduak, esaterako, Azpeitian, Larresoron, Iruñean, Zumaian eta Bilbon izango dira, azaroaren 6, 7, 11, 13 eta 18an, hurrenez hurren. Emanaldien egutegia eta antzezlanari buruzko informazioa www.etxekoak.eus gunean dago ikusgai.


putinRAY ETA NIK artistak errepidean dira berriro ere, Putinen guardasola izeneko lanarekin. Lehendakariak hala eskatuta, “euskaldun guztiok batuko gaituen himnoa” sortu dute. Izan ere, ereserki aski ezagunen sortzaileak dira: Zornotzako suhiltzaileen himnoa, Ezpeletako piperraren martxa... Munduan ibili dira bidaian, “ereserkia lantzeko funtsaren bila”, eta “metodo mistoa” oinarri sortu dute Euskal Ereserki Berria. Orain herriz herri dabiltza euskaldun orok ikasi eta bere egin dezan. Musika eta hitza uztartuko ditu Putinen guardasola lanak. Inazio Tolosak eta Ramon Agirrek gorpuztuko dituzte bi pertsonaiak, eta Asier Sotaren zuzendaritzapean ariko dira. Agirrek berak eta Xabier Etxaniz Rojo idazleak sortu dituzte testuak. Urriaren 31n aurkeztu zuten lana, Donostian, eta aurrerantzean hainbat lekutan ikusi ahal izango da. Esaterako, azaroaren 21ean Itsasondon eta 28an Itziarren.

LABURREAN

AZAROAREN 22tik 29ra egingo da Lekeitioko 38. Euskal Zine Bilera, euskara hutsean egiten den zinema topagune bakarra. Euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune ez ezik, euskarazko film amateurrei bidea egiten laguntzeko topagune ere bada. Hala, bi kategoria izango ditu lehiak, eta bietan banatuko dute Zilarrezko Antzara. Aurten, 10 lan profesional eta 31 lan amateur izango dira lehian.

BELDURREZKO, zientzia fikziozko eta fantasiazko 26 film labur biltzen ditu Euskal Harriaren ABDak film kolektiboak, beste horrenbeste zuzendarik eginak. Euskal alfabetoko hizkiak oinarri osatu dituzte lanok, izan zinemagile profesional, amateur nahiz kamera lehen aldiz hartu dutenak. Azaroaren 5ean aurkeztuko dute, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXVI. Astean. Ondoren, azaroaren 13an, Euskal Herriko zazpi probintzietako hiriburuetan eskainiko dute. Hortik aurrera, herriz herri eramateko asmoa dute. Filma eskaini nahi duenak lanaren sustatzaileekin jarri behar du harremanetan, http://euskalharriarenabdak.com/ gunearen bidez, esaterako.

ETBko lau kateak dagoeneko ikus daitezke Iruñerrian lurreko telebista digitalaren bidez, Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin eta EITBrekin egindako akordioari esker. Bidenabar, EITBren irrati kate guztiak ere digitalean zabalduko dituzte aurrerantzean. 2009an Nafarroan itzalaldi analogikoa jazo zenetik izan dira ETB lurreko telebista digitalaren bidez zabaltzeko eskariak, baina UPNren gobernuak etengabe egin zion uko. Orain, aldiz, abian dira emisioak, eta, gainera, Nafarroari inolako kosturik eragin gabe.