Black Mass

black mass

Zuzendaria: Scott Cooper. Gidoia: Mark Mallouk eta Jez Butterworth. Aktoreak: Johnny Depp, Joel Edgerton, Rory Cochrane, Dakota Johnson, Benedict Cumberbatch, Kevin Bacon. AEB, 2015.

Istorioa: James Whitey Bulger irlandar jatorriko gangsterraren, Boston hiriko (AEB) gaizkile ezagunenetakoaren, goraldia eta erorialdia kontatzen ditu filmak. 70eko hamarraldian, FBIrekin “akordioa” egingo du Bulgerrek mafia italiarraren aurka lagun diezaien. Hori baliatuta, hiriko gangsterrik boteretsuena bilakatuko da Bulger.
Onena: gaizkileak, poliziak, politikari boteretsu eta handiki errespetagarriak... denak ere legearen bazterreko edota legez kanpoko lokatzetan biribilketa ilun eta odol­tsuan. Halako osagaiek ia edozein film bihurtzen dute erakargarria, eta Black Mass zaku horretan sartuko dugu. Tankera bereko lanak gogoan, honakoa ezin gorenean ipini, nahiz eta film zuzena izan. Horrez gain, aspaldiko partez Johnny Depp film batean mozoloarena egiten ez ikustea pozgarria da, eta, batez ere, eskertzekoa ikuslearentzat.
Txarrena: halako osagaiak dituen filma ikusita, ezin burutik kendu erreferentziazko zenbait lan eta zuzendari: Scorsese, Coppola... Haien itzala nabari da hainbat unetan, baina erraza bezain ezinbestekoa da galdera: pelikula hau haien eskuetan egon balitz, zer?
Eñaut Mitxelena