Garaiak aldatzen ari diren seinale

pecozzaHomonimoa
Pecozza United
(Petruska Records 2015)

Lehenengo begiratuan, eman dezake Pecozza United -pekotza gorotza edo animalien kaka izendatzeko berba da zenbait eskualdetan- Irungo taldearen proposamenak ez dakarrela berritasun handirik: gitarra, bateria eta ahotsa, punk doinu sinpleak eta abesti laburrak. Baina kantuen hitzei erreparatuz gero, uste baino mami handiagoa dagoela ohartuko gara. Talde zirikatzailea da Pecozza United, oso maite du adarra jotzea eta tabu ustez ukiezinak hankapean ibiltzea, kritika zorrotza eta umore maltzurra uztartuta. Otegi, Urkijo, Barcina, Atxaga, Silveira eta beste agertzen dira euren kantuetan, eta ahoan legarrik gabe aletzen dituzte euskal politikan eta kulturgintzan kritikagarriak iruditzen zaizkien jokabide eta jarrerak. Lehendakaris Muertosen euskarazko bertsioa? Hori baino gehiago direla esango nuke. Gainera, garaiak aldatzen ari diren seinale ere badira: honelako talde bat duela pare bat hamarkada agertu izan balitz, giroa askoz garratzagoa zenean, egurra jasoko zuten alde guztietatik. Badirudi ikasten ari garela kritika eta umorea beste modu batean onartzen.

Gotzon Hermosilla