Esti Vivanco

estiHau da nire hiru libururik kuttunenen gomendioa AIZU!ren irakurlearentzat:
Gogoeta eragiteko irakurketa baten bila bazabiltza, George Orwellen 1984 eleberria gomendatuko nizuke (Oskar Aranak duela urte batzuk euskarara ekarria. Txalaparta, 2007). Agian, paralelotasunen bat aurkituko duzu Orwellek deskribatutako munduaren eta geure egungo gizartearen artean…
Ironia eta umorea gustuko badituzu, ordea, Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi: gerrako kronikak (Erein, 1996) da bilatzen ari zaren liburua. Emaztea hiltzearekin obsesionatuta bizi den protagonistaren burutazio zoroek barre-algaraka jarriko zaituzte lehen orrialdetik azkenera arte.
Egunotan sentikor bazabiltza, Miren Agur Meaberen Bitsa eskuetan (Susa, 2010) poesia-liburua hauta zenezake. Poema-sorta honetan, minaren gaineko hausnarketa sakona egiten du idazleak, desamodioaren eta galdutakoaren inguruan, batik bat.
Irakurketa on!