33 narrazio labur Bea Salaberriren opera priman

bea

Bea Salaberrik (Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1979) bere lehendabiziko liburua kaleratu du: Baionak ez daki (Susa). Hogeita hamahiru kontakizun laburrek osatzen dute narrazio bilduma. Egileak eguneroko bizitzako gertakari arruntetan ipini du arreta, kasik ezdeusetan, narrazioak sortu eta lehenengo pertsonan kontatzeko: ustekabean en­tzundako solasak, esperientziak iradokitako gogoetak… Kontu txikienei begira beti, Salaberrik detaileei erreparatu die batez ere irakurleari hiriaren margenetan gertatzen direnak erakusteko: baiones baten plazer txikiak, lorpenak, etsipenak, sekretuak, grinak...


goizaldeGOIZALDE LANDABASO kazetari bilbotarrak Babeserako kopia (Elkar) poema liburua kaleratu du, bere literatura ibilbideko bigarrena, Jat (Elea, 2005) izenekoaren ondoren. Oraingo honetan, bere bizitzako zertzeladak jaso ditu, atzera begiratuta,  ida­tzita gera daitezen. Beraz, oroi­tzapen horiek ez galtzeko, segurtasun kopia poetiko modukoa osatu du: identitatea, denbora, beldurra, bakardadea, tristura, bidaia, amodioa... gai horiek guztiak hartu ditu gogoan gordetzeko. Poesiaz gain, Landabasok beste literatur genero batzuk ere jorratu izan ditu: 2000. urtean argitaratu zuen Korte bat, mesedez (Alberdania), bere lanbidean euskaraz aritzeko zailtasunei buruzko kronika; eta 2011n, Bränskint (Txalaparta) ipuin bilduma.

 

hiriHIRI HINDAKIN SOLIDOAK
Jon Alonso
Txalaparta, 2015

Jon Alonsok duela hiru urte aurkeztu zigun Enekoitz Ramirez, Lanbas, pertsonaia, Zintzoen saldoan izeneko nobelan. Bada, Ramirezek (ETAkide ohia, preso ohia, arte salerosle ohia eta lapur ohia) zintzoen saldoaren­tzat jarraitzen du lanean. Oraingoan, Euskaltzaindian jasotako hainbat mehatxu ikertzen jarriko dute lehenik eta, gero, Bar­tzelonan, edukiontzi batean biluzik agerturiko Kasimiro Argiturri abokatu, sukaldaritza kritikari, polizia eta bestelako jendilajearekin nahastuko da.

 

aliziaALIZIA HERRIALDE MIRESGARRIAN
Itzulpena: Manu López Gaseni
Irudiak: John Tenniel
Pamiela, 2015

Lewis Carrollen obraren edizio eguneratua, jatorrizko idazlanaren lehen argitalpenaren 150. urteurrena ospatzeko. Liburuak zer mezu irakatsi nahi zuen galdetuta, Carrollek zera erantzun zuen: “Ziur esan dezaket liburuak ez daramala inolako irakaspen erlijiosorik; egia esanda, ez du ezertxo ere irakasten”. Aliziaren ustezko ametsak, baina, haur guztien barruan bizi den kontraesana islatzen du.