Euskal hedabideen Interneteko jardunak gora egin du azken bi urteotan

 

 

 

computers

Herri ekimeneko euskal hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak jakinarazi duenez, elkarteko kide diren hedabideen jarduna % 60 igo da azken bi urteotan. Bai erabiltzaileek webguneetan abiarazitako saioetan, bai erabiltzaile kopuruan nahiz bisitaturiko orrialde kopuruan, goranzko joera ageri dute azterturiko berrogeita sei webguneek, batik bat iazko udazkenetik aurrera. Azken hilotan, esaterako, milioi eta erdi saio zenbatu ditu hilero, eta lau milioitik gora orrialde bisitatu dituzte erabiltzaileek. Bisita gehien 2015eko maiatzean izan ziren Hekimenen webguneetan. Zehazki, 1.810.837. Gainera, aurten igoera are handiagoa aurreikusi du aipatu elkarteak: aurreko urtean, ­
% 15ekoa izan zen; aurten, berriz, % 40 ingurukoa izango da. Oro har, inguruko hedabide gehienen webguneetan izan dira bisita gehiago, baina euskal hedabideenetakoetan gehiago hazten ari direla nabarmendu du elkarteak. Hekimen Analytics proiektuari esker bildu dituzte datuok. Euskal hedabideen sareko jarduna ezagutzeko eta azter­tzeko tresna da Hekimen Analytics, eta Hekimenek abiarazi zuen. Horri esker, hedabide bakoitzaren datuak eta elkartea osatzen duten hedabide guztien datu pilatuak jaso eta azter daitezke, baita euren arteko alderaketak egin ere.


 

euskarabilduPANTAILADUN gailuak nagusi diren garaiotan, errealitate horrek komunikazioaren eta marketinaren esparruetan eskaintzen dituen aukerak izango dituzte hizpide azaroaren 5ean Donostiako San Telmo museoan IV. Euskarabildua jardunaldian.  Mundua bete pantaila: Komunikazio eta marketin eredu berriak gailu ugaritako errealitatean leloa du aurtengo jardunaldiak, eta nazioarteko zein Euskal Herriko hainbat adituk hartuko dute parte. Iametza Interaktiboak, Argiak eta Ametzagaiña Taldeak antolatuta, izen-ematea doakoa da, eta http://www.euskarabildua.eus/ gunean egin daiteke. Bertan aurki daiteke, halaber, jardunaldiari buruzko informazio zehatza.

LABURREAN

bilkuraROBOTIKA izango du aztergai nagusi Informatikari Euskaldunen X. Bilkurak, Amesten al dute androideek ardi latx elektrikoekin? lelopean. Zehazki, robotei eta adimen artifizialari erreparatuko diete egun osoko jardunaldian hi­tzaldi eta komunikazioen bitartez. Era berean, informatikan euskaraz jardutearen gorabeherez ere ariko dira. Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, azaroaren 12an egingo da Donostiako Miramon Teknologia Parkean. Parte hartzea doakoa da, baina derrigorrezkoa da izena ematea. Horretarako, UEUren webgunera (www.ueu.eus) jo behar da.

EKIMEN umoretsua abiarazi du Joxe Rojas kazetari eta internauta geldigaitzak: euskarazko GIF animatuak sortzeko deia egin du Teknopataren Txokoa (http://www.teknopata.eus/) bere blogean. Animaziozko bukleak oso ohikoak dira Interneten, “eta sare sozialen boomarekin, gero eta gehiagotan erabiltzen dira idatzizko mezuetan adierazkortasuna lortzeko”. Haatik, euskaraz gutxitxo daudela iritzita eta erdarazko erreferentzietara jotzeko joera saihestearren zabaldu du deia AIZU!ko kolaboratzaile ere baden Rojasek. Hala, Tumblr plataforma baliatuta, euskarazko GIFak sortu eta biltzen hasi da #euskalgif etiketarekin, era berean aukera hori edonori zabalduta. Ekarpenik egin nahi izanez gero, hona jo behar da: http://euskalgifak.teknopata.eus/. Nor animatuko da?