Gustuko aldapan, tokirik ez

aitziberAitziber Garmendia

Beti kostatu izan zait agur esatea. Haurra nintzenean, udalekuetako azken egunean komunean ezkutatzeko gogoa besterik ez nuen izaten; malkoak masailetan behera isurtzen zitzaizkion lehenengo umea izaten nintzen normalean, eta ordurako ordu pare bat neraman eztarriko korapilo astun hori broma txatxuekin ezin lasaitu. Oraingoan ere agur esatea tokatzen zait; zaila izan da erabakia har­tzea, zuen artean gordetako txokoari gustua hartu baitiot. Udan oporrak har­tzeko zortea izan badut ere, lanez gainezka nabil azkenaldian, beraz, pixkanaka agendari pisua kentzeko erabakia hartu dut, azpian harrapatu eta ito ez nazan.
Urte gogorra izan da. Gustuko lekuan, aldaparik ez  dela esaten da, eta ez dut ukatuko egia galanta denik; ordekan atsedenik hartu gabe, ordea, bide luzean doana ere nekatzen da, ezta? Antzerki emanaldiak, batetik; telebista saioak, bestetik; gidoigintzan ere aurten estreinakoz aritu naiz... gustuko lanak guztiak, oso gustukoak, baina lanak azken finean. Larunbat arratsalde batean lau seme-alabak eta amaginarreba hartuta Ikeara joaten denaren pareko estresa bizi izan dut aurten, eta hurrengo ikasturtean halako itolarririk ez sentitzeko promesa egin diot neure buruari.
Gaur egun lanez lepo nabilela esatea zorioneko berri bat besterik ez da; askoz ere okerragoa litzateke gustuko aldapan, tokirik ez izatea, ados. Tristurak, penak, nahigabeak eta halakoak albo batera utzi beharko nituzke nire azken idatzian, baina ez da beti hain samurra izaten. Egundoko ohorea izan da Aizu! aldizkariari ekarpen txiki hau egin ahal izatea. Eskerrik asko, beraz, niretzako txoko hau gordetzeko modua egin duzuenoi, eta eskerrik asko, nola ez, nire hitzen artean ibiltzeko denbora hartu duen irakurle bakoitzari. Gustuko tokian, aldaparik izaten da zenbaitetan, baina nik borrokan jarraituko dut, gustuko aldapan toki bat izan dezadan.