Emakumeak

feministakIrailean iritsiko da Euskal Herrira Emakumeen Mundu Martxa

Bost urtetik behin egin ohi den Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrira ailegatzear da. Zehazki, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean zeharkatuko du Euskal Herria, herriz herri plazaratuz emakumeen eskubideak, aldarrikapenak eta borroka. Emakumeen Mundu Martxaren IV. Nazioarteko ekintza martxoan abiatu zen Kurdistanetik, eta Coimbran (Portugal) amaituko da urriaren 17an. Bide luze horretan, Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre izan arte lelopean, emakumeek jasaten dituzten diskriminazio mota ugariak salatuko dituzte, baita haiei aurre egiteko aukerak landu eta ezagutarazi ere. Zehazki, lau helburu nagusi ditu aurtengo ekintzak: emakumeek pairatzen dituzten indarkeria motak ikusarazi eta salatzea; sistema kapitalista, patriarkal eta heteronormatiboari aurre egiteko emakumeak eraikitzen ari diren bideak sustatu eta ikusgai egitea; emakumeen borroka munduari ikusaraztea; eta mugimendua indartu eta hedatzea, parte hartzea ahalik eta gehien zabalduta. Martxa abiatu zenetik, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Plataformak hainbat ekintza burutu ditu. Karabanak euskal lurraldea zeharkatu bitartean ere makina bat ekintza izango da, nagusiki Martxak igaroko dituen herrietan. Horien berri izateko, Martxari buruzko informazio gehiago eskuratzeko edota bertan nola parte hartu jakiteko, http://emakumeenmundumartxa.eus/ webgunera jo daiteke.