Ingurumena

ozeanoaMendea amaitzerako, itsasoaren maila 59 zentimetro igo daiteke

Klima aldaketari aurre egin ezean, itsas mailak nabarmen egingo du gora XXI. mendea buka­tzen denerako. Zehazki, 59 zentimetro igoko da, WWF Naturarentzako Mundu Funtsak jakinarazi duenez. Igoera horrek eragingo lituzkeen kalteak ere aipatu ditu: uholdeak, denboraleak, olatuen norabide eta indarrean aldaketak eta itsasoak azidotzea. Adibide zehatzak ere eman ditu. Hala, WWFren arabera, 2040. urterako itsasoaren maila sei zentimetro igoko balitz, Kantauriar kostaldean hiru metro egingo lituzke atzerantz itsasbazterrak, eta metro bat edo biren artean Kanariar Uharteetan eta Mediterraneoko kostaldean. Dagoeneko itsas azaleko uren tenperatura % 70 igo dela salatu du WWFk, eta kostaldeetako zein itsasoko ekosistemetan nabari dela; besteak beste, ekosistema horietan lor daitezkeen lehengaietan, botiketan, elikagaietan nahiz uraren kalitatean. Horiek horrela, nazioarteko gobernuei presio egiteko kanpaina abiarazi du WWFk. Helburua da neurri eraginkorrak adostea Nazio Batuen Erakundeak antolatuta abenduan egingo den Parisko (Frantzia) Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzian. Industrializazio aurreko tenperaturekiko tenperatura globalaren batez besteko igoera 1,5 gradutara mugatu nahi du WWFk. Horrek, baina, ez dirudi erraza, dagoeneko gradu bateko igoera gertatu baita, WWFren hitzetan. Oraingo bilakaera jarraituz gero, igoera 4 gradukoa izango ei da, gainera.