Kultura

tabakaleraTabakalera kultura garaikidearen gunea ateak zabaltzeko prest da

Lau urtez eraberritze lanetan izan ostean, eta egitasmoak berak hainbat aldaketa bizi ondoren, irailaren 11n irekiko dute behin betiko Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Hala, sorkuntzarako gune bilakatuko da iraganean tabako fabrika izandako eraikina. Hots, kultur jardueran oinarrituriko toki publiko eta bizia izango da. Aurrerantzean, hainbat egitasmo eta ekimen jasoko ditu Tabakalerak, baina horiek guztiak modu mailakatuan ipiniko dira abian, udazkenak aurrera egin ahala. Dena dela, tabako fabrika zaharraren jardunak emango duenaren berri bertatik bertara ezagutu ahal izango da irailaren 11tik 13rako asteburuan, egitarau zabal bati esker. Irailaren 11n egingo da irekiera, 18:00etan, jai izaerako ekitaldi publikoarekin: Tabakalera eremuka ezagutzeko aukera, gonbidaturiko artistekin bisita egiteko parada, DJ emanaldia... Era berean, 13ra bitartean, publiko guztientzako ekintzak eskainiko dituzte: erakusketak, lantegiak, topaketak, performanceak, familientzako proiekzioak eta abarrak. Gainera, irekiera aurreko astean ere zenbait ekitaldi egingo dituzte, eta zer esanik ez ondorengo asteetan, proiektua osatuko duten orotariko ekimenak martxan jartzen diren heinean. Aurkezpen ekitaldien egitarau zabala zein egitasmoari buruzko informazio guztia www.tabakalera.eus gunean daude eskuragai.