Zinema

goonies'The Goonies' filmaren zalerik ez, mesedez

Esan liteke Richard Donnerrek 1985ean zuzenduriko The Goonies filma aski ezaguna ez ezik, kasik kultuzko lana ere badela. Estreinatu zutenetik 30 urte pasa dira, baina oraindik milaka zale ditu. Ondotxo dakite hori Astoria herrian (Oregon, AEB), bertan baitago filmeko protagonista nagusien etxea. Urtero milaka lagun igarotzen dira bertatik etxea ezagutzeko asmoz, eta Astoriako erakundeek filma baliatzen dute turistak erakartzeko. Esaterako, filmaren 30. urteurrenaren harira, omenaldiak, bisita gidatuak eta bestelako ekintza ugari antolatu zituzten udan herriko erakundeek. Horrek turistak bildu eta dirua utzi du, baina, era berean, etxearen jabearen pazientzia agortu du. Egunero bisitari mordoa jasotzeaz eta jasateaz gogaituta, zaleen erromesaldiarekin amaitzeko neurriak hartu ditu: lursailean sartzea debekatu du eta etxeko zati batzuk olan batez estali ditu, kuxkuxeroek ez dezaten deus ikus. Etxera sar­tzea debekatzen duen kartelean bere erabakiaren arrazoiak ere azaldu ditu: etxea erosi eta hura konpontzen “dirua, denbora eta maitasuna” utzi ostean, Astoriako agintariek jende erakartzeko egindako ahaleginen ondorioz, nazka-nazka eginda amaitu du. Kartelean dioenez, “sarrera honetatik egunero 1.000 lagun baino gehiago igarotzen dira; bisitari asko atseginak dira, baina beste asko ez”. Auzokoak ere kexu dira, bisitarien joan-etorriak zikinkeria ugari sortzen duelako. Hori bai, kontraesanak ere suma daitezke jabearen jarreran. Antza, duela urte gu­txira arte, telebista kateei etxean sartzen uzten zien. Kontraesanak kontraesan, etxeaz gozatu nahi duenak The Goonies filma ikusiz egin beharko du.