Zuk euskara praktikoa, norekin?

AIZU!ren 399. zenbakian eman genuen Zuk euskara praktikoa, norekin? ekimenaren berri. Horren baitan, AEK-k bere ikasleak gonbidatu ditu euskaltegira lagunak ekar ditzaten. Izan ere, euskara ikasleei askotan gertatzen zaie norekin praktikatu ez edukitzea; alegia, euskaltegian ikasi bai, baina handik irtenda, norekin hitz egin?
Horri aurre egiteko, neurri batean behintzat, abiatu du AEK-k ekimen hau. Hala, gogoratu 15/16 ikasturterako matrikula bat zozkatuko dela AEK-ko ikasleek proposatzen dituzten lagun guztien artean. Horretarako, ikasleek aek.eus webgunean dagoen formularioa bete behar dute, eta nahi adina lagun proposa ditzakete. Lagun horien guztien artean, AEK-k 15/16 ikasturterako matrikula bat zozkatuko du, eta sariduna euskara ikastera animatu duen ikasleak % 50eko beherapena izango du. Lagunen izenak irailaren 23ra arte proposa daitezke, eta saridunen berri irailaren 28an emango da.