Aurreiritzi asko dago jotaren inguruan, baina normalizatzen ari da

milaMila Martinez Jaurrieta
Jota kantaria

Txiki-txikitatik abestu izan ditu jotak Martinez Jaurrietak (Iruñea, 1960). Lanbidez filosofia irakaslea, egun euskarazko jotak abesten dituen bakanetakoa da. Senarra musikaria du, eta harekin hasi zen euskarazko jotak abesten, Nafarroa Behereko Iduzki denian kantua jota bihurtuta. Ordutik, euskarazko errepertorioa landu izan dute: Larragako jotariek euskaraz abesten zituztenak, euskaratutako jotak… eta Nafarroa ezaguna, musika Jean Mixel Bedaxagarren hitzei egokituta. Euskara eta jotak “primeran” moldatzen direla dio.

Zer behar da jotak abesteko?
Ahotsa eta bihotza, biak. Hau da, jota maitatzea, sentitzea eta gero kantatzeko ahotsa izatea. Zeren jende askori gustatzen zaio, baina gero ezin izaten dute kantatu edo ez zaie ongi ateratzen. Izan ere, jotak indar handia behar du ahotsean. Hori ikasten da entzunez. Hortaz, txikitatik entzuten baduzu, errazagoa da.
Abesten ikasteko ez da eskolarik behar?
Badira jota-eskolak, asko, gainera, Nafarroan. Errespetu handia diet, baina iruditzen zait estiloa aldatu dutela eta jatorrizko estiloa, herriko estiloa, ez dagoela hain garbi eskoletan. Nahiago dut, adibidez, amaren herriko bati bihotzetik ateratzen zaion jota bat Campeon de Campeones lehiaketan entzuten ditudanak baino. Begitantzen zait jota-eskoletan oso neurtuta dagoela, sistematizatuta. Herriko jota, aldiz, espontaneoagoa da, blueseroagoa, nolabait esateko.
Nafar euskaldunek aintzat hartzen al dute jota?
Askok eta askok, bai. Zonalde batzuetan beste batzuetan baino gehiago, tradizioaren arabera. Era berean, egoera politikoarengatik, frankismoan jasandako errepresioarengatik-eta, jendeak ideologia politiko konkretu batekin identifikatu du jota. Baina hori ez da horrela izan, inoiz ez. Herri guztietan, frankistek eta antifrankistek abesten zituzten jotak. Hor daude, adibidez, Jose Mari Esparzaren erreferentzia eta jota heretikoei buruzko haren liburua. Nafarroako iparraldean ere, zonalde euskaldunagoan, oso gustuko dituzte jotak.
Aurreiritzi asko al dago jotaren inguruan?
Bai. Asko. Halere, nire ustez, normaliza­tzen ari da, dena bezala. Horretan gaude.
Askok abesten al dituzue jotak euskaraz?
Bai, zera! Jende gutxik. Gainera, aurreiritziengatik, hain zuzen ere, jendea ez da ausartzen. Nik dakidanez, Larragako jotariak hasi ziren, oso helduak zirelako utzi zuten arte. Gero geu... Askotan deitzen didate ea inor ezagutzen dudan galdetzeko. Badago neska bat Zarrakastelukoa, Ana Aguas. Gaur egungo jotari taldeetan izaten dira euskaldunak, eta noiz edo noiz botatzen dute jotaren bat euskaraz. Egon badago, eta nik uste zabaltzen ari dela.
Inoiz uztartu al dituzu jotak eta filosofia?
Beno, jota tradizional askok badute beren filosofia. Jose Mari Esparzak egin zuen lan pixka bat, baina egin daiteke lan antropologiko bat joten hitzak eta ideologiak aztertzeko. Nik, adibidez, ez ditut jota guztiak abesten. Esaterako, ez ditut jota erlijiosoak abesten, ez naizelako sinestuna eta ez zaidalako ateratzen. Jota sexistak ere ez ditut abesten. Jota baten mezua ez badut atsegin, ez dut abesten.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Nire familiakoen aurpegiak ikusteak.
Eta tristatu? Edozein kontu txarrek: albiste txar bat irratian, dei bat albiste txarrak emateko...
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza askok. Asko gustatzen zait barre egitea.
Zerk haserrarazten zaitu? Gaizki egindako lanak. Nireak barne!
Jota kantari bat? Beti hitz egiten da Raimundo Lamasi buruz, entzun izan ditut haren diskoak, baina amaren herrian jotari ikaragarriak ere aditzen ditut. Anonimoa da jota, eta nik uste halakoxea izan behar duela.
Jota bat? Nafarroa. Esan ohi den moduan, hori da nire jota bereizgarria. Beti eskatzen didate, grabatu dudana da, eta oso polita.



Eñaut Mitxelena