Ez gara Aizu! bakarra

“Aizu!” entzun eta denok begiratzen dugu ingurura, norbait deitzen ari zaigulakoan. Gauza bera egiten du AEKren aldizkariak ere: euskara ikasleei deitzen die, orriz orri ibil daitezen euskaraz irakurtzen eta gozatzen. Esku artean duzun hau ez da, ordea, Aizu! bakarra, ezta zaharrena ere, Japoniako Aizu hiria aspaldikoa baita. Baina hori beste istorio bat da. Euskarazko deikiaren bila ibilita ezagutu ditugun Aizu! izenekoen artean, AEKren aldizkariak du bizitzarik luzeena: euskara ikaslearen lagun 34 urtez, argitalpen honek 400. zenbakia kaleratu du. Bitarte horretan, baina, beste Aizu! batzuk ere sortu dira, eta ez Euskal Herrian soilik. Izan ere, deikia izen aproposa da, laburra eta ozena, hainbat kontu izendatzeko: Madrilen Kortaturen omenez sortutako musika taldea, Bizkaiko elizbarrutiko Langile Pastoraltzaren argitalpena, nerabeei euren garapenean laguntzen dien Barakaldoko proiektua... Oso gai ezberdinak izen bakar baten karietara orrialdeotan batuak. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

kortatu

“Esanahiarengatik aukeratu genuen Aizu! izena, baita laburra eta gogoraerraza delako ere”

Euskal Herritik at ere bada AIZU!-rik. Esaterako, Kortaturen omenezko Aizu! taldea, Alcorcon, Parla eta Vallecaseko (Madrilgo Erkidegoa, Espainia) zenbait lagunek osaturikoa. 2002an sortu zuten, eta zenbait urteko etenaldiaren ostean, 2012an itzuli ziren oholtza gainera. Harrezkero, Javik (ahotsa eta bateria), Danik (baxua eta koruak), Kermanek (gitarra eta korua), Sandrak (tronboia) eta Juanpek (animazioa) osaturiko taldeak ez dio jotzeari utzi.

Kortaturen omenezko taldea den arren, Negu Gorriak-en Aizu abestian du jatorria taldearen izenak. Berau hautatzeko garaian, “sonoritatearengatik eta edukiengatik gustuko genituen abestien izenburuak begiratu genituen. Azkenean, Basurdearen irrintzia (Anestesia taldearen kantua, baina Fermin Muguruzak idatzia) eta Aizu-ren artean, azken hori aukeratu genuen, bai esanahiarengatik, bai laburra eta gogoraerraza delako”.
2002an, “ilusioa lagun” sortu zuten taldea. Ilusioa eta “gazte garaian bidaide genituen talde askoren bertsioak, batik bat euskal jatorrikoak: Betagarri, Banda Bassotti, Baldin Bada, Korroskada, Negu Gorriak, Kortatu, Fermin Muguruza, Joxe Ripiau... Beti izan gara Muguruzatarren jarraitzaile handiak”. Taldearen bigarren garaian, abestu beharrekoak mugatu zituzten: “Kortaturen kantuak abestea adostu genuen. Hainbeste omenezko talde izanik, Euskal Herriko aro punkeneko talde esanguratsuenetakoak ez zuen ordezkaririk, guk genekiela, behintzat. Horrek ezin zuen horrela jarraitu! Guk, gure adinarengatik, ezin izan genituen zuzenean ikusi, eta hauxe iruditzen zitzaigun Kortaturen espirituari bizirik eusteko modurik egokiena. Gure belaunaldiari eta ondorengoei helarazi behar zitzaizkien himno haiek guztiak”.
Izan ere, Kortaturen jarraitzaile sutsuak dira. “Estatuko musika erreferenteetako bat da Kortatu. Gaztetatik markatu gaitu, bere estilo nahasketarengatik, bere hitzengatik eta bere jarrera aldarrikatzaile eta solidarioarengatik. Bere garaian asko entzuten zen hemen, eta oraindik ere klasiko handiek bizirik diraute: Sarri Sarri, Zu Atrapatu Arte...”. Hala, taldeak egiten dion omenaldiaren bitartez, “haiek ikusteko gogoz geratu zen jende askori aukera eskaintzen diogu antzeko zerbaitekin gozatzeko”.
Edozelan ere, kontzertuetan gustuko dute beste talde batzuen bertsioak ere abestea. “Jendeari atentzioa ematen dio, eta guk atsegin dugu zertxobait aldatzea. Joxe Ripiau, Betagarri, Negu Gorriak, Cicatriz, Eskorbuto eta beste hainbaten kantuak jo izan ditugu”.
Kortaturen oihartzuna sakona dela ezin uka: “Nahiko ondo doakigu kontua. Iaz, ia 30 kontzertu eskaini genituen, eta estatuko leku askotan izan ginen. Aurten, zertxobait apaldu dugu erritmoa. Azken batean, ez gara profesionalak, beraz, denbora ahalik eta ondoen kudeatu behar dugu”. Kontzertuak nonahi eskaini izan dituzte: Andaluzia, Extremadura, Katalunia, Galizia, bi Gaztelak, Valentziako Autonomia Erkidegoa, Madril, Aragoin “eta, batez ere, Euskal Herrian”. Aurtengo udan, esaterako, Iruñean izan dira, Arrosadiako jaietan. “Euskal Herrian, eskari gehiago jaso ditugu, baina, zoritxarrez, arrazoi pertsonalak tarteko, ezin izan diegu baiezkoa eman. Ea uda bukaera eta udazken aldera dataren bat ehizatzerik dugun!” diote. Hori bai, pozik eta gustura etortzen dira gurera: “Gainontzeko lekuak gutxietsi gabe, bai Euskal Herrian, bai Katalunian, anaia-arrebak bagina bezala hartzen gaituzte. Batzuetan, harritu egiten gara”.
Izen berbera partekatuta, AIZU! aldizkaria ezagutzen al dute? Bada, teknologia berriei esker, bai. “Kuxkuxean ibili izan gara, eta bagenuen zuen aldizkariaren berri”. Era berean, Aizu! gehiago ere ezagun dituzte. “Lagun batek Aizu! izeneko Bilboko kioskoaren argazkia bidali zigun. Bitxikeria moduan, Gasteizera joan ginen batean Aizu izeneko patxarana topatu genuen... bikaina!”.
Aldizkariaren antzera, AEK ere ezagu­tzen dute, “ez bakarrik Kortaturen AEK-ko beteranoak abestiarengatik, baita Kojon Prietoren Éntrele al euskera, buey kantuarengatik ere. Gainera, taldekide batek euskara ikasteko Bakarka-rekin egindako ahalegin ustela tarteko, ezagutzen dugu AEK”.
Kortaturen abesti mordoxka bat euskaraz denez, ahoan izaten dute, noski. Bakarka-rekin egindako saioek arrakastarik izan ez arren, “printzipioz ongi moldatzen gara. Hitzak ez ditugu ongi ulertzen, baina mezuak bai, eta jardunaren jardunaz badirudi euskaraz dakien jendeak ulertu egiten duela. Hori pozgarria da guretzat”. Hala, “pixkanaka, musikari eta inguratzen duen jende zoragarriari esker, ari gara euskara zertxobait gehiago ikasten, nahiz eta gauza errazak izan: hitz solteak, esaerak...”. Ildo horretatik, lerrook baliatu nahi izan dituzte aldizkariaren irakurle guztiei agur beroa bidal­tzeko eta “euren hizkuntzaren alde borrokan jarrai dezaten animatzeko. Euskara altxorra da, eta ezin da galdu, estatu honetako zenbait sektorek hala nahi duten arren. Gora Aizu!”. Gora, bada, hangoa zein hemengoa!

pastorala“Lan gatazkak eta istripuak, lan erreforma… dira Aizu!!! argitalpenaren gaiak”

Bizkaiko elizbarrutiko Langile Pastoraltzak zubi lana egiten du lan munduaren eta Elizaren artean. Horretan diharduten pertsonak prestatzeaz gain, lan munduaren errealitatea ezagutarazteko elementuak sustatzen ditu, Aizu!!! argitalpena, besteak beste. Pastoraltzaren zein argitalpenaren arduraduna da Maite Valdivieso teologoa (Bilbo, 1960).

Bizkaiko elizbarrutiak badu lan munduari buruzko beste argitalpen bat, Yunque, baina gaiak sakonki lantzen ditu horrek. Hortaz, Pastoraltzako kideek jende gehiagorengana heltzeko moduko argitalpen baten beharra sumatu zuten, arinagoa. Premia horren ondorioz sortu zuten Aizu!!!, DIN-A5 tamainako lau (inoiz zortzi ere bai) orrialdeko argitalpena, zenbaki bakoitzean “gai garrantzitsuren baten gaineko arreta eta hausnarketa pizteko xedea” duena. Izena ere hortik datorkio, jendearen arreta pizteko deia izan nahi baitu. Euskaraz (bizkaieraz) eta gaztelaniaz argitaratu eta oso erraz zabaltzen dute, fotokopiak aterata eta edonon banatuta: “Parrokian, kalean, lagun artean… Gainera, elizbarrutiaren webgunean dago, eta posta elektronikoz ere hedatzen dugu”.
Lehen zenbakia 2004an kaleratu zen, merkataritza gune handietako langileen arazoen gainekoa. Harrezkero, beste 61 zenbaki argitaratu dituzte; azkena, 62.a, aurtengo apirilean, Laneko Osasun eta Segurtasunaren aldeko Munduko Jardunaldiei eta Maiatzaren Lehenari buruzkoa. Beti aukeratzen dituzte “lan munduan eragina duten edota oharkabean pasatzea nahi ez dugun gertakari esanguratsuak: emakumeen aurkako erasoak, murrizketak, milurteko helburuak, lan gatazkak, lan istripuak, lan erreforma…”. Zail gertatzen zaie berez sakonak diren gaiak labur azaltzea: “Adibidez, nola azaldu hitz bitan zer dakarren Espainiako Kongresuak 2011ko udan Konstituzioa bi egunean erreformatzeak, defizit publikoari muga jartzeko?”.
Harrera ona du Aizu!!!k: “Jendeak esaten digu erabiltzen duela, edo fotokopiatu eta zabaldu… Argitalpen baloratua da, eta badakigu hartzaile batzuk harritu egiten direla Elizak horrelako kontuak lantzen dituela ikusita”. Pastoraltzako kideek idazten dute Aizu!!!. Lan munduan egotea dute bokazio, “fededunaren ikuspuntutik”. Valdiviesok dioenez, “ia sindikatu guztietan eta gizarte eta politika erakundeetan dabiltzan militante kristauak ditugu kolaboratzaileen artean, gizarte eta ekonomia gaietan adituak. Gaiaren arabera, bati edo besteari eskatzen diogu zerbait idazteko”.
Langile Pastoraltzakoek nahi dute Eliza berri ona izatea lan munduarentzat: “Elizak jendea zoriontsu bizitzea nahi badu, gizatasunez, justizia eta elkartasuna oinarri, gizatasun hori kolokan jartzen duten kontuak salatu behar ditu. Ekonomia eredu honen biktimen ahotsa izan behar dugu. Guretzat pertsonak du lehentasuna, ez ekonomiak edo merkatuak. Dirua bada jainkoa, pertsonak dira biktimak. Troika ezagun horren inguruan sortzen diren arauek, pentsamoldeek eta ekonomia irizpideek eragin kaltegarria dute per­tsonen bizimoduan. Diruak ez du aberririk, joan-etorrian dabil etengabe, ekonomia errealetik urrun, espekulazioan eta finantza ingeniaritzan oinarrituta. NDFk ez du bihotzik, zenbakiak besterik ez du ikusten. Hor politikak eginkizun garrantzitsua bete beharko luke, baina legeek protagonismo handiagoa ematen diete nazioarteko korporazio handiei. Ezin dugu berri ona zabaldu eskasiak jendearengan duen eragina ahaztuta, nahiz eta batzuetan badirudien Eliza gehiago arduratzen dela beste kontu batzuez. Hedabideek, esaterako, oihartzun handiagoa ematen diote Aita Santuaren bidaia bati”. Frantzisko aipatuta, haren hautaketa pozgarria izan zela dio Valdiviesok, “freskotasuna ekarri duelako eta errealitatean oinarrituta hitz egiten duelako, iaz Erroman herri mugimenduekin egindako topaketan pertsonentzako bizitokia, lana eta lurra errebindikatu zituenean bezala”. Aizu!!! argitalpenarenak ere badiren aldarriak.

barakaldo

“Ohikoa da gaztea gatazkatsua izatea, baina ez arazotsua”

Aizu! proiektuak 2007tik darama Barakaldon gazteekin lanean. Xede du nerabeen garapenean sortzen diren arrisku edota arazoei aurre egitea eta faktore babesleak bultzatzea: autoestimua, trebetasun sozialak... Proiektuaren izena gazteengana jotzeko modua delako aukeratu zuten.

Aizu! Barakaldoko Udalaren zerbitzua da eta Etorkintza Elkargoko langileek garatzen dute. Herriko ia ikastetxe guztietan, publiko zein pribatu, gauzatzen da proiektua. Koordinatzaileaz gain, bost lagun ari dira lanean: bi aholkulari eta hiru hezitzaile.
Aholkulariek Lehen Hezkuntzako eta DBHko irakasle, tutore eta zuzendaritzako kideekin egiten dute lan, hots, ikasleekin harremanetan egoten diren irakaskuntzako langileekin. Arazoak lantzeko materiala eta prestakuntza emateaz gain, beharren arabera, hezitzaileek burutzen dituzten tailerrak ere antolatzen dituzte. Hezitzailea, aldiz, ikasleen erreferentziazko irudia izaten da.
Hezitzaileek DBHko gazteekin jarduten dute batez ere, eskolan zein Aizu!ren lokalean. Ikastetxeetan, informazio gunea dute, gazteentzako afixak, diptikoak eta abarrak zabal­tzeko (drogei edo sexuari buruzko informazioa edota beste edozein beharrizani buruzkoa); jolas orduetan eta jantokian ere egoten dira gazteekin, egoera arriskutsuak antzemateko eta ikasleekin konfiantzazko harremana sortzeko, inoiz beraiengana jo beharrean aurkitzen badira ere: “Garrantzi­tsua da gazteek konfiantza izatea gurekin, ohikoa baita norekin partekatu ez dakiten arazoak edo zalantzak edukitzea”.
Aizu!n argi dute hezitzaileak eskolan egon behar duela, baina lokala ere badute herriaren  erdigunean, “ikastetxeak itxitakoan hasten direlako benetako arazoak eta zalan­tzak”. Hala, gazte batzuek jotzen dute Aizu!ren lokalera, eskolan ezagututako hezitzailearengana, baina “nahi baino gutxiago, kostatu egiten zaie. Batzuetan, agian, izan liteke irtenbidea berehala nahi dutelako, baina gure lokalak ordutegi jakin bat dauka, astean hiru arratsaldez zabaltzen dugu”. Gazte horiengana errazago iristeko asmoz jarri dute abian bloga: www.aizu.barakaldo.org.
Oraingoz, hortaz, ikastetxeetan garatzen da, batez ere, Aizu!ren jarduna. Beharren arabera, eskolak esku-hartze zehatz bat eska dezake gazte batekin, edo talde lana, “ziber buyllingari buruzko tailerra, kasu”. Edo ikasle bat eskolatik kanporatua izateko zorian badago, hiru lan saio egiten dira harekin bere egoerari buruz hausnartzeko, horretarako kontratu moduko bat sinatuta. Zigor ekonomikoen ordezko neurriak ere badituzte: “Botilatzarra dela-eta, 16 urtetik beherakoek aukera dute tailer bat egin eta lehen isuna ez ordaintzeko. Jasan jasaten dute zigorra: etxeko errieta eta hona etorri beharra. Hausnartzera bultzatzen ditugu: egin dutena zergatik eta zertarako egiten duten, zein arrisku dakartzan edanak, nola edan daitekeen arduraz.... Hots, pentsamendu kritikoa bultzatzen ahalegintzen gara”.
Gazteen kezkak familiarekiko eta lagunekiko harremanen ingurukoak ei dira batik bat, baita autoestimu eta ikasketa arazoak ere. Halaber, gertatzen da “gai jakin batengatik etorri eta, lanean hasitakoan, arazoa beste nonbait dagoela aurkitzea”. Kontuak Aizu!ren lan eremua gainditzen badu, edo esku-hartze sakonagoa behar bada, beste nonbaitera bideratzen dira gazteak.
Haatik, Aizu!koen ustez, egungo gazteak ez dira lehengoak baino gatazkatsuagoak: “Azken batean, kezkatzen dituzten kontuak izaten dira maite dituzten ala ez, zer-nolako rola betetzen duten lagunartean, gazteak ala helduak diren... alegia, betikoak. Nerabezaroa, berez, aldaketa ugariko biziaroa da. Ondorioz, ohikoa da gaztea gatazkatsua izatea, baina ez arazotsua. Nagusiek dute arazoa gazteen gatazkak kudeatzean. Benetako arazoa gatazkarik eza izango litzateke”. Izan ere, gazteen kanpoko gatazkak “barneko gatazken isla besterik ez” omen dira.