Eskolaz kanpoko jarduera gehiegi izaten dituzte seme-alabek?

ikamika

Irailarekin batera, iritsi da haur eta gazteak eskolara itzultzeko garaia. Horretarako beharrezkoak prestatzeaz gain, eskolaz kanpoko jardueretan izena emateko sasoia da. Atzerriko hizkuntzak, kirol jarduna, musika eskolak, dantza taldea... askotariko eskaintza ugaria izaten da gaztetxoentzat. Adituek gogoratu ohi dutenez, trebetasun eta ezagutza berriak lantzeko parada eskaintzeaz gain, bestelako onurak ere badituzte eskolaz kanpoko jardunek: harreman sozialak sendotu eta zabaldu, haurren garapenean urratsak eman... Finean, aukera egokia dira, beti ere haurrak gogoa azaltzen badu. Haatik, batzuetan ez da hala gertatzen: jarduerok etxeko txikiak lanpeturik mantentzeko baliabidetzat hartuta, haien interesak kontuan hartu gabe jokatzen dute gurasoek. Ondorioz, halaxe ibiltzen dira haur asko eta asko, eskola ostean batetik bestera zeharo gogaituta, denbora librerik eta lagunekin jolasean aritzeko astirik gabe. Hartzen al zaie neurria eskolaz kanpoko jardunei? Zertan geratzen da aisialdirako duten denbora? Foruko guraso barnetegiko uztaileko lehen hamabostaldiko B2 mailako taldea

1. Ines

Batzuetan, eskolaz kanpoko ekintza gehiegi egitera behartzen ditugu umeak. Gainera, gero eta etxerako lan gehiago ekartzen dituztenez, ikasturte amaieran neka-neka eginda bukatzen dute, gehienetan gurasoen erruagatik.
2. Arantza

Gure seme-alabek denbora asko pasatzen dute eskolan. Horregatik, oso inportantea da haiek beren jarduerak erabakitzea. Hortaz, umeek aukeratuz gero, onuragarriagoa izango da. Bizitzan behin bakarrik gara ume.
3. Jesus

Alde onak izan arren, kezkagarriena gehiegikeria da. Kontuan hartu umeez ari garela eta ordu asko ematen dutela beraien lanetan. Eskolaz kanpoko ekintzek osagarriak besterik ez dute izan behar. Zoriontsua izatea da inportanteena.
4. Maria Jose

Garapenerako umeentzako jolasak oso inportanteak dira, beraien bidez irudimena eta gaitasunak lantzen dira-eta. Gurasook hori kontuan hartu behar dugu eskolaz kanpoko jarduerak aukeratzerakoan.
5. Nati
Gurasoen arabera, eskolaz kanpoko jarduerak jolasa edo tortura izan daitezke. Haurren nortasuna, beharrak eta nahiak kontuan hartu behar dira, bestela ez dute ezertarako balio.
6. Henar
Gaur egun, ume gehienek eskolaz kanpoko jarduerak egin ohi dituzte, askok jarduera bat baino gehiago. Horri etxerako lanak eta irakurketa gehitzen badizkiogu, denbora gutxi izaten dute beste edozertarako.