Bi arrazoi, bi zio eta 2ZIO

bizio

Hip-hoparen eta raparen artean zein desberdintasun dagoen galdetuko banizu, jakinen zenuke erantzuten? Baiezkoa eman baduzu, jakinen duzu rapa hip-hop deituriko mugimenduaren alor bat dela, dantza, graffitiak eta abar uztartzen dituena. Orain, kontzentratu segundo batez eta irudika ezazu rapero bat. Ziur naiz honen antzeko argazkiren bat etorri zaizula gogora: urrezko kateak lepotik zintzilik, neska-mutilak erdi biluzik dantzan, errimatzen duten hitzak eta jarrera oldarkorreko gizonak belaunetaraino heltzen zaizkien elastikoak jantzita. Hurbildu al naiz? Egoitz Zelaia.

Ariketa hori bera proposatu eta irri egin du Odei Barrosok.“Oinarrian rapak transmiti ditzakeen balioetatik biziki urrun dago egun jendeak rapaz duen irudia. Gehienek estereotipo jakin batzuekin lotuko dituzte raperoak: urrezko kateak, limusinak, matxismoa, egozentrismoa... Sistemak eta haren inguruko negozioak erabat itxu­raldatu dute rapa. Funtsean, aldarrikapenerako tresna da, kontzientziak piztu zuen. Nik hobeki ezagutzen dudan rapean, frantsesezkoan, adibidez, bi joera nagusi daude: rap komertziala eta rap kontzientea. Zorionez, rap kontziente deritzonak indar handia du, kasu askotan komer­tzialaren adinakoa. Dena den, modu anitz daude rapa egiteko, hala hitzetan nola musikan...”. Egiari zor, aurreiritziek sortu dute buruan dugun irudia.  Gure aldetik, Odei Barrosorekin elkartu gara, 2ZIO rap taldeaz hitz ez-aspertua egiteko, aurreiritziok biluzteko eta iritzia, pixka bat bada ere, janzteko.
2ZIO taldea Jo Olaskoagak (Ziburu), Odei Barrosok (Urruña) eta Gorka Rodriguezek (Algorta) osatzen dute. Urte batzuk igaro dira Euskal Herrian haien berri ukan genuenetik. Bolada batean, hilean 2-3 kontzertu emanez aritu ziren, bigarren diskoa presta­tzeko etena egin zuten arte. 2013an, Pausuz pausu diskoa kaleratu zuten, autoekoiztuta. “Beti defendatu izan dugu autoekoizpena, gure lanaren jabe izan nahi dugulako, eta taldeak berak erabaki behar duelako nola eran­tzun taldearen beharrei”. Aurten argitaratuko dute beraien bigarren diskoa, Bideak, eurek ekoitzia, era berean.“Gure lehen lana, Pausuz pausu, autoekoizpena izan zen, eta irailean kaleratuko duguna ere guk geuk produzituko dugu. Egia da lan egiteko modu horrek zailtasunak dituela, diskoak dakartzan gastu guziak zure gain hartu behar dituzulako eta baliabide guttiagorekin lan egin behar duzulako, baina horren guztiaren gainetik badu abantaila bat:  zeurea da erabakia”.
Ezin dugu erran 2ZIO talde arrunta denik, eta ez soilik rapa euskara hutsean egiten dutelako. Bi taldekide aski hurbil bizi badira ere, hirugarrena urrun samar geratzen da beti. “Hirurak elkartzea nahiko zaila egiten zaigu gehienetan, egia erran. Gorka eta biok lehengusuak gara; 2ZIO sortu genuenean, Bilbon ikasten nuen eta hitzak idazteko elkartzen ginen. Jok bere aldetik egiten zuen musika, bidali egiten zigun eta, ondoren, hirurok elkartzen ginen dena batzeko. Distantzia beti izan da oztopo ttiki bat guretzat, baina jakin dugu horrela lan egiten”. Bizkaiko metropolia eta Lapurdiko kostaldea, bere horretan, desberdinak dira. Adibide soil bat jartzearren, zinemetan eskaintzen duten modako filma gaztelaniaz entzuten da batean eta frantsesez bestean. “Errealitate ezberdinak bizi izan ditugu hirurok. Jo ez da euskalduna sortzez, etxean ez du euskara jaso, duela urte batzuk hasi zen bere kasa ikasten. Gorka eta biok euskaraz ikasiak gara ttikitatik, baina Algortatik Urruñara egunerokotasuna hagitz aldatzen da. Hiru taldekide eta hiru errealitate, horren guztiaren batuketa da 2ZIO”. Koktel horrek, agian, beste talde batzuek ez duten zerbait ematen dio Jo, Gorka eta Odeiren proiektuari: “Jok rap frantses eta estatubatuar ugari entzun du betidanik, eta berak egiten du musika. Gorkak ska-rock talde bat (Ukan) ere badu bere aldetik, eta antzeko musika asko entzuten du. Neuk, gaztetxoa nin­tzenetik, Selektah Kolektiboa entzun izan dut eta horri esker hasi nintzen gerora frantses eta gaztelerazko rapa entzuten. Bertsotan ere ari­tzen naiz, eta horrek guziak badu eragina... izan ere, musika egiteko, ez da musikatik bakarrik edan behar, nork bere egunerokoan xurgatzen duen oro egiten duen horretan islatzen baita”.
Bertsolaritza eta rapa lotzeko obsesio an­tzekoa dagoen sentsazioa ukan dut usu. Alegia, errimak eta musikaltasuna komunean dituzten bi mundu bakarrean uztartzeko gogoa. Barroso, ordea, ez dator guztiz bat: “Ez dut uste obsesiorik dagoenik, baina egia da jendeak oso hurbil ikusten dituela, antza. Nik beti erran dut bertsolaritzak rapa egiten laguntzen didala, eta rapak bertsotan aritzeko orduan, beste hainbat gauzek bezala. Kasu honetan, ber­tsoa eta rapa oso hurbil daude, hizkuntzarekin, hitzekin zein errimekin egindako jolasak diren neurrian. Alabaina, bi kode dira, gauzak egiteko modu bi. Nik guttitan inprobisatu dut rapean, eta taldean, 2ZIOrekin, abesti guzien hitzak aurretik idazten ditugu. Bertsotan, aldiz, ia beti ba­t-batean aritzen naiz”. 
Neurri batean, egun euskaldunok, espainol edo frantsesen aldean, eleaniztunak garela erratea ez da demagogia, errealitatea baizik. Haatik, bitxitzat jotzen dugu rapa euskaraz egitea, arrotza egiten zaigu, lotu ezinezko mundu bi balira bezala; baliteke hortik sortu izana bertsogintzarekin lotzeko joera. “Guk modu naturalean idatzi izan dugu beti euskaraz. Gaztelaniaz edo frantsesez egitea arrotza litzateke guretzat”. Rapa euskaraz egiten duten taldeak aurkitzea ez da lan erraza; aitzitik, badaude entzuleak eta badago non jardun. “Leku gehienetan, oso harrera ona egin izan digute. Euskal Herrian, beste musika estilo batzuekin alderatuta, ez dago rapa entzuteko ohitura handiegirik, are guttiago euskaraz, baina hori aldatzen ari da. Geroz eta rap gaualdi eta antzeko gehiago antolatzen dira, poliki-poliki rapa oholtza osatzen ari da”.
Odeik hasieran erran bezala, raparen funtsa kexua da, injustiziak modu gordinean salatzea, inongo artifiziorik gabe, errimatzen duten hitzak eta erritmo bat oinarri. 2ZIOren lehen diskoko hitzak entzunik, gazteriaren problematikak edo politika bezalako gaiak daude: “Lehenengo diskoan, aldarrikapenezko kantuak eta mezu aski zuzenak ziren nagusi. Gure errealitatetik idatzi izan dugu beti, eta garai hartan horiek ziren gure arazoak”. Baten batek pentsa lezake harremanekin loturiko kantak edo maitasun hi­tzak eskasak direla. “Irailean kaleratuko dugun disko berriak idazteko bestelako era bat du, eta bestelako gaiak ekarriko ditu berekin. Norbera garatu ahala, ikuskerak zein idazteko moduak ere aldatu egiten dira, eta hori guzia nabaritu egingo da gure hurrengo lanean”.
Rapean ere beste edozein arte edo generok ukan ditzakeen hutsuneak ikus ditzakegu, eta, beste genero edo arte batek bezalatsu, baditu bere indarguneak. Poptzat harturiko musika anitzek ez duten zerizana du rapak, eta irailetik aitzina eskuragarri ukanen dugun 2ZIOren bigarren diskoan, espero geni­tzake espiritua, aldarria eta egiazkotasuna.