Euskal itsas ondarea galzorian

itsas

Euskaldunok harreman estu-estua izan dugu betidanik itsasoarekin. Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldeko herri guzti-guztiak itsasoari begira hazi dira, eta biderik ohikoena izan da munduan barrena bidaiatzeko. Gaur egun ere, itsasoa da bertoko herri askotako ardatz ekonomiko nagusia. Euskaldunon eta itsasoaren arteko harreman horrek, beraz, bizi-bizi jarraitzen du. Dena den, gorde al ditugu urteetan hemengo arrantzaleen lanabes izandako itsasontzi, txalupa, batel edota arrantzarekin lotutako objektuak? Txomin L. Aramaio. Argazkiak: Antxustegi sendia.

Egia esan, lagun gutxi dabil lanean euskal itsas ondarearen inguruan. Are gutxiago, soldatapean. Hala ere, zenbait boluntariok zintzo-zintzo dihardute horretan, eta horietako bat da Juan Antonio Apraiz Koiote ikerlari bizkaitarra (Bermeo, 1958).
 Gaztetatik datorkio Apraizi itsasoarekiko lotura. Ogibidez merkataritza kapitaina da, eta kapitain egiten du lan egun. Horrek, baina, ez dio galarazten itsas ikerlaria izatea afizioz. Besteak beste, itsasontzi tradizionaletan da aditua, eta itsas ondare diren makinatxo bat objektu gordetzen hasia da, ez daitezen desager. Horien artean,  lau on­tzi. “Zahar-zaharra, mende hasierakoa, bakarra. Besteak mende erdialdekoak dira”.
Haren ustez, “ez gara gai izan gure itsas ondareari eusteko. Urteetan, hemen, ez zaio ezelako jaramonik egin. Joandakoa alde batera utzi eta aurrera begiratzeko ohitura dugu. Ez dakigu daukagunari balioa ematen”.
Daukaguna katalogatu
Denbora asko eta ondare dezente galdu diren arren, zer edo zer egiteko unea dela dio: “Daukaguna zer den jakin behar dugu. Horretarako, katalogatu egin behar da. Inbentario batean sartu”. Azken finean, Euskal Itsas Ondarearen zerrenda bat egitea proposatzen du. “Ostean, balorazioa egin beharko da. Manten dezakegu daukagun guztia? Badago dirurik horretarako? Erantzuna ezezkoa izanez gero, eta ez baldin badago behar beste,erabakiak hartu beharko dira”. Lehentasunak finkatu beharko dira. “Hori bai, ezin dugu denbora galdu” azpimarratu du. Kon­tserbatu ezin direnetarako irtenbidea ere proposatu du: “Digitalizatu egin daitezke”.
Ezertan hasteko paradarik gabe, hil honetan beste itsasontzi bat hondoratuko dute. Bermeon beharrean dabilen egurrezko itsasontzi bakarra (Gure Itxarkundia) desegingo dute egunotan, eta ez da horrelako gehiagorik egingo. Ondarea zaintzeko baliabide ezak adibide bat baino gehiago utzi du azken urteotan. Arrantza mundutik erretiratu ondoren Lekeitioko portuan museo gisa egondako Playa de Ondarzabal baxurako ontzia, kasu.
Antxustegi kasua
“Baserri zaharrei-eta eusteko lanak diruz laguntzen dira. Itsasontzien mantentze-lanerako, berriz, apenas ematen dute laguntzarik erakundeek. Herrialde batzuetan, altxor modura zaintzen dute itsas ondarea. Zoritxarrez, hemen ez da hori gertatzen”. Euskal Herriko ontzi tradizionalen egoera txarra da, ikerlariaren ustetan. “Ontzi zahar-zaharren itxurazko erreplikak egiten ari gara; jatorrizkoak, ordea, hondoratu egiten ditugu. Oinarri zientifiko barik, ikerketa ezagunik gabe, itxurazko erreplika horiek ontzat eman eta diru­tza inbertitzen da horretan. Daukaguna, ostera, ez dugu zaintzen. Begira, bestela, zer gertatzen ari den Antxustegi ontziarekin”.
Euskal Herrian zutik dagoen azken egurrezko atunontzia da Apraizek aitatu An­txustegi (Ondarroa, 1958): Diesel motor eta bibero finkodun lehen belaunaldiko euskal atunontzien azken ordezkaria. Familiak, trukean ezer hartu gabe, Bilboko Itsas Museoari eman zion ontzia, baina aspalditik ez zaionez ezelako konponketarik egin, ustel­tzen eta zatika erortzen hasita dago. Txaluparen egoera ikusita, Antxustegi familiak Salba dezagun Antxustegi plataforma ipini zuen abian duela hiru urte.
Eusko Legebiltzarrak (EH Bildu, PP eta PSOEren botoekin), bide horretan, Antxustegi ontziaren gaineko txosten teknikoa egiteko eskatu zion Jaurlaritzari otsailean. Albaola Itsas Kultur Faktoriak gauzatu du, eta, familiaren tesiari jarraituta arrantzon­tziaren balio historiko eta kulturala aintzat hartuta, ontzia konpondu eta mantendu egin behar dela esan du.
Juan Antonio Apraiz ez dago oso konforme Albaolak aurkeztutako txostenarekin. “Legebiltzarrean erabakitakoaren arabera, hasiera batean hiru adituren artean egin behar genuen txosten teknikoa, neu barne. Gero, txostena batek egin eta beste bioi iritzia eskatuko zitzaigula onartu zen”. Azkenean, esan bezala, txostena Albaola elkarteak egin du, eta ez pertsona zehatz batek. Gainera, adituen iritzirik ez dute inon jaso. “Legebiltzarrak gauza bat erabaki eta beste bat egiten du, eta ez da ezer gertatzen. Txostenarekin ia puntu bakarrean nator bat: Antxustegi konpondu eta mantendu egin behar da”. Ikerlari bizkaitarra ez dago ados, ordea, txostena aurkezteko moduarekin eta ontzia konpontzeko proposatutako erarekin (nork, non eta nola). Plataformako kideen­tzat, era berean, garrantzitsua da Apraizen iritzia gaiaren gainean. Bien bitartean, denbora aurrera doa eta, zaintza egokiaren faltan, txalupa zatika erortzen ari da. Berandu baino lehen, ekingo al diete konponketa lanei? Edo beste altxor bat galduko dugu begien bistan?