Tamainako opera

altzo

Handia zen Miel Joakin Eleizegi Ateaga, Altzoko Erraldoia (Altzo, 1818-1861). Bere garaian, tamainak egin zuen ezagun 2,42 metroko gizon puska. Altzoar itzelaren itzala ere bertsua da, luzea, egundaino iritsi baita erraldoiaren sona. Gorputzez handia zenak halakoxea zuen bihotza ere, eta batak zein besteak markatu zuten haren bizitza. Hain juxtu, bizitza hori du oinarri irailean estreinatuko den Altzoko Haundia haurrentzako txotxongilo operak. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Altzoko Erraldoia aipatutakoan, haren ezaugarri fisikoak etorri ohi dira, eskuarki, gogora. Neurriak, alegia: altuera, haren arropen eta hark erabilitako objektuen tamaina, pisua... Haatik, Miel Joakin Eleizegi Ateagari benetako neurria hartzeko beste hainbat kontu hartu behar dira aintzat. Ezberdina zen, eta ezberdin izatearen zama astuna gainean eraman behar izan zuen gaixotasun baten eraginez neurrigabe hazi zenetik. Europan barrena ibili zuten, zirkuko piztitzarra balitz bezala ikusgai, garai hartako jendearen harridura eraginez. Hainbat herrialdetako gorteak ere ezagutu zituen. Baina Orhiko txoriaren antzera, Altzoko Erraldoiak Altzo zuen laket. Horiek guztiak jaso ditu Altzoko Haundia operak, txotxongiloak, abesbatzen kantua eta musika uztartuta.
Elkarlanaren emaitza da Altzoko Haundia. Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroak eta Donostia 2016k garatu dute, Barakaldoko Antzokiaren laguntzarekin. Handia oinarri, txikien opera izango da; ez, ordea, opera txikia. Izan ere, berealdiko lana egin dute haur-opera egiteko. Topicen zuzendari Idoia Otegiren hitzetan, “saski ederra egiteko zumeak ditu”. Oinarrian, David Azurza konpositoreak sorturiko musika eta Koldo Izagirre idazleak izkiriaturiko libretoa ditu. Txotxongiloen diseinua, aldiz, iaz zenduriko Nestor Basterretxea artistak egin zuen. “Gure eskaria jaso zuenean, sekulako ilusioa egin zion. Hil aurretik egin zituen diseinuak; pena da ezin izango duela azken emaitza ikusi” gogoratu du Otegik. Nolanahi ere, Basterretxearen arrastoa nabaria izango da, eta ez soilik diseinuetan. Haren semeak eta errainak egin dituzte panpinak, urte askotako eskarmentua baitute jardun horretan.
Txotxongiloen maneiuari dagokionez, La Enana Naranja taldea arduratuko da. Argiztatzeaz, Xabier Lozano. Oholtza gainean, txotxongiloekin batera, hiru bakarlari (Jagoba Fadrique baxua, David Azurza tenorra eta Maite Arruabarrena mezzosopranoa) eta lau musikari izango dira (Iraide Ansorena perkusio egilea, Luis San Sebastian klarinete jotzailea, Rakel Rivera flauta jotzailea eta Tomas Ruti biolinista), Orfei Txikiaz gainera. Emmanuel Marquez da zuzendari artistikoa, txotxongiloen zein operaren lanketan esperientzia handiko mexikarra.
Euskal Herrian eskainiko dituzten emanaldietan, lantalde osoak parte hartuko du. Hots, zuzeneko musikarekin eskainiko dute opera. Beste bertsio merkeago bat ere badute, musika grabatuarekin,  garestiagoa den zuzenekoa ordaindu ezin duten lekuetan eskaini ahal izateko.
Urteetako lana
Egun gutxi barru estreinatuko duten operak ibili luzea izan du orain artean. Errealitate bihurturiko amestzat jo zuen Otegik egitasmoaren aurkezpenean. Otegik berak azaldu duenez, “Tolosa Ekinbide Etxearen bi jardun nagusiak, txotxongiloak eta abesbatzak, batzeko ilusiotik dator egitasmoa (Titirijai Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa antolatzen ditu TIEk).Titirijairen 25. urteurrenean, 2007an, egitasmoa gauzatu nahi izan genuen, baina ez genuenez izan  nahikoa finantziaziorik, ezinezkoa izan zen”. Geroago, ordea, Donostia 2016 egitasmoarekin batera aritzeko aukera sortu zitzaien eta opera bidea egiten hasi zen. David Azurzak eta Koldo Izagirrek eman zioten lehen bultzada, operaren hezurdura osatuta: musika sortu zuen lehenengoak eta liburuxka bigarrenak. 2012an argitaratu zuten Al­tzoko Haundia, txikien opera diskoa, eta 2013an jendaurrean ere eskaini zuten, Donostiako San Telmon. Ordutik, oholtzarako bidea egiten ari da Altzoko Haundia.
Gizatasun handia
Erraldoiaz ezagutzen denaren arabera, ez zuen bizitza samurra izan. 20 urte zituenean hasi zen neurrigabeki hazten, eta horrek ekarri zion sona. Batetik bestera ibili zuen enpresari talde batek, haren kontura dirua irabazteko. Europako herrialde ugari ezagutu zituen, baita garaiko handiki mordoa ere: Espainiako Isabel II.a erregina, Frantziako Luis Felipe I.a, Ingalaterrako Victoria erregina... Miel Joakinek, halere, ez zuen gustuko halako bizimodua. Jende arruntaren artean neurriagatik nabarmentzeak, gainera, ez zion onik eragin. Hain handia izateak lotsatu egiten zuen. Antza, umila zen, onbera, gizatasun handikoa, nahiz eta zenbait ikertzailek  sinple samartzat eta lotsatitzat jo. Koldo Izagirreren testuek agerian uzten dute Miel Joakinen izaera. Operako pasarteok, esaterako, adierazgarriak dira: “Hanka-luze, bai! Begi-luze, ez! Beso-luze, bai! Esku-luze, ez! Lepo-luze, bai! Mihi-luze, ez! Esker-luze, bai! Bai! Bai! (...) Hanka haundi, bai! Kopetaundi, ez! Esku-haundi, bai! Aho-haundi, ez! Indar haundi, bai! Gibelaundi, ez! Bihotz-haundi, bai! Bai! Bai!”.
Finean, bere izaerarekin bat ez zetorren bizimoduak baldintzatu zuen Miel Joakinen bizitza. Horri helduta, hainbat gai jorratzen ditu operak: ezberdintasuna, diskriminazioa, desberdinarekiko begirunea, ezezagunarekiko beldurra, naturarekiko errespetua... “Ezberdina denari errespetua zor zaiola, mezu hori helaraziko zaie haurrei. Ikusiko dute ezin dela inor baztertu besteak baino altuagoa delako, itsusiagoa delako, betaurrekoak dituelako edota beste edozein arrazoirengatik” dio Otegik.
Hori guztiori, gainera, Euskal Herrian oso arrunta ez den generoari esker jasoko dute. Helduentzako opera eskaintza ez da zabala gurean, baina haurren kasuan are nabarmenagoa da gabezia. “Ez dira ohikoak” aitortu du Otegik. “Operek aurrekontu garrantzitsua izaten dute, beraz, ezin du edozeinek egin. Koprodukzioan egin ezean, ezinezkoa da”. Horrexegatik azpimarratu du generoaren garrantzia: “Nire ustez, garrantzitsua da haurrei operak ikusten erakustea. Ohi daitezela halako ikuskizunak ikusten”. Horretarako, Altzoko Haundia ezin egokiagoa dela uste du: “Oso polita da, eta haurrek ikusteko erraza. Elementu guztiak ditu gustukoa izateko, besteak beste, abesti itsas­korrak”. 
Irailaren 12an egingo dute operaren aurrestreinaldia, Tolosan. Estreinaldia, berriz, Charleville-Mézièreseko Nazioarteko Txo­txongilo jaialdian, “munduko txotxongilo jaialdirik garrantzitsuenean”, hilaren 26an. “Hori ere errealitate bihurturiko ametsa izan da” dio Otegik. Estreinaldiaren osteko emanaldiak zehazteke dituzte oraindik. Jakina, Donostian aurkeztuko dute, baita Barakaldon ere. Operaren sustatzaileen asmoa, dena den, ahalik eta gehien mugitzea da. Euskal Herrian ez ezik, Mexikon ere eskainiko dute. Ahalik eta gehien bai, baina ez nolanahi. Euskal Herritik kanpo eskaintzen dituzten emanaldietan, tokian tokiko abesbatzei eta musikariei egingo diete leku. “Bakarlariak eta txotxongiloak maneiatzen dituztenak izango dira partaide finko bakarrak. Bestelakoan, tokian tokiko haur abesbatzek eta musikariek parte hartzea nahi dugu. Hala, leku horietako jendea inplikatuko dugu egitasmoan, gure musika zabaltzeko balioko duelakoan”. Euskara ezagutarazteko ere baliagarria izango da. Operak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak izango ditu, “baina zenbait lekutan euskarazko testuak eta abestiak ikasi eta abestuko dituzte”. Halaber, entzumen-urritasuna dutenentzat ere egokituko dute, azpitituluen bidez. Finean, txikientzat bakarrik ez, familia osoarentzat izango baita. Neurrikoa, alegia.