Ahanzturaren sasien garbilekua

garbi

Isilik eman dituzte azken urteak. 70eko hamarraldiaren hastapenetan, gizarte modernoak bizkarra eman zien eta, geroztik, zoko batetik ikusi dituzte landa eremuko herriek bizi izandako aldaketak. Aurrera egin duten egun bakoitza mirari bat izan da kasik; izan ere, herri askotan desagertu egin dira. Garbilekuak dira, XX. mendeko bizilagunen bilgune izandako tokiak. 2000. urtean hasi eta gaur arte, herriko ondarearen aldeko hautua egin dute Kodes mendilerroaren magaleko herriek, eta, ondorioz, bailarako garbilekuak zaharberritzen ibili dira azken urte hauetan. Garbitokien ibilbidea ere sortu dute, garai bateko bizilagunak nola bizi ziren ezagutarazteko xedez. Aitzakia ezin hobea Nafarroako eskualde eder bezain ezezagun honetan murgiltzeko. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Santa Engrazia Kultur Ekimena.

 Iturriko uraren zurrustak hausten du Azueloko (Estellerria, Nafarroa) plazako isiltasuna. Herriko karrikak mutu daude; tarteka, Kodes mendilerroko zuhaitzak dantzan jar­tzen dituen haizearen zurrunbiloak en­tzuten dira. Ordulariko orratzak gelditu egin direla dirudi, alegia, denborak ez duela aurrera egin. Alabaina, egun bakea eta lasaitasuna gailentzen diren honetan, bizilagunen solasaldiak eta haurren irriak izan ziren nagusi landa exodoa gertatu zen arte. Aldaketa horren lekuko mutua da herriaren biho­tzean kokaturiko garbilekua: modernizazioa heldu arte, emakumeen bilgunea izan zen; ostean, ahanzturaren sastraketan geratu zen zokoraturik, geroa kinka larrian zuela.
Oso bestelako jendartea zen aurreko mendekoa. Egun, teknologia nonahi ikusten dugun garai honetan, ezin dugu irudikatu gure bizimodua errazteko sortutako gailurik gabeko herria. Haatik, esan genezake aldaketa hura orain gutxi gertatu zela; izan ere, gure aitona-amonen haurtzaroa eta gaztaroa oso desberdinak izan ziren egungoekin alderatuta. Horren adibide dira etxeetako garbigailuak. Lehenengoak iritsi aurretik, plazetako garbitokietan ikuzten zituzten arropak etxe­koandreek. Ordutik hona denbora igaro den arren, garai horiek oso bizirik jarraitzen dute Azueloko bizilagun adinduenen oroitzapenean: “Garbigailurik ez genuenez, guk geuk garbitzen genuen arropa eskuz herriko garbitokian” dio Martzelina Crespok. “Oso lan gogorra zen, batez ere neguan, ura oso hotza jaisten baitzen Kodes mendilerrotik”.
Lehen eguzki-izpiekin batera ekiten zioten eguneko lanari. Arropa garbitzea ez zen batere samurra izaten, baina argi zuten zegozkien betebeharren zerrendan zegoela. “Oro har, haurrak aitona-amonekin geratzen ziren garbitzera joaten ginenean” azaldu du Crespok. Salbuespenak salbuespen, errituala beti izaten zen berdina, Maria Acedok azaldu bezala: “Belaunetan kutxa bat ipintzen genuen garbiketa egiteko: goizean, arropa garbitzen genuen lixibarekin edo xaboiarekin, eta arratsaldean, berriz, uretan eragiten genuen”. Maiz, etxean egindako xaboia erabiltzen zuten, soda kaustikoarekin eta animalien gan­tzarekin egindakoa, hain zuzen ere.
Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna nabaria zen garai hartan. Herriko seme Pedro San Emeteriok azaldu legez, gizonak herriko tabernan elkartzen ziren eta emakumeak garbilekuan. Orduak eta orduak ematen zituzten bertan: “Herriak ez zuen harreman handiegirik kanpoaldearekin; horregatik, tokiko albisteak eta txutxu-mutxuak izaten zituzten mintzagai. Finean, bizilagunak elkarrekin egoteko gunea izan zen. Garbilekuaren hormek hitz eginen balute, hamaika istorio kontatuko lizkiguketelakoan nago” dio irribarrez.
Gizarte modernoak, ostera, aro berria ekarri zuen landa eremura. Apurka-apurka, 60ko hamarraldian hasi ziren iristen etxeetara lehenengo garbigailuak. “Besoak zabalik jaso genituen” dio Martzelina Crespok. Tenore berean heldu ziren aurreneko telebistak. Ondorioz, emeki-emeki garbilekuen gainbehera hasi zen eta, horrenbestez, herritarren ahotsak bil­tzetik isiltasunera eta ahanzturara igaro ziren. Gainera, 70eko hamarraldian landa exodoa jazo zenez, bizilagun ugarik herria atzean utzi eta etorkizun oparoagoaren bila joan ziren, asko Euskal Autonomia Erkidegora. Orduan, Azueloko karrikak hutsik gelditu ziren.
Ibilaldia, herriak bizirik
Garai berriek etorkizun beltza marraztu zuten Nafarroako landa eremuko herri askotan. Azuelon, esaterako, herriko taberna itxi zuten 1975ean. Egoera ez zen batere gozoa. Hori zela-eta, tunel beltzaren amaieran argia ikusteko asmoz, Santa Engrazia Kultur Ekimenak taldea sortu zuten urte hartan, eta, harrezkero, hamaika kultur ekintza antolatu ditu, herriaren bihotzak osasuntsu jarrai dezan taupadak egiten.
Testuinguru horretan, herriko garbilekuaren egoerak okerrera egin zuen. Urteen joan-etorriek eragina izan zuten, eta harrizko hormak erori egin ziren; herritarren egarria asetzen duen iturria besterik ez zen geratu. Hil ala biziko egoera horretan, herriko seme-alabek eta lagunek osatzen duten elkartea, auzolanean, herriko ondarea zaharberritzen hasi zen, hala nola, iturriak, uharkak edota garbilekuak (lehena 2004an).
Azuelon bi garbitoki daude. Bata erdigunean dago eta 1904koa da (aurretik beste bat omen zegoen), bertan elkartzen ziren herriko emakumeak. Bestea, XII. mendekoa, Monasteriorako bidearen hasieran dago: “Jakin izan dugunaren arabera, bertatik har­tzen omen zuten ura erlijio-gizonek Erdi Aroan. Izan ere, garbilekuko gargolak eta monasterioko absideak ikur bera dute; antza, hargin berak egin zituen” dio elkarteko kide Pedro San Emeteriok. Azaldu legez, herriaren erdigunean bestea eraiki bitartean, horixe izan zen herriko garbitokia: “Oro har, plazakoan garbitzen genuen arropa, eta bestean (monasteriokoan), berriz, gaixoen arropak edota artilea” erantsi du Maria Acedok. Bigarrenari azkar hazi zitzaizkion ahanzturaren sasiak eta, urteak aurrera joan ahala, lur azpian geratu zen. 2006an, aska gainazaleratu eta zaharberritu egin zuten, egungo itxura hartu zuen arte. Horretarako, Santillana del Mar herriko garbitokia izan zuten eredu.
Ondarea zaharberritzea ez da nahikoa, hala diote Azueloko bizilagunek: “Oso erraza da iturri bat edo garbileku bat konpon­tzea, baina ondoren bizia eman behar zaio, bestela akabo”. “Oso garrantzitsua da jendeak jakitea gaur egun arte zokoratuta egon diren lekuek ere gordetzen dituztela beren istorioak” azpimarratu du Pedro San Emeteriok.
Hori dela eta, garbilekuen ibilbidea prestatzea erabaki zuten. Izan ere, azken urteotan garbilekuak zaharberritu dituzte Azuelo ondoko herri askotan. Orotara, 15 km-ko ibilbide zirkularra prestatu dute, Azuelo, Bargota, Esprontzeda eta Torralba del Rio lotuta; nahi dutenek Kodesko Aguilarrekoa ere bisita dezakete. Urtean behin elkartzen dira ibilbidea egiteko, normalean ekaineko bigarren asteburuan egiten dute: “Hiru helburu ditu ibilaldiak: gure ondare etnografikoa eta kulturala ezagutzea, kirola egitea eta herritarren arteko harremana bultzatzea” laburbildu du San Emeteriok. Halere, nahi dutenak urteko edozein egunetan gertura daitezke ibilbidea egitera eta bertako ondarearekin eta paisaia ederrekin gozatzera.
Alimaleko lana egiten ari dira Kodes mendilerroaren magaleko bizilagunak. Garbitokien ibilbidearekin batera, eskualdeko uharken eta iturrien ibilbideak ere egin dituzte. Esaerak dioen bezala, “gaurko izerdia, biharko ogia”;dagoeneko jaso dituzte ogi asko, hogei bat sari eman baitizkiete egiten ari diren lana aitortzeko, besteak beste, Estellerritik, Nafarroako Gobernutik edota Kuwaitik (Arabia). Beste atsotitz batek dioen moduan “ezina, ekinez egina” denez, eskualde honetako herrien arima ez da itzaliko, bizilagunen ahaleginari esker. Herritarrak dira herrien sugarren hauspoa.