“Topiko hitzak konnotazio txar samarra dauka, eta ez dauka zertan”

plazaola

Jon Plazaola

Arte Ederretako ikasle eta Urretxu eta Zumarragako Urola taldeko futbolari izana, bakarlari, aktore, gidoilari, aurkezle… ezagutu dugu Jon Plazaola (Urretxu, 1982). ETBko hainbat saiotako aurkezlea, ordea, Espainiako Antena 3 kateko Allí abajo telesailari esker bihurtu da ospetsu Espainiako estatu osoan, pare bat hilabetean. Nola eta Sevillan (Andaluzia) Iñaki izeneko euskaldunaren papera jokatuta. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Jon Plazaola oso ezaguna egin da orain, baina lehen ez al zen Jhonny Platz?
Bai, oraindik ere eusten diot izen horri. Fakultatean Plaza esaten zidaten, abizena laburtuta. Berlinera Erasmus bekarekin joan zen lagun bat, alemanez plaza platz esaten denez, hala deitzen hasi zitzaidan. Jhonny ere nonbaitetik atera zen eta, izenak sonoritate polita zeukanez, horrekin geratu nintzen. Batzuetan jarraitzen dut erabiltzen, Facebooken, bakarrizketetan... Halere, telesail hau sortu zenean, gurasoek emandako abizenak ondo mantentzea pentsatu eta Plazaolarekin geratu nintzen.
Gaztetxeetatik eta ETBtik Antena 3eko azken telesail famatuenera, oso denbora laburrean. Jauzi ikaragarria?
Duela urtebete iritsi zitzaidan casting batera joateko aukera. Egin nuen, baina aukera horretan gehiegi sinetsi gabe. Halere, pozik geratu nintzen, lasai, banuelako proiektua ETB1erako. Bat-batean, aukeratu egin ninduten. Dezenteko sustoa hartu nuen, niretzat mundu hura erabat ezezaguna zelako, ur handitan igeri egitea; baina ezin nintzen probatu gabe geratu, joan izan banintz zer gertatuko ote zen neure buruari galdezka. Igerilekura bota­tzea erabaki nuen, hau pentsatuta: urik ez badago, igoko gara berriro eskaileratik; eta ura badago, igeri egingo dugu. Ura egotea suertatu eta igeri egin dugu. Jauzi handia izan da, batez ere hedabideen oihartzunagatik. Lanean ikusi dut ezberdintasunak egon badaudela, azken batean mundu honetan diruak agintzen duelako; dirua jartzen den tokian, normalean, baliabideak hobeak izaten dira. Horrek ez du esan nahi beti jende hobea egotea, baina oso talde ona tokatu zaigu eta jauzia nahiko eramangarria izan da. Polita izan da lankide horiekin ibiltzea, denek babestu naute asko. Asko lagundu didate eta, ondorioz, jauzi hori prozesu normal samarra izan da.
Lehen Interneten “Jon Plazaola” sartu eta tenorra agertzen zen...
Bai, Astigarragakoa! Jarri gara harremanetan; izan ere, berak Twitter kontuan Jon Plazaola dauka ipinita, eta niretzako zorion agurrak jasotzen ditu. Beraz, nirekin jarri zen harremanetan esateko jende pilo batek idazten zuela kontu horretara, ea zer gertatzen zen. Opera kantaria denez, geratu gara egunen batean joango garela bera ikustera.
Nola daramazu estatu mailako ospea?
Booma izan da niretzat, bi hilabete eta erdiko kontua izan da. Batez beste ia lau milioi eta erdi lagunek ikusi dute telesailaren kapitulu bakoitza. Jende hori kalean ibiltzen da eta ezagutu egiten gaitu. Lehen, Euskal Herriko herri oso euskaldunetan baino ez ninduten ezagutzen, ETB1eko aurpegia ginelako. Orain, berriz, edozein tokitan. Egia esan, oso ondo eramaten da, polita da eta jendea begirunez etortzen da. Horrela jarraitzen badu, oso eramangarria izango da.
Aurkitu duzu Andaluzian euskaldunok telesailekoak bezalakoak garela uste duen jendea?
Errespetua topatu dut, andaluziarrek begirune handia digute, eta guk ere gauza bera erakutsi diegu. Guk uste baino antzekotasun gehiago dauzkagu: denoi gustatzen zaigu intentsitatez bizitzea, jaia kalera ateratzea... eta atsegin dugu kanpotik datorren jendea hartu eta geure egitea, gure lagunartean sartu eta erakustea gure ohiturak nondik datozen, gure kultura zergatik den horrelakoa... Gu komedia bat egiten ari gara eta esajerazioz jokatzen dugu, baina egia da, halaber, telesailak eraku­tsitako andaluziarren zein euskaldunen irudiak baino benetako pertsona esajeratuagoak ikusi izan ditudala, han nahiz hemen. Esaten den bezala, errealitateak fikzioa gainditzen du.
Lehen Ocho apellidos vascos filma, orain Allí abajo telesaila... Euskaldunok modan jar­tzen ari gara estatuan?
Badirudi komediaren barruan azpigenero bat sortu dela, talka (zentzu onean) kulturalak erakusteko. Estatu mailan horrelako bat egin behar bada, euskaldunok eta andaluziarrek nortasun nahiko sendoa dugu, komediarako ezaugarri dezente. Ez da kasualitatea aipatutako filmak zein gure telesailak euskaldunon eta andaluziarren arteko talka erakustea. Ez dut uste berdin gertatuko litzatekeenik, adibidez, Galiziako eta Extremadurako pertsonaiekin, horiek gutxietsi gabe, jakina. Nire ustez, andaluziarra eta euskalduna ondo konpontzen diren muturretako bi nortasun dira. Normala da, era berean, garai bateko egoera sozial eta politikoaren ondoren, sortzaileek ideia bertsuak edukitzea. Uste dut telesail honen egitasmoa filma atera baino lehen zegoela idatzita, baina haren arrakastaren harira animatu zen Antena 3 gureari jarraipena ematera.
Egoera politiko lasaiagoak izan al du zerikusirik?
Eredu argia dago alde horretatik: ¡Vaya semanita! Sortzailea pertsona bera da, Oscar Terol. Oker ez banago, saio hura izan zen gure gatazkari buruzko umorea egiten saiatu eta lortu zuen lehenengoa. Su-eten egoerak harrera ona izaten lagundu zion. Telesail honekin an­tzeko zerbait gertatzen da: egoerak lagundu egiten du estatuko jendeak euskalduna beste prisma batetik ikus dezan, nahiz eta ez daukan zertan hala izan.
Orain, berriz, Ocho apellidos catalanes. Formula agortu egingo da...
Bai, litekeena da. Duela urte batzuk, Pa negre filmaren garaian, ematen zuen zinema espainiarrean gerraondoari buruzko filmik egin ezean, ez zegoela ezer. Orain, ostera, ematen du azpigenero honi tokatu zaiola... Bai, moda da azken finean. Honi ere tokatuko zaio bukaera izatea. Guk bat-batean olatua topatu dugu eta, ahal den bitartean, aprobetxatu egingo dugu. Gero gure esku egongo da erakustea beste zerbaitetarako ere kapazak garela, lanean segitzeko.
Topikoetan oinarritutako umoreak arrakasta edukitzea ez al da etsigarria?
Topiko hitzak konnotazio txar samarra dauka, eta ez dauka zertan. Topikoak topiko dira, komikotasun tresna bat. Ondo erabiliz gero, beste edozein bezain baliagarria. Gaizki erabiltzen bada, aldiz, beste gauza batzuk bezala, etsigarria bihur daiteke. Dena den, badakigu industria honek nola funtzionatzen duen: formula arrakastatsu bat topatzen denean, zuku guzti-guztia ateratzen zaio. Ez dakit garai batean hala izaten zen, baina hori da joera gaur egun: zerbait guztiz ustiatu eta agortzen denean, hura baztertu eta beste zerbaiten bila joatea. Dena den, egunero jasotzen ditugun mezuak-eta ikusita, badirudi jendea buelta ematen ari zaiola topikoen kontu horri. Uler­tzen ari da topikoa positiboa izan daitekeela eta hortik umorea atera daitekeela.
Publikoa errazkerian erortzen ari da?
Ez dakit... Gaur egun presaka bizi gara, gauzak hasi eta bukatu egiten dira, oso azkar. Baliteke jendea errazkerian erortzea, galdu edo aspertzea gauza sakonagoekin, pentsa­tzera bultzatzen dutenekin... Zinema beste kontu bat da, artearekin zerikusi handiagoa du eta hor hobeto kabitzen dira gauza sakonagoak, zinema delako gaur egun mantentzen den errito gutxietako bat: jendea sartzen da kutxa ilun batean eta gauza bati begira egoten da bi orduz. Telebista beste modu batez ikusten da: arinagoa da, sukaldean ari zaren bitartean ikus dezakezu, bat-batean publizitatea sartzen dizute eta pixa egitera joaten zara, edo katea aldatzen duzu. Telebistak ikuslearen arreta piztu behar du, eta harrapatu. Beraz, nire ustez, errazkeria baino, dinamikotasuna da ikusten dena, baina horrek errazkeria ere ekar dezake.
Umorea serio hartzeko kontua dela esan ohi da, zer pentsatua eman behar duela...
Bai, neuri gustatzen zait umoreak zer pentsatua ekartzea, mezu bat izatea. Garai bateko satira, ironia eta denuntzia sozialarekin oso estu lotutako umore estiloa asko gusta­tzen zait. Egin izan ditudan bakarrizketatan, edo film laburren batean, beti saiatu izan naiz hortik jotzen. Mezu horiek, ordea, harrera ona edo txarra izan dezakete, ez direlako hain errazak publiko zabalarentzat. Eta produktu batengatik dirua jartzen duenak oso publiko zabalarengana iritsi nahi du: umeak, gaztetxoak, gazteak, gurasoak, edadetuak... denak. Publiko zabal horrengana zuzendu behar zarenean, azkenean ez dago besterik: umore zuri samarra edo unibertsalagoa egitea. Denuntzian-eta sartuz gero, batez ere telebistan, publiko zati bat galduko duzu, eta dirua jartzen duenak ez du hori nahi. Aldiz, zineman, bakarrizketatan, aldizkarietan, komikietan... aukera gehiago dago publiko minoritarioagoarengana jo eta nahi den mezua zabaltzeko.
Telebista eta futbola dira orain herriaren opioa?
Aspalditik dator hori, futbola erlijioa bezalakoa da. Niri gero eta gehiago gustatzen zait futbola arbitroak lehen txistua jotzen duenetik azken txistura arteko tartean, jokoa bera. Nik erregionalean jokatu izan dut, hor da futbola benetako futbol. Atzean dauden negoziazioak, diru banaketak, babesleak... gero eta ilunagoak iruditzen zaizkit, gero eta gutxiago interesatzen zaizkit. Jokoa gustatzen zait, partidak ikustea. Telebista eta futbola oso lotuta daude gaur egun, ez dakit zenbat iraungo duen burbuila horrek, baina arrisku handia dauka eta ez dio kirolari on handirik egiten. Jendeak 3. mailako eta erregionaleko zelaietara joan beharko luke benetako futbola ikustera. Dena den, beste mila gauza daude, adibidez, gogor sartzen ari den apustuen mundua. Opio asko dauka herriak, gehiegi.
Lehen, jendaurreko umorea bertsolariek lantzen zuten batez ere; orain, euskaraz aritzen zareten bakarlariok euskararen normalizazioan ari zarete?
Guk inportatu egin genuen, Ingalaterratik-eta, kanpoan sortutako umore mota bat. Euskaraz egitea oso positiboa eta garrantzitsua da, umore mota horrek ez daukalako mugarik, edozein hizkuntzatan hitz egin diezaiokezu publikoari. Ez dakit beharrezkoa den bakarrizketak egitea, baina jendea ohitzen ari da eredu horretara. Dena den, ez da arlo horretan bakarrik gertatzen. Euskal Herrian, 80ko hamarkadan ematen zuen inportatutako musika mota bat besterik ez zegoela, punka; horren aurretik, euskal abeslariak baino ez. Orain, berriz, rapa, soula eta beste hainbat estilo lantzen dira euskaraz. Aniztasunean dago funtsa, eta edozein arte-adierazpen euskaraz egotea oso albiste ona da guretzat.
Barre egiteko ere merezi du euskara ikastea. Zer beste arrazoirengatik?
Denagatik! Eta ez euskara bakarrik, edozein hizkuntza jakitea aberastasun pertsonalaren ezaugarria da. Nik, ahalko banu, hementxe jeinu bat agertuko balitz lanpara eta guzti, eskatuko nioke munduko hizkuntza guztiak jakitea. Zenbat eta hizkun­tza gehiago jakin, orduan eta aberatsagoak izango gara, orduan eta erraztasun handiagoa izango dugu gehiago ikasteko. Gainera, euskara ikastea, hemen bizita, jakin-minaren sinonimoa da; eta jakin-mina, askotan, inteligentziaren baliokidea. Kuriositatea izanda, bizitzatik gauza asko aprobetxatzen dira, zuku gehiago ateratzen zaio.

KOLKOTIK

Zer izan nahi zenuen txikitan? Futbolaria. Rock talde bat? Black Sabbath. Aktore bat? Santi Ugalde eta Maribel Salas. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Denok garela zoriontsuak. Sagardoa, txakolina ala finoa? Sagardoa. Zerk ematen dizu amorrua? Ia ezerk ere ez, amorruak ez du ezertan laguntzen. Eta zerk eragiten dizu barre? Ia guztiak, denagatik egin behar dugu barre, muga errespetuan dago. Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Ni neu! Futbolean, Sevilla ala Betis? Cádiz, 2.B mailakoa. Hemengo zeren falta nabaritzen duzu Andaluzian? Gertuko jendearena. Afalostean, txiste kontaketan ala kantuan? Ufa! Txiste kontaketan, kantuan oso-oso txarra naiz-eta!