Asier Altunaren 'Amama' Zinemaldiko Sail Ofizialean

amama

Aurten ere euskarazko film bat izango da Donostiako Nazioarteko Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko lehian: Amama, Asier Altunak bakarka zuzendutako fikziozko lehen film luzea. Euskara beste lan batean ere entzun ahal izango da, Ben Sharrock eskoziarrak Euskal Herrian filmaturiko Pikadero komedia erromantikoan, hain zuzen ere. Euskara eta gaztelania tartekatzen ditu, eta Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da. Era berean, Euskaraz Bizi Nahi Dut Film Laburren Lehiaketan parte hartu duten lanik onenak eskainiko dituzte Zinemaldian. Bestalde, Euskal Herrian ekoitzitako filmekin osaturiko Zinemira sailean, besteak beste, zortzi lan aurkeztuko dituzte. Irailaren 18tik 26ra izango da Donostiako 63. Zinemaldia, ohi den legez eskaintza ugari eta askotarikoarekin. Betiko sailez gain, bi atzerabegirako izanen dira aurten: Japoniako zinema independente berriari eskainiko zaio bata eta Merian Caldwell Cooper (1983-1973) eta Ernest Beaumont Schoedsack (1893- 1979) zinemagile estatubatuarren lanari bestea.


kredituaKREDITUA izeneko antzezlana estreinatuko du Tanttaka Teatroak irailean. Banketxera kreditua eskatzera joan eta ezezkoa jaso ostean, bankuko zuzendariaren eta kreditu eskatzailearen artean sorturiko egoerak ditu ardatz Jordi Galceranek idatziriko komedia dramatikoak. Aitziber Garmendiak euskaratu du testua, eta Fernando Bernuesek zuzendu. Bankuko zuzendariaren rola Joseba Apaolazak jokatuko du, eta Zuhaitz Gurrutxaga izango da kreditua eskatu duen gizona. Irailaren 10ean aurkeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean eta 13ra arte izanen da ikusgai bertan. Ondoren, hainbat lekutan eskainiko dute; besteak beste, urriaren 2an Elorrion, 9an Tolosan, 16an Andoainen eta 29tik 31ra Bilboko Arriagan.

 

 

LABURREAN

AURREKO LANETAN umorea landu ostean, komediatik urrunduko da Tartean Teatroa antzerki konpainia Zergatik, Jamil? lan berrian. Patxo Telleriak eta Jokin Oregik zuzendutako lanak thrillerraren estiloari helduko dio. Gazte batek kolpe baten ondorioz memoria galdu ondoren, berak zaintzen zuen elbarritua tiroz hil duela jakingo du. Abiapuntu hori du Telleriak berak idatzi eta Mikel Martinez eta Eneko Sagardoyk gorpuztuko duten lanak. Urriaren 16an izango da estreinaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean. Hurrengo egunean ere, 17an, leku berean emango dute. Ondoren, hainbat lekutan ikusi ahal izango da, hala nola, abenduaren 5ean Berrizen, urtarrilaren 8an Lekeition, 10ean Arrasaten eta 17an Errenterian.

TELEBISTAN zein irratian egiten diren adierazpenen hizkuntza tratamendua arautu du EITBk eta, horrenbestez, elkarrizketatuen hizkuntza hautua errespetatzea izango du irizpide nagusi. Ondorioz, ­EITBren gaztelaniazko katean eta irratietan (ETB2, Radio Euskadi eta Radio Vitoria) euskarazko adierazpenak bere horretan agertuko dira, informazioa azpidatziekin eta kazetarien azalpenekin osatuko baitute. Uztailean jakinarazi zuen erabakia EITBk, euskal gizartearen aspaldiko eskaerari erantzuna emate aldera. Hain juxtu, ETB2n euskaraz egiteko hautua egin zuten kirol eta kultur arloko hainbat pertsona ezagunek apirilean eskatu zioten EITBri euren erabakia aintzat hartzeko.