The Man from U.N.C.L.E.

uncle

Zuzendaria: Guy Ritchie. Aktoreak: Henry Cavill, Armie Hammer, Alicia Vikander, Elizabeth Debicki, Hugh Grant, Luca Calvani. AEB, 2015.

Istorioa: 60ko hamarkadan, Gerra Hotza bete-betean dela, Napoleon Solo CIAko agente sekretuak eta Illya Kuryakin KGBkoak elkarlanean jardun beharko dute gaizkile talde bati aurre egiteko. Aipatu hamarraldiko telesail batean oinarrituriko filma da.
Zuzendaria: Filmak zuzentzen hasi zenean, estilo berezko eta biziko ale nabarmen eta dibertigarriak utzi zizkigun Ritchiek, bakanak izan arren; esaterako, Lock & Stock (1998) eta, batez ere, Snatch (2000) gogoangarria. Harrezkeroztik ezaugarri horiei eutsi badie ere, ez du ondu maila bereko lanik. Oraingoan ere, zuzendariaren ukitua agerikoa izanagatik, joerak bere horretan darrai.
Txarrena: Espioiak eta akzioa umore tantekin. Formula egokia izan daiteke tartetxo atsegina igarotzeko, are gehiago udan ikuskizun saileko eskaintza nolakoa izaten den kontuan hartuta. Alde horretatik ez da lan kaskarra, baina sekulakoa ere ez. Lan komertzial txukuna da, nahiz eta bi morrosko protagonisten espresio erakustaldia krispeten artean topa daitezkeen lehertu gabeko arto ale hagin-apurtzaileen antzekoa izan: gogorra baino, zurruna.
Onena: Ritchieren trebezia musika aukeratu eta filma girotzeko baliatzeko.
Eñaut Mitxelena