PAM taldearen 'Hurrengoan bai' diskoa, kaleratzear

pam

Puto Amoak Matematikatan-ek disko berria dakar: Hurrengoan bai. 2013ko 5! lanean bezala, askatasun handiz jokatu du, hamaika kantuei estilo mugarik ezarri gabe. Taldeak dioenez, disko honek urrunago darama aurrekoan hasitako esplorazioa, elementu berriak gehituta: sintetizadoreak eta teklatuak, hirugarren ahotsa... Emaitza: rock klasiko eta glam kutsukotik new wave ukituko pop kantuetarainoko bilduma. Badira, gainera, indie estiloko elementuak gehi­tzen dituzten abestiak, baita punk-rockeroak ere, beraz, kantu batek ez du aurrekoa gogorarazten. Letretan ere, jokabide bera: maitasuna, gizakiaren izaera eta osotasuna, harremanak, bakardadea, gobernua...  Diskoa kaleratzeko, crowdfunding kanpaina erabili du PAMek. Irailaren 26an aurkeztuko du Ermuan (Bizkaia), eta aipatu ekimenean parte hartutakoek dohainik izango dute sarrera. Kontzertu bikoitza izango da: lehen zatian, disko berri osoa eskainiko du laukoteak; bigarrenean, berriz, bere ibilbideko kantuen eta bertsioen aukeraketa.


lainTXIMELETAK du izena Lain taldearen disko berriak, hirugarrenak. Villabonan orain dela zazpi urte osatu zen talde gazteak eskarmentua hartu eta garatu egin dela adierazten du lanaren izenburuak, beldarraren metamorfosia gertatu dela, alegia. Izan ere, Lain-ek rock esparrurantz jo du, doinu bizi eta gogorragoak erabili eta abesti kementsuagoak sortuta. Hala ere, ezaugarri garrantzi­tsua duten melodia ez dute galdu eta, ondorioz, antzematen dira aurreko garaiko uneak, trantsiziozko kantuak ere badirelako disko berrian. Hainbat laguntzaile izan dute Tximeletak osa­tzeko: Natalia Garmendia (ahotsa), Jon Arruabarrena (saxoa), Felipe Murillo (biolina), Nerea Lasaga (biolontxeloa) eta Xabier B. Leturia (perkusioa). 

maskarakMASKARAK
Skasti
Oihuka, 2015

Banda gipuzkoarrak aurten 10 urte bete arren, oso talde gaztea da. Kideak elkarrekin hazi dira, eta ametsak elkarbanatzen dituzte. Gaztetasun horri dagozkion lengoaia eta komunikazio moduak erabilita, proposamen heldu, iradokitzaile eta garaikidea osatu dute. Rockaren alderik eraginkorrenean kokaturik, denboraren poderioz bederatzi musikariz osaturiko talde orekatu bezain koloretsua antolatu dute. Orain aurkeztu dute luzera handiko beraien lehen diskoa: funky aparta, lehen mailako dance musika eta rock telurikoa, dotorezia handiz uztartuak. Emaitza zuzen eta bizia, une samurrak eta intimoak gordetzen dituena.

kalakanELEMENTUAK
Kalakan
Txalap.art, 2015

Taldearen bigarren diskoan hamalau pieza daude: instrumentalak, ahots hutsekoak, euskal kantu handienen irakurketa berriak zein pieza originalak, guztiak ere sinpletasunaren eta funtsaren bila. Madonnarekin egindako biraren ondoren, oinarrietara itzul­tzea deliberatu zuen taldeak, bere nortasuna berriz topatu eta bere elementuekin bat egiteko, bere burua eta publikoa traditu gabe. Hala, tradizionala edo modernoa izan, bertakoa edo kanpokoa, musika eta harmoniaren zerbitzura ezarri dira elementuok: ahotsen harmonia, publikoarekiko harmonia eta norbere buruarekikoa.