Erraldoia

etzazuakaEtzazuaka
Akauzazte
Arto Artian 2015

Lan erraldoia plazaratu du Akauzazte Azkoitiko taldeak Etzazuaka honekin (ez begiratu hiztegian, taldearen izena alderantziz irakurrita baino ez da). Erraldoia luzea, zabala eta sakona delako: hamabost abesti, nahiko luzeak gehienak, binilo bikoitzaren lau aldeetan barreiatuta (Iparra, Hegoa, Ekia eta Mendea dira aldeen izenburuak). Erraldoia, erditze prozesua ere luzea eta nekosoa izan delako; lau urtez egindako lanaren emaitza da diskoa, eta 2011tik 2014ra grabatutako abestiak biltzen ditu. Erraldoia, batez ere, edukiagatik: aspalditik ez genuen topatzen disko bakar batean hainbeste ideia, hainbeste proposamen interesgarri, hainbeste soinu eta iradokizun. Ez gara ari Euskal Herrian argitaraturiko diskoez soilki. Ez nuke jakingo definitzen: musika industrialaz hitz egin genezake, tribalismoaz, psikodeliaz, trantzea eragin dezaketen doinu hipnotiko eta haluzinatuez... hurbilduko ginateke hemen dagoenera, baina ez genuke oso-osorik atzemango. Ez da entzunaldi samurra;harrapatzen bazaitu, ordea, ez zaitu askatuko.

Gotzon Hermosilla