'Txanpaina, mesedez', Oier Santosen bigarren nobela

santos

Liburuari izenburua ematen dion esaldi horrek berebiziko garrantzia du eleberriaren bi planoetako batean, hori entzuteak goitik behera aldatuko baitu Ane emakume protagonistaren bizitza. Beste protagonista Markel Aizpurua ertzainburua da, Aneren bikotekidea. Beste plano batean kontatzen dira haren lan eta kezkak. Bi planoak bukaeran baino ez dira elkartuko, irakurlea “ustekabean” harrapatuko duen amaieran, idazlearen esanetan. Oier Santosen bigarren eleberria (Erein) ez da berez genero beltzekoa, baina badu tankera; izan ere, euskal gizartea BETA talde terrorista berriaren mehatxupean ageri da, eta ikerketa bat dago martxan. Hasieran, hainbat auto berdez margotuta agertuko dira hirian. Ematen du protesta modu bat dela. Gero, lehergailu bat zentral termiko batean, albiste aldrebestuak hedabideetan, prentsarekin borroka… Fukushimako istripua gertatu ondorengo garaian dago kokatuta nobela, Donostia inguruan.


ilustratuBARRUKOA (Edo!) du izena Eider Eibarrek (Zorno­tza, 1980) argitaratu duen irudiz osatutako liburuak. Aurrez, haur literaturako liburuetarako marrazkiak egiten aritu da, beste idazle batzuek sortutako kontakizunetako testuak ilustratzen. Orain, ordea, irudi hutsez sortu du bere istorioa, testurik gabe, buruan zituen irudiak hari narratibo batez lotuta. Istorioa bidaia bat da, barrura begirako miaketa: neskato bat ageri da lehendabiziko orrialdeetan, eta bere gurditxoko arkatz eta margoekin lurra marrazten hasiko da. Halako batean, ezustean, burua sartuko du bere marrazkietan. Ez, baina, ezkutatzeko asmoz, arakatzeko intentzioz baizik. Burua sartzearekin batera, eroriko bat izango du. Xehetasunez beteriko ilustrazioen bidez kontatzen da neskatoak han barrutik irteteko egingo duen bidea.

hilakHILAK GURE ARTEAN
Anuntxi Arana
Elkar, 2015

Heriotza bukaera dela nekez onartzen da, ezin irudikatu nola igarotzen den izatetik ez izatera. Hilen bilakaerak bizien gogoa arduratzen du, maiz igartzen da haien itzala, batez ere mitologian. Kondairak mintzo dira alderrai dabiltzan arima herratuez, edozein unetan hurbil daitezkeelako zenduak; edo bestela, data zehatz batzuetan, ospe handiko jaietan. Jai horiez egiten diren interpretazio en­tzutetsuenetan ahantziak izaten direnez, haien presentzia gogorarazi nahi du liburu honek.

 

ordainaORDAINA
Philip K. Dick
Itzulpena: Aritz Gorrotxategi
Meettok, 2015

Philip K. Dicken narrazioen bilduma da hau. Dickek harribitxi ugari idatzi zituen ipuingintzaren generoan. Horietako hamaika biltzen dira hemen, kronologikoki ordenatuta, Dicken estiloa eta bilakaera hurbilagotik eta zehaztasun handiagoz hautemateko. Hitzaurrea egin dio Iban Zaldua idazleak: “Ez dut uste Thomas Pynchon, David Foster Wallace, Don DeLillo edo Jonathan Lethemena bezalako obrak, Dickenetik urrun egonda ere, guztiz uler daitezkeenik Dick aurretiaz existitu izana kontuan hartu gabe”.