Potoak ez, petoak

bertsozale

Inoizko onena, maila paregabea, hunkigarria... Esan beharreko guztiak esan dira 2013ko Bertsolari Txapelketaz, ia denak hitz onak. Guk Maialen Lujanbiok agurreko bertsoan botatakoei erreparatu diegu: Zorionak, Amets, bazendun / hainbeste merezimendu / bertsolari, lagun bikain / nola ez txapela kendu? / Petoa traje nazional / izendatuko bagendu / borondatea da hemen / herrigintzaren zimendu / baina borondate hutsez / ez gera konformatzen gu / behar dira egitura / laguntza eta sostengu. / Bertso-eskolak nahi ditut / eskertu eta omendu / bertso gailur guztien / oinarrizko kanpamendu. Bai BECeko finalean, bai txapelketa osoan, euskalgintzan eta, oro har, herrigintzan ezinbesteko direnak gogoan izan eta eskerrak eman zizkien Lujanbiok: boluntarioei alegia. Eguneroko nahiz aparteko jardunean, oinarrizko habe izan ohi da euren lana, eta merezitako aitortza jaso zuten. Aitortza eta eskaria, askotan bestelako gabeziak estali behar izaten baititu haien lanak alor gehienetan. Akaso, hiztegian hitz berria sartzeko eskatu beharko zaio Euskaltzaindiari:
petogintza. borondatea, esfortzua, prestutasuna eta burugogorkeria batzen dituen euskal tradizioa.