Lorea Gernika, andrazko bat

andrazkoKoldo Izagirre
Susa, 2015

C2 maila

“Lorea Gernika: sorgina da eta ezkutu samarreko ahalak ditu, suak ez du hautsiko, urak ez du eramanen, berak bestek ez dakiena daki, belagilea da, hegan egin lezake lanbroan barna noranahi”. Nonahi agertuko baitzaigu protagonista; izan daiteke Biarritzen, hala Elizondon, nola Deustuan. Izan ere, berrogeita hamar bat kontakizunetan dago zatituta Koldo Izagirreren azken lana, eta han edo hemen agertuko da Lorea Gernika, hango eta hemengo hizkeretara moldatuta.
Lorea Gernika ez da sorgina, edo izan liteke, inkisizioak akabatutako emakume haiei so eginez gero: bazterreko feminitatea irudikatzen du, arauzkoa denari muzin egiten baitio, pertsonaiaren ikuspegi eta pentsamolde ez-derrigorrez-arrosa gailentzen delako 151 orrialdeetan barrena. Halere, gizarte heteropatriarkal honetan gizonek duten nagusitasuna azalaraziko da, bai eta protagonistak hegemonia horren aurrean duen jarrera, esan dezakegu morea, ere.
Idazkera oso poetikoz blaitu ditu Koldo Izagirrek liburuaren orri guztiak, ironiaz, galderez eta hausnarketa txikiez beteriko orri horiek. Irakurketa geldoa eskatzen du, idazleak irakurketari bultzaka jardun behar izan barik taxutu duelako batzuetan ipuin autonomoak ere izan daitezkeen atalez jositako narratiba lana.

Alaitz Andreu