Hiztegi Fraseologikoa paratu du sarean Labayru fundazioak

labayru

Gaztelaniazko esamolde eta lokuzioak euskaratzean, hitzez hitzezko itzulpenak ez dira baliagarriak izaten eskuarki. Horrenbestez, sarritan zalantza ugari piztu ohi dira halakoak itzultzeko garaian. Labayru fundazioak abian ipinitako Hiztegi Fraseologikoari esker, gaztelaniazko esamoldeei erraz topa dakieke euskarazko ordaina, burruntzalia sartzeko beldurrik gabe. Izan ere, idatzizko tradizioa, ahozko ondarea eta Labayruk landutako berezko testu literarioak oinarri, gaztelaniazko lokuziorik ezagunenak jaso dituzte hiztegian, haien euskarazko ordainekin batera. Orotara, 3.500 lokuziotik gora biltzen ditu, eta 18.000 euskal ordain. Aurrerago, gainera, euskaratik gaztelaniarako bertsioa ere gehituko zaio, hiztegiaren corpusa etengabe berritzeko asmoa baitu Labayru fundazioak. Idatziz lan egiten dutenei ez ezik hiztun arruntei ere zuzendutako hiztegia http://hiztegia.labayru.eus/ gunean topa eta erabil daiteke, Labayru hiztegiarekin batera, hain juxtu.


klittoUDA HASIERATIK martxan da Klitto! atari digitala (http://klitto.com/), feminismoaren inguruko aldizkari digital euskalduna. Webgunean bertan zehazten denez, “atari digitalaren oinarri, bide eta helburua feminismoa da”. Hots, albiste, elkarrizketa, erreportaje, iritzi artikulu eta bestelako kolaborazioen bidez, feminismoari loturiko gaiak lantzen dituzte, beti ere ikuspuntu feministatik jorratuta eta euskaraz. Feminismoaren gainean euskaraz arituko den gune espezializatu baten falta “nabaria” dela iritzita, gabezia horri erantzun nahi izan diote webgunearen sortzaileek. Era berean, ikusgarritasun eta irisgarritasun handiagoa eman nahi diote feminismoari. Irati Urkiolak, Ana Iruretagoyenak eta Malen Aldalurrek sortu dute, baina edukiak lantzeko orduan kolaboratzaile sare zabalagoak parte hartzen du.

LABURREAN

HIZKUNTZA kontsultarako baliabide ugari eskaintzen dituen Euskalbar erremintak bertsio berria du, hainbat berritasunekin. Nagusia da bilaketa kutxan iradokizunak erakusten dituela orain, instalaturiko ortografia egiaztatzaileak erabilita. Horrez gain, hiztegi berriak gehitu dizkiote Euskalbar 4.2.1i: Hobelex, Euskal Klasikoen Corpusa, Zientzia Corpusa eta beste. Era berean, zenbait hiztegi ere zuzendu dituzte, hala nola, UZEIrenak, Berriaren estilo liburua edota Labayruren hiztegia. Bertsio berria Mozillaren gehigarrien (https://addons.mozilla.org/eu/firefox/) webgunean dago eskuragarri.

APPLE etxeak bere produktuak euskara ditzan eskatzeko, 27.000 sinaduratik gora batu ditu uda honetan Iparra.net webgunearen arduradun Xabier Martinek. Change.org gunearen bidez bildu ditu sinadurak eta dagoeneko Appleri igorri dizkio. Martinen ekimena ez da mota honetako lehena izan, lehendik ere egin izan baitira saiakerak. Esaterako, duela zenbait urte Appleren sistema eragilea itzuli zuten, doan, hainbat euskaltzalek, baina Applek ez zuen lan hura aintzat hartu. Appleren eran­tzunari itxaron beharko diogu oraingoan bestelako jarrera agertuko duen jakiteko.