Errudun bila

Duela hil batzuk, munduko auto elektrikorik ospetsuenak egiten dituen Tesla etxeak iragarpen txundigarria egin zuen: software eguneraketa sinple batek autobidean gidaririk gabe ibiltzeko ahalmena eman behar zien bere autoei. Horrez gain, autoa aparkatuta dagoen lekutik jabea dagoen lekura ere automatikoki iris liteke software berri horrekin, 80ko hamarkadako auto fantastikoa bezalaxe.
Adimen artifiziala, batez ere automobilgintzari aplikatutakoa, oso aurreratuta omen dago teknikoki, eta, dirudienez, gaur-gaurkoz ez dago eragozpen teknikorik gure autoak ordenagailuek gidatzeko autobidean goazenean (herri eta hirietan zailagoa omen da kontua, ezusteko handiagoak daudelako: espaloitik non-nahi irteten diren oinezkoak, txirrindulariak, baloi galduak...).
Alabaina, hori horrela bada, zergatik ari da atzeratzen Tesla mundu osoaren arreta piztu zuen software eguneraketa horiek argitara­tzeko? Badirudi teknika ez bestelako arazoak sortu direla azken asteotan: txikiak, lehen begiratuan, baina oso konplexuak.
Pentsa: 120ko abiaduran zoaz autobidetik, autoa pilotu automatikoan daramazula, eta, dena delakoagatik, istripu bat izan eta beste auto bat jo duzu. Beste autoko gidaria eta zu ondo zaudete, baina makinek kalte larriak jasan dituzte eta errepideko material ugari ere hondatu egin da istripuaren ondorioz.
Hortxe arazo itxuraz txikia: noren errua izan da istripua eta, beraz, nork du eragindako kalteen erantzukizuna? Orain arte, eran­tzuna argia zen: istripua eragin duen autoaren gidariak. Baina... gidari hori software aplikazio bat bada? Norena da aplikazioak egiten duenaren erantzukizuna? AEBetako aseguru etxeen ustez, softwarea diseinatu duenarena izan beharko luke, hots, Teslarena berarena. Horrek, noski, atzerakoa eragin dio automobilgintzako enpresari eta horregatik atzeratzen ari da eguneraketa famatua. Korapiloa argitu arte, Teslak dio erantzukizuna, orain arte bezalaxe, autoaren jabearena dela... Halere, kontuak zalantza asko piztu ditu. Horrenbeste ezen, arazoak ekiditeko, beste autoak automatikoki aurreratzeko funtzioa ere aldatu egin duen, azken erabakia gidariarena izan dadin beti. Eztabaida oso-oso interesgarria iruditzen zait, batez ere pentsatzekoa delako aurrerantzean arlo gehiagotan ere errepikatuko dela: ebakun­tzetan akatsak egiten dituzten zirujau-robotak, umeak txarto hezten dituzten irakasle-robotak... Nork hartu behar du bere gain gailu horien erroreen erantzukizuna? Batik bat, nork ordainduko du haien asegurua?

Loturak, estekak, linkak...

http://ttiki.com/340842
Xehetasun gehiago Teslak aurreikusita zeukan software eguneraketaren gainean.

http://ttiki.com/340843 (ingelesez)
Googleren auto autonomoek ere izan dituzte istripuak, ez pentsa.

http://ttiki.com/340844 (gazteleraz)
Teslak murrizketak egin ditu bere automatismoetan, azken erabakia gidariarena izan dadin beti.