Izenik gabeko loreak

aitziberAitziber Garmendia

Landare guztiak hil egiten zaizkit. Esku epelen artean gordetako izotz koxkorrak balira bezala desegiten dira nire ondoan. Kezka­tzen hasia naiz, lotsaren eta injustiziaren arteko sentimendua daramat barruan. Zergatik hiltzen dira? Ustez, ondo zaintzen ditut: ura botatzen diet (ez gehiegi, ezta gutxiegi ere), eguzki-itzal-tenperatura ekuazioaren orekari eusten saiatzen naiz, mimoak egiten dizkiet... eta, gutxien uste dudanean, Viagra kaxa batek ere altxatuko ez lukeen txorten zimel bat topatzen dut loreontzian. Zezen plaza baten erdian biluzik utzitako amona zimur baten antzera, triste, lotsatuta eta burumakur.
Bi landare oparitu berri dizkidate: bata orkidea zoragarria, zuria eta oparoa (oraindik); bestea... izena ez dut gogoratzen, arrosa kolorekoak dira loreak, eta hosto berde borobilak ditu. Kakalarriak jota nago dagoeneko, zenbat iraungo ote dute nire etxean, orkideari begiratu diot, hain polita, hain altua eta hain... hauskorra. Delikatuegia nire eskuetarako. Nola iraungo dit bizirik orkidea batek, kaktusak ere hil egiten zaizkit eta! Unibertsitate garaian erosi nuen kaktus bat, itsusia; Rosi de Palmaren modukoa zen, begiratzen zenion lekutik begiratuta ere itsusi-itsusia zen. Halere, bi urte iraun zuen gure etxean!
Ez dakit hil egiten diren edota neronek akabatzen ditudan, baina zin degizuet ez dudala fede txarrez egiten. Energia txarra transmitituko diet, agian? Ez dakit zer den, baina gaurkoan aitorpena egiteko beharra sentitu dut. Bi landare errugabe etxean sartu direnean, gogoa sartu zait norbaiti nire krimenak azaltzeko, eta hementxe ari natzaizue, goizeko ordu txikietan konfesatokian. Saiatuko naiz, noski, neure onena ematen eta Blanka eta Rosa Mari aurrera ateratzen. Bai, bataiatu egin ditut: orkidea zuriak Blanka izena du eta zer den ez dakidan lore arrosa horrek Rosa Mari. Orain artekoak izenik ez zutelako hiltzen ziren, beharbada? Hori izango da; izan ere, izenik gabekoak, sinadurarik gabekoak, ahaztu egiten dira. Gosez, egarriz, hotzez edota tristuraz hiltzen dira. Begira, horixe da jendarte honen gaitzik handiena.