Giza eskubideak

errefuxatuInoiz baino errefuxiatu eta iheslari gehiago daude munduan

Gerren, gatazken edota jazarpenen ondorioz, geroz eta jende gehiago bizi da jatorrizko bizilekutik at. Zehazki, 59,5 milioi lagun, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez. Inoiz neurtutako kopururik handiena da hori, UNHCR-ren arabera. Marka tristea, eta etengabe gorantz doana: 2004an, 37,5 milioi errefuxiatu zenbatu zituen; 2013an, 51,2 milioi; eta 2014an, ia 60 milioi. Gehienak herrialde barneko iheslariak dira: 38,2 milioi lagun (iaz 33,3 izan ziren). Datuok, gainera, ez dute ifrentzu baikorrik. UNHCR-k zehaztu duenez, iragan urtean 126.800 errefuxiatu euren jatorrizko herrialdeetara itzuli ahal izan ziren. Azken 31 urteotan izandako kopururik txikiena da hori. Errefuxiatu eta iheslari gehien eragin dituzten gatazka eta herrialdeak ere ezagutarazi dituzte. Hala, arreta berezia eskaini diote Siriari. Izan ere, 2011n Sirian gerra hasi zenetik, herrialde horrek eragin du iheslari gehien. Siriaren ostean, Afganistan eta Somalia dira errefuxiatu gehienen sorlekua. Kopurua ez ezik, errefuxiatuen egoera ere salatu du UNHCR-k. Luze jotzen ari diren gatazkek, esaterako, iraupen luzeko errefuxiatu bilakatu dituzte milioika pertsona, gizartetik at egoera kaskarrean bizitzera behartuta. Era berean, ihes egin beharrak munduko hainbat lekutan eragindako  tragediak ere salatu ditu, Mediterraneo itsasoan hildako milaka pertsonak, kasu.