Osasuna

wc1,6 milioi lagunek ez dute bainugelarik AEB-etan

Gizakion gutxieneko higiene baldintzak bete eta bizi kalitatea hobetzeko, ezinbestekoa da komun egokiak edukitzea. Hots, ur hornidura izatea, ur zikinak bideratzeko beharrezko azpiegitura edukitzea eta, finean, eguneroko libratzeak egiteko beharrezko osagaiak izatea. Komunak edukitzea, alegia. Halaxe gogorarazi ohi dute oinarrizko giza eskubideen alde eta pobreziaren aurka lan egiten duten munduko hainbat erakundek. Herrialde txirotuetan, oso eskasak dira mota horretako azpiegiturak eta horrek zuzeneko eragina du gaixotasun askoren hedapenean eta herrialde askotako heriotza tasa handietan. Bada, munduko herrialderik aberatsena omen denean, AEBetan, badute zer hobetu. Erroldaren Bulegoak eginiko inkesta batek erakutsi duenez, 630.000 etxe­tan ez dute behar bezalako komunik: dutxarik ez, edo ur hornidura egokirik ez, edo komuna falta... AEBetako etxe bakoitzean batez beste 2,6 lagun bizi direla kontuan hartuta, egoera horretan 1,6 milioi lagun bizi direla ondorioztatu dute inkesta egileek. American Community Survey izeneko galdetegia urtero egin ohi dute 3,5 milioi biztanleren artean. Lan kontuak eta biztanleen egoera sozioekonomikoari loturikoak izan ohi ditu aztergai. Oinarrizko higiene azpiegiturei dagokienez, datu deigarriak ez ezik, bestelako informazio esanguratsuak ere jaso ditu azkenekoak. Izan ere, landa eremuetan eta indigenen erreserbetan dago nagusiki komun egokien gabezia. Hots, historikoki, indigenen kasuan batez ere, guztiz baztertuak izan diren komunitateetan. Inkesten emaitzetan oinarrituta, diru laguntzak banatu ohi dituzte AEBetako hainbat erakundek. Hortaz, pentsa liteke hobetu egingo dutela agerian geraturiko errealitatea, baina, AEBetan komunitate baztertuekiko izan duten jarrera kontuan hartuta, komunak ipini ala ez aferak ustel usain berbera izaten jarraituko du askoren irudiko...