Europarra da

paia

Gabriel Aresti Segurola, euskal olerkaritzaren izen handia ez ezik, bada XX. mendeko Iberiar penintsulako poesia sozialaren bultzatzaile handienetarikoa ere, Emilio Celso Ferreiro eta Salvador Espriurekin batera. Poesiaren mailua harrizko euskal herritarren pentsamolde zurrunak lantzeko baliatu zuen, eta egun oraindik eztabaidagai dira hark hitz neurtuetan emandako danbateko ugari. Euskara batuaren laborategi ibiltaria izan zitekeen bilbotar harenak dira hitz hauek, esaterako: “Cierra los ojos suave / Meabe / pestaña contra pestaña, / solo es español, Meabe / quien sabe / las cuatro lenguas de España”. Zenbat espainol ote daude Espainian orduan? Eta, are gehiago, Arestik Tomas Meabe durangarrari zuzendutako bertso-lerroetan adieraziari jarraiki, espainiar batek galegoa, euskara, katalana eta gaztelania jakin behar baditu, zer hizkuntza jakin behar ditu europar batek? Erantzuna ez da erraza: batzuek esango dute aski dela norberaren estatuko hizkuntza nagusia eta ingelesa jakitea; beste askok frantsesari emango diote piramidearen puntako leku hori; izango da hizkuntza hegemoniko pare baten derrigorrezkotasuna aldarrikatuko duenik… baina, halako erantzun saltsan, inor akordatzen ote da euskararekin? Errusiatik Portugalerako oihan basatian, pentsatzekoa da gurea bezalako hizkuntza txikiak nekez iraungo duela, pixkanaka-pixkanaka ele soil bat nagusituko dela kontinente osoan. Zorionez, gizakiak ikasi du zein ondorio ankerrak dituen ekosistema hondatzeak, eta gaurko txikienen desagerpena biharko handiagoen galbidea dela. Nola lortu, ordea, arrain handiak txikia ez jatea, bakoitzak dagokion tokia izatea? Helburua ezin izan liteke hiztun elebakarretan gora egitea, eleaniztunen aukeretan tokian tokiko mintzoaren kupoa bermatzea baizik: Italiako iparraldean friulieraren erabilera sustatu beharko da, Frantziako mendebaldean bretoierarena eta gurean euskararena. Etorkizuneko europarrek tokiko, estatuko eta estatuaz gaindiko ele bana hitz egingo dute, gutxienez… eta bada denek konpartituko duten hizkuntza bat, Europako mintzaira: itzulpena.

Xabi Paia