Moda

bikiniEguzkitan gehiegi egoteaz ohartarazten duen bikinia sortu dute

Erredurak eta gaixotasun larriagoak saihesteko, eguzkia neurrian hartu behar da. Tentuz eta larruazala babesteko eguzkitako kremak beldurrik gabe erabiliz. Mediku eta adituek etengabe errepikatzen dituzte aholkuok. Haatik, asko dira, nahita ala nahi gabe, eguzkipean nahikoa babesten ez direnak. Bada, Spinali Design enpresak sorturiko bikiniak ezin egokiagoak izan daitezke aholkuak betetzea ahazten zaien eguzkizaleentzat, izan ere, eguzkipean denbora gehiegi eramateaz gaztigatzen dute bikiniok. Bikiniak sentsore bat du, gorputzak jasotzen dituen izpi ultramoreen eragina neurtzeko. Bikinia jantzita daramanaren sakelakora konektatua dago sentsorea. Hala, larruazalak izpi ultramore gehiegi jaso dituela sumatzen duenean, bikinia jantzita duenari oharra bidaltzen dio segapotora. Mezua jasotakoan, itza­letara joateko edota eguzkitako krema gehiago emateko unea dela jakingo du erabiltzaileak. Aplikazio baten bidez, gainera, bikiniaren jabeak hainbat datu zehatz ditzake. Esaterako, norberaren larruazalaren gaitasuna eguzki izpiak jasotzeko edota zer-nolako beltzaran-kolorea lortu nahi den. Oraingoz, zazpi modelo sortu dituzte eta Internet bidez eskura daitezke, 149 euroren truke.