Bide segurtasuna

samsungIstripuak saihesteko, pantailadun kamioiak

Kamioiak aurreratzea arriskutsua izan daiteke, batez ere bi noranzko errepideetan. Kontrako norabidea garbi dagoela egiaztatzeko, adibidez, ia ikuspenik ez dute izaten gidariek. Halako egoerak ekiditeko, Safety Truck (Kamioi Segurua) izeneko egitasmoa garatzen ari da Samsung enpresa. Ideia, berez, sinplea da: kamioiak haririk gabeko kamera bat du aurrealdean, kontrako noranzkoan datorren zirkulazioa ikusteko. Kamioiaren atzealdean ipinitako pantaila erraldoi batera igortzen ditu irudi horiek; ondorioz, kamioiaren atzean doazen auto gidariek unean-unean jakin dezakete zer datorkien kontrako bidetik. Horrela, arriskurik ez dagoenean aurreratu ahal izango dute kamioia. Gainera, pantaila argitasun egoera ezberdinetara egokitzen denez, gauez ere erabil daiteke. Oraingoz, Argentinako errepideetan egin dituzte lehen probak. Izan ere, bi noranzko errepideak ugariak dira herrialdean, eta istripu kopurua ere oso handia da. Alabaina, zalantzak ere eragin ditu egitasmoak: teknologiaren kostua, legeek halakorik onartuko ote duten, pantailei begira gidariek ez ote duten arreta galduko... Nolanahi ere, enpresako arduradunak pozik agertu dira esperientziarekin, biziak salbatzeko balioko duelakoan.