Paris

pontMaitasunari giltzarrapo gehiagorik ez

Ekainaren hasietarik, Parisko Ponts des Arts zubia garbi da giltzarrapoz. Duela urtebete harturiko erabakia gauzatzeko, kandaduz jositako barandak kendu zituzten ekainaren hasieran Parisko Udaleko langileek. Segurtasuna kontuan hartuta jokatu du horrela Udalak. Barandek harturiko pisuaren eraginez, bikoteen maitasuna irudikatzeko moda hutsala zena ekintza arriskutsua bilakatu zen: giltzarrapoen gehiegizko pisuak zubiaren egitura kalte zezakeen. Gainera, barandaren zati bat jausi zen iaz. Garbiketa lanek berretsi egin dute arriskua. Orotara, 700.000 eta milioi bat giltzarrapo artean kendu dituzte, 45 tonako pisua, hain zuzen. Udal agintariek jakinarazi dutenez, ez dituzte botako, eta giltzarrapo horiek guztiak berrerabiltzeko moduak aztertuko dituzte. Bien bitartean, zubian eskudel berriak ipiniko dituzte. Hori bai, beirazko taulak izango dira, berriz ere giltzarrapoak jartzen hasteko tentazio oro saihestearren. Era berean, Parisko beste zenbait lekutan ipinitakoak ere kenduko ditu Udalak, Ponts des Artsetik beste zubi askotara hedatuta baitzegoen moda azkenaldian. Balizko arrisku materialak ekiditeko ez ezik, ea maitasunaren gaineko gogoeta eragiteko ere balio duen erabakiak. Izan ere, maitasuna giltzarrapo itxiekin irudikatuta, non geratzen da norbanakoen askatasuna maitatzeko eta maitatuak izateko?