Nork esaten du agurrak tristeak direla?

albisteakAmaitu da ikasturtea. AEKren udako eskaintzaren lekukoa hartuko dutenen zain, ikasgelak hutsik utzi dituzte ikasleek. Ikaskideak eta irakasleak agurtu eta, ikasitakoa mingainean, ate joka diren oporrak hasteko sasoia iritsi zaie. Hori bai: agurretan, malko gutxi AEKn. Batetik, ikasle askok jarraituko dutelako euskalduntzen datorren ikasturtean. Bestetik, ikasturteari agur esateko modu aski atseginak dituztelako euskaltegiek. Horren adibiderik ez da falta: Oarsoaldeko AEK-k, esaterako, barnetegitxoa antolatu zuen Lekeition. Asteburu ederra igaro zuten Errenteria-Oreretako Xenpelar, Pasaiako Txirrita, Oiartzungo Intxixu eta Lezoko Oroitzene AEK-ko ikasle eta irakasleek, Lekeitio ez ezik, Ondarroako hainbat txoko ere ezagututa: Lekeitioko itsasargia, Ondarroako Arraun Elkartearen egoitza eta arrain lonja... Bisitaldiez gain, jolaserako, ibilaldia egiteko eta parrandaz gozatzeko tartea izan zuten, baita kirola egiteko ere. Izan ere, izan zen kanoan eta stand up paddle delakoan ibiltzera ausartu zenik.
Bilboko Indautxu AEK euskaltegikoek ere Bizkaiko kostaldea hautatu zuten asteburu pasa egiteko, eta Urdaibaira jo zuten: itsasadarra itsasontziz ezagutu, Gaztelugatxera bisita egin, Busturian Basajaunaren Ibilbidea egin... Asteburu ederra, ikasleak “errepikatzeko gogoz” utzi zituena.
Urtero errepikatzen dute Bilboko AEK-koek Ikasleen Jaia. Aurten, ekainaren 11n ospatu zuten. Goizean, photocall-etik pasa ostean, Bilborocken batu ziren: Berbaditza diktaketa egin zuten lehenik, Iñaki Irasizabal idazlearen laguntzarekin, eta, gosariaren ostean, Ez dok hiru taldearen Desentxufatuak lana ikusteko aukera izan zuten. Arratsaldean, aldiz, kalejiran eta Zortziak bat jokoan aritu ziren Zazpi Kaleetan, giro onean lehian. Korrika materialaren eta Errigoraren produktuen zozketak ere ez ziren falta izan.
Astigarragako AEK-k ere izan du zer ospatu. Urteroko hitzorduari eutsita, Gurasolagun eta Mintzalagun egitasmoetako partaideak omentzeko ekitaldi bana egin zuten ekainean. Gurasolagunei askari ederra eskaini eta haurrentzako jolasak antolatuta zituzten; eta euskara praktikatzeko urte osoan bildu direnei omenaldia eskaini zieten.
Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak, aldiz, barrez agurtu du ikasturtea. Beste ekintza askoren artean, Ordiziako Udalarekin batera antolaturiko XXIV. Euskarazko Txiste eta Pasadizo Idatzien Lehiaketako sariak banatu zituzten. Horrez gain, txiste irabazleak ere entzun ahal izan zituzten Ordiziako Barrena jauregira bertaratutakoek. Txisteok ezagutu nahi? Jo http://goiztiri.blogspot.com.es/ gunera fite!