Lekeitio

antzarakAntzara jokoan animalia artifizialak erabiltzea aztertzen ari dira

Lekeitioko San Antolin jaietako Antzara Egunean benetako antzarak erabiltzen jarraitu ala ez aztertzen ari da Lekeitioko Udala. Horretarako, iritzia eskatu diete Antzara Egunean parte hartzen duten taldeei. Abenduan talde eta koadrila horien ustea jaso ostean, udaberrian jakinaraziko ditu Udalak galdeketaren emaitzak. Iazko antzara jokoan, altxaldi gutxitan hautsi ziren antzarak, eta horrek ikuskizuna pobretu zuela-eta, zer egin aztertzen ari da Udala. Egun, aldez aurretik hildako antzarak erabiltzen dituzte, baina jaiaren antolatzaileen arabera geroz eta antzara haztegi gutxiago daudenez, urtetik urtera arazo gehiago dituzte animalia horiek eskuratzeko. Gainera, bestelako arrazoiak ere badira tartean. Esaterako, animalien eskubideen aldeko talde eta elkarteek ere aspalditik eskatu izan dute benetako animaliak artifizialekin ordezkatzeko. Inkestaren emaitzen arabera, hemendik aurrera bigarren aukera horri helduko liokete. Nolanahi ere, lehendik ere erabili izan dira antzara artifizialak. Gaiker-IK4 gune teknologikoak Antzartek izeneko antzara artifiziala sortu zuen 2005ean, hegazti gripea hedatua zegoen garaian. Antzartek hurrengo bi urteetan erabili zuten. Lehenbizikoan, ez zuten sendotasun handiegirik erakutsi, baina 2007an, zenbait hobekuntza tarteko, emaitza hobeak eman zituzten. Lekeitiarrek hartzen duten erabakiaren arabera, Antzartek Lekeitioko uretara itzuliko da, beharbada.